euskaraespañol

Hortz-inplanteak, bakterioen kontra egiteko eta hezurrean integratzea bultzatzeko gai

Hortz-inplanteetarako estaldura berezi batzuk sortu dituzte UPV/EHUn, inplantazioa arrakastatsua izateko beharrezko ezaugarriak izan ditzaten

  • Ikerketa

Lehenengo argitaratze data: 2016/12/23

Irudia

Ahoko infekzioak jotzen dira, gaur egun, hortz-inplanteek huts egitearen eragile nagusitzat. UPV/EHUko ikerketa batean hortz-inplanteetarako sortutako estaldura batzuk gai dira bakterio-infekzio posibleak saihesteko, baita infekzioa ezabatzeko ere, dagoeneko sortuta badago, eta, horrez gain, hezurrean integratzea errazteko propietateak ere badituzte, inplanteak hezurrean behar bezala aingura daitezen.

Inplanteen inguruan bakterioak itsastea eta kolonizazioa gertatzea saihesteko gai diren gainazalak bilatzea "interes handiko gaia da, inondik ere, eta horren erakusgarri da zenbat argitalpen zientifiko atera diren gai horri lotuta", azaldu du Beatriz Palla UPV/EHUko Polimeroen Zientzia eta Teknologia saileko Biomaterialen taldeko ikertzaileak. Izan ere, "inplanteen % 10 inguru erauzi behar izaten da osteointegrazio-arazoak medio edo infekzioak agertzen direlako", gaineratu du.

Arazo horiei aurre egiteko estrategiak diseinatzeko orduan, kontuan izan behar da erronka bat dela titaniozko inplanteen gainazalari bakterioen aurkako propietateak ematea, eta, aldi berean, bakterio-anduiek erresistentzia handiak gara ditzaketela ohiko antibiotiko-terapien aurrean.

Horixe izan zen, hain zuzen, UPV/EHUko taldeak gainditu nahi izan zuen erronka, denbora baitarama hortz-inplanteetara bideratutako materialak garatzen. "Dagoeneko garatuta genituen inplantearen inguruan hezurra sortzea bultzatzen duten estaldura batzuk, inplanteak hezurrean ainguratzen laguntzeko. Urrats bat aurrera egin nahian, estaldura horiek bakterizida ere bihurtzen saiatu ginen", dio ikertzaileak.

Sol-gel deritzon sintesi-metodoa erabili zuten horretarako. Sol-gel sintesian, disoluzio bat (sol) prestatzen da konposatu aitzindariekin, eta, handik tarte batera, gel bihurtzen da. Gel horrekin estaltzen da titaniozko torlojua, eta berogailu batean tenperatura handiko tratamendua jasotakoan, inplantatuko den torlojuan behin betiko itsatsita gelditzen da. "Silizioa erabiltzen dugu aitzindari gisa, ikerketa askotan frogatu baita konposatu hori osteoinduktorea dela, eta, hala, lortu nahi genuen helburuetako bat bete dezakegu. Horrez gain, materialak bakterioei aurre egiteko gai izan zitezen, zenbait agente bakterizida gehitu genituen".

Hiru prototipo, haietako bat industria-sekretupean

Egindako ikerketan, hiru motatako estaldurak garatu zituen Pallak, bakterioen aurkako zenbait agente erabilita. Bakterioen infekzioei aurre egiteko mekanismo jakin bat du horietako bakoitzak: batzuek eragin profilaktikoa dute, eta bakterioak hasieran itsastea saihesten dute, eta, hala, baita ondoren infekzioa sortzea ere, eta, besteek, berriz, sortuta dagoen infekzioa ezabatzen dute.

Estaldura profilaktikoen kasuan, "degradazio-denbora oso luzeko materiala behar genuen, torlojuan denbora luzean itsatsita egon dadin, eta ahalik eta denbora gehiena eman dezan bakterioak itsastea galarazten", adierazi du Pallak. Dagoeneko sortuta dagoen infekzioei aurre egitera bideratutako estalduretan, berriz, "azkar degradatzen diren materialak behar dira, ahalik eta azkarren askatzeko bakterioen aurkako agentea eta infekzioari eraso egiteko". Azkeneko helburu horretarako sortutako estalduretako bat, gainera, "odontologia-kontsultan bertan, infekzioak hartutako torlojuan erabiltzeko diseinatu dugu, pazienteari inplantea kendu beharrik izan gabe. Patente-bidean dago material berri hori, baita industria-sekretupean ere", nabarmendu du ikertzaileak.

Emaitzei erreparatuta, Pallaren ustez, "esan daiteke sortutako estaldurak gai direla bakterioen aurka egiteko, eta ez dutela galarazten inplantea masailezurrean behar bezala integratzea". Hala ere, aitortzen du bide luzea dagoela oraindik odontologia-kontsultetan erabiltzeko moduko zerbait bihurtzeko, inoiz bihurtuko bada: "Egin beharko liratekeen entsegu guztiez gain, egokia litzateke gehixeago ikertzea, emaitzak optimizatzea lortzeko".

Informazio osagarria

Bere doktore-tesiaren barruan egin du Beatriz Palla Rubiok (Donostia, 1989) ikerketa hau. Recubrimientos antibacterianos basados en silicio para implantes dentales izan da tesiaren izenburua eta Mariló Gurruchaga Torrecilla eta Isabel Goñi Echave izan ditu zuzendari, UPV/EHUko katedradunak biak hala biak. Zenbait erakunderekin lankidetzan aritu da bere ikerketan: alde batetik, Castellóko Jaume I Unibertsitatean egin zuen ikerketaren zati bat; hain zuzen, titaniozko diskoak estaldu zituzten han, ondotik in vitro azterketa egiteko. Bestetik, Madrilgo CSICen egin zituzten in vitro entseguak zelulekin. Azkenik, Lleidako Ilerimplant SL enpresak beharrezko inplanteak eman zizkien.

 

Argazkiak: UPV/EHU.

Erreferentzia bibliografikoa