euskaraespañol

Hirugarren urtez jarraian irabazi du Martín Ortizek Olinpiada Matematikoa

Roberto Villarejo eta Erik Terres izan dira bigarren eta hirugarren sailkatuak fase autonomikoan

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2017/02/13

Irudia
Martín Ortiz. Argazkia: UPV/EHU

Hirugarren urtez jarraian, Martín Ortiz Ramírezek, Bilboko Eskolapioak ikastetxeko ikasleak, lehenengo saria erdietsi du urtarrilaren 13an UPV/EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultatean burutu den fase autonomikoan. Probetan Euskal Autonomia Erkidegoko 19 ikastetxetako 42 ikaslek hartu dute parte, 30 mutilek eta 12 neskak. Olinpiadan Batxilergoan matrikulatutako ikasleak aurkez daitezke eta, salbuespen lez, beren irakasleek bermatzen badituzte, baita DBHko  3. eta 4. mailako ikasleak ere.

Aurten, laugarrenez parte hartu du  Martín Ortizek Olinpiada Matematikoan. Parte hartu zuen lehenengo urtean, DBHko 3. maila ikasten zebilenean, bigarren sailkatu zen. Baina ordutik hona parte hartu duen edizio autonomiko guztietan irabazi du. Ortizek emaitza onak erdietsi zituen iaz fase estatalean baita ere, bigarren bukatu baitzuen han.

Beste irabazleak

Fase autonomikoko edizio honetan beste ikasle batek ere errepikatu du txapeldunen artean; hala, Roberto Villarejo Fernández, bigarren sailkatu da iaz egin zuen legez. Roberto Villarejok Bilboko Nuestra Señora del Carmen ikastetxean ikasten du. Hirugarren Bilboko Eskolapioak ikastetxeko Jorge Laka Calzada izan da.

Hiru irabazleok bigarren fasera (estatu mailakora) igaroko dira, zeina Alcalá de Henaresen (Madril) izango den, martxoaren 23tik 26ra bitartean. Bigarren fase horretan urrezko domina lortzen dutenek talde olinpikoa osatuko dute Nazioarteko 58. Matematikako Olinpiadan lehiatzeko; uztailean Río de Janeiron egingo dena. Era berean, Matematikako 32. Olinpiada Iberoamerikarrean parte hartzeko hautagaiak ere izango dira estatuko fasean lehiatzen direnak. Azken hori irailean izango da Argentinan.

Euskal Autonomia Erkidegoan, Matematikako Olinpiada Espainiako Matematika Elkarteak (RSME) antolatzen du, UPV/EHUko Matematika ataleko irakasle talde baten laguntzarekin. Espainiako Matematika Elkarteak hiru irakasle sarituko ditu, diploma batekin eta bazkide-ikaslearen urteko kuotaren ordainketarekin. Kuota honi esker, besteak beste, RSMEren "La Gaceta" aldizkaria urte betez jasoko dute.