euskaraespañol

Deba ibaiko sedimentuei lotutako metalak giza gorputzean sartzeko simulazioa egin dute

UPV/EHUko ikerketa batek aztertu du Deba ibaiko sedimentuetan dauden metalen zer ehuneko aska daitekeen digestio-traktuan

  • Ikerketa

Lehenengo argitaratze data: 2017/03/13

Irudia

UPV/EHUko Ingeniaritza Kimikoa eta Ingurumenaren Ingeniaritza Saileko ikertzaile batzuek frogatu dute ibaietako sedimentuetan dagoen metal orok ez diola zuzenean eragiten giza osasunari. Metal horien zati bat soilik sartzen da giza organismoan. Ikerketan, Deba ibaiko sedimentuetan dauden metalen bioeskuragarritasuna kalkulatu dute, sedimentu horrek gizakiaren traktu gastrointestinalean izango lituzkeen baldintzak in vitro simulatuz.

Deba ibaiaren arroa da hondakin-uren isurien eragin handiena duenetako bat, eta han metatutako sedimentu eta materia partikulatuen kutsadura da Estilita Ruiz Romera buru duen taldearen (UPV/EHUko Ur-ingurumeneko Prozesuen talde kontsolidatua) ikerketa-lerroetako bat. Jarduera-esparru horretan, metalek sedimentuan duten eskuragarritasuna, eta, beraz, toxikotasuna aztertzeko aukera ematen duten metodologiak erabiltzea oso garrantzitsua da kutsatzaile horiek ibai-ekosistemetan duten eragina ebaluatzeko.

Talde horrek egin berri duen azterketa batek ondorioztatu duenez, "sedimentuetan dagoen metal orok ez dio zuzenean eragiten giza osasunari; haien zati bat soilik sartzen da giza organismoan", azaldu du Jessica Unda Ingeniaritza Kimiko eta Ingurumen Ingeniaritza Saileko ikertzaileak. Egindako lanean, sedimentuetako metalen bioeskuragarritasuna aztertu dute ikertzaileek, hau da, metalaren zer portzentaje gera daitekeen gizakien urin gastrointestinaletan diluituta.

Ikertzaileek in vitro simulatu dute metal horiek traktu gastrointestinalean askatzea: Deba ibaiaren arroko hainbat puntutan 2011n eta 2012an hartutako sedimentu-laginak jarri dituzte urdaileko nahiz hesteetako faseei dagozkien kondizio berezietan (tenperatura, entzimak, urdaileko azidoak, etab.) Ikerketaren emaitzen arabera, "hiriko hondakin-uren isurietako eta isuri industrialetako metalak dira bioeskuragarrienak", azaldu du Undak. "Denbora-bariazioari dagokionez, ikusi dugu puntu batzuetan behera egin duela bioeskuragarritasunaren ondoriozko toxikotasun-arriskuak", 2012an Epeleko (Arrasate) araztegia martxan jarri ondoren.

Aldaketa ingurumen-direktibetan

Azterketa honetan, oinarri fisiologikoko metodoarekin eskuratutako emaitzak eta metodo kimikoekin eskuratutako beste batzuk alderatu dituzte, eta ondorioztatu dute metodo fisiologikoak "kimikoak baino emaitza altuagoak ematen dituela". Horrek pentsarazten du "traktu gastrointestinaleko kondizioen simulazio errealagoa egokiagoa dela bioeskuragarritasuna aztertzeko", adierazi du Undak. Ikertzaileek azpimarratu dute, bestalde, Europako direktibek pauso bat harago joan behar luketela, eta sedimentua gehitu behar luketela azterketa-matrize gisa. Lan honekin, sedimentuaren garrantzia azpimarratu nahi izan da, metalen garraio-bektorea baita. Edonola ere, gutxi aztertutako matrizea da". Uraren Esparru Direktibak ezartzen du arro baten kalitate ekologikoa zehazteko metalek sedimentuetan duten kontzentrazioa zehaztu behar dela, "baina ez da nahikoa arroaren toxikotasun-maila ezartzea metalen kontzentrazioaren arabera, lerro zuzenagoa ezarri behar da metal-eduki horren eta giza osasunaren artean; hori bioeskuragarritasunaren bidez egiten da", esan du Undak.

Informazio osagarria

Bilboko Ingeniaritza Eskolako Ingeniaritza Kimiko eta Ingurumen Sailean Jessica Unda Calvo (Bilbo, 1988) ingeniari kimiko eta ingurumen-ingeniaritzako ikerketako masterduna garatzen ari den doktoretza-tesiaren barruan egin da ikerketa hau. Estilita Ruiz Romera eta Miren Martínez Santos ditu tesi-zuzendari. Hau da tesiaren izenburua: Efecto de la contaminación antropogénica asociada a vertidos de aguas residuales urbanas e industriales, en la composición y actividad de las comunidades microbianas en sedimentos de la cuenca urbana del río Deba (Gipuzkoa).

Erreferentzia bibliografikoa