euskaraespañol

Allen testa baliagarria eta fidagarria den aztertu dute

UPV/EHUko gradu amaierako lan batek proposatu du asistentziako protokolo eta eskuliburuetatik ezabatzea 1929tik erabiltzen den teknika

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2017/04/12

Irudia
Oscar Romeu Bordas eta Sendoa Ballesteros Peña (ezk-esk). Argazkia: Laura Lopez. UPV/EHU

UPV/EHUko gradu amaierako lan batek auzitan jarri du Allen testa fidagarria eta baliagarria den. Allen maniobra, hain zuzen ere, larrialdi medikoetako zerbitzuetan eta zainketa intentsiboen unitateetan (ZIU) erabili ohi da, eskuko odol zirkulazioaren kalitatea iskemia arriskuarekin (odol fluxuaren falta) erlazionatzeko, eta eskuko arteria erradiala ziztatu edo kateter bat ipini aurretik egiten da beti. Erizaintzako gradudun Oscar Romeu Bordasek egin du lana, eta Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko irakasle Sendoa Ballesteros Peñak zuzendu.

Osasun langileek, eskuko arteria ziztatu edo erradio kateter bat jarri aurretik, odol zirkulazioaren kalitatea egiaztatu behar dute. Horrela, jakin daiteke ea odol fluxua falta den (iskemia), horrek konplikazio larria ekar bailezake; esaterako, eskuko ehunak hil litezke (nekrosia). Horretarako, Allen maniobra erabili ohi da. Hauxe da prozedura: ahurra goraka dagoela, eskua ukabilean ixten da. Hatzekin eta aldi berean estutzen dira arteria erradial eta kubitala eskumuturraren albo bietan, ahurrak kolore zurbila hartzen duela egiaztatzeko; gero, arteria kubitalaren gaineko presioa askatzen da, baina erradialaren gainekoa ez. Teknika horrekin, ziztada egiteak edo kateterra jartzeak nolako eragina izango duen simulatzen da, eta aztertzen da arteria kubitalak zenbateko gaitasuna daukan eskuko odol fluxu guztia bereganatzeko. 10-15 segundo igaro eta ahurra kolore normalera itzuli ez bada, esan nahi du ez dela egokia arteria erradiala ziztatzea, arrisku handia dagoelako eskuko zirkulazio albokidearen defizitak iskemia eragiteko.

El test de Allen, a examen from UPV/EHU on Vimeo.

Allen testaren teknika, Edgar Allen medikuak 1929an deskribatua aurreneko aldiz, duela ia 90 urtetik lantzen da, eta, ohikoa den arren larrialdi zerbitzuetan eta ZIUetan batez ere, sortzaileak berak ere ezin izan zuen egiaztatu testa baliagarria denik.

Ikerketa

Oscar Romeu Bordasek Allen testaren baliagarritasunari buruz orain arte ingelesez eta gaztelaniaz egin diren saiakuntza kliniko guztiak berrikusi eta aztertu ditu ikerlanean. Zehazki, sei datu basetara jo zuen (Medline, Scopus, Web of Science, EMBASE, Cochrane plus eta CINAHL), eta 14 azterlan lokalizatu. Artikulu horiek ahurreko zirkulazio albokidea ebaluatzeko Doppler ekografiarekin konparatzen dituzte Allen teknikaren emaitzak, eta arteria erradiala ziztatu osteko konplikazio iskemikoak ebaluatzen dituzte.

Analisiaren ondoren, Erizaintzako gradudunak ondorioztatu du probak ez duela erabat ziurtatzen eskuko odol zirkulazioak nolako kalitatea duen eta ez duela eragozten arteria ziztatu ostean iskemiaren bat agertzea. Gainera, gradu amaierako lanaren arabera, asistentziako protokolo eta eskuliburuetatik ken daiteke teknika hori; izan ere, mugatu egin litzake lehen aukerako beste teknika terapeutiko batzuk, kateterismo erradiala adibidez.

Erreferentzia bibliografikoa

Romeu-Bordas O, et al. Emergencias 2017;29: 126-135

http://emergencias.portalsemes.org/descargar/validez-y-fiabilidad-del-test-modificado-de-allen-una-revisin-sistemtica-y-metanlisis/