euskaraespañol

Komunikazio oztopoak ezabatuz

UPV/EHUk eskaintzen duen zeinu hizkuntzako ikastaroak ezgaitasuna ikustarazten du eta pertsona gorren egoeraren inguruan sentsibilizatzen du

  • Erreportajeak

Lehenengo argitaratze data: 2017/04/28

UPV/EHUk hiru campusetan zeinu hizkuntzako ikastaro bana antolatu du

Bigarren lauhileko honetan, UPV/EHUk hiru campusetan zeinu hizkuntzako ikastaro bana antolatu du, eta deialdiaren arrakastak aurreikuspenak gainditu ditu: 60 plazak-20 campuseko- bete dira, eta itxaron zerrendan ere asko geratu dira. Ainhoa Ruiz de Anguloren klase batera joan gara. Irakasle gor horrek ikastaroa ematen du Bizkaiko eta Arabako campusetan, eta Aitor Bedialauneta, hura ere gorra, Gipuzkoako Campuseko ikastaroko irakaslea da.

Bere bizitzan zehar Ainhoa Ruiz de Angulo oztopo askori eta audismoari aurre egin behar izan die. Audismoa da pertsona gorrek jasotzen duten diskriminazioa. Behin, bera eta bere familia (aita, ama eta neba, denak gorrak) Kanariar irletarako opor bidaia bat ez egiteko zorian egon ziren, entzuten zuen pertsona baten gainbegiratzerik ez zeukatelako. Bidaia horretan ere ez zieten larrialdi atearen ondoan eseri utzi.

Curso de lenguaje de signos from UPV/EHU on Vimeo.

Nekez uler daitezkeen anekdotak dira, baina jaio zenetik gor den gazte honen bizitzan behin eta berriz errepikatzen direnak. Orain, Bizkaiko Campusean berak ematen duen zeinu hizkuntzako ikastaroan parte hartzen duten UPV/EHUko ikasleekin partekatu nahi izan ditu.
Estatu espainiarrean bi zeinu hizkuntza ofizial daude aitortuta, gaztelera eta katalanera, nahiz eta, Ainhoak azaldu duenez, "Euskadin gure berezko keinuak ditugun ere".

Hizkuntza honek bi zeinu mota hartzen ditu barne: alde batetik, abezedarioaren hizkiei dagozkien zeinuak, aurkezpenetan erabiliak gehienbat, hau da, izenen kasuan. Eta, bestetik, kontzeptuei dagozkien zeinuak. Ikastaroan parte hartzen dutenek abezedarioaren hizkiei dagozkien zeinuak eta oinarrizko eta ohiko zenbait kontzeptu ikasten dituzte. Hizkuntza hau menderatzea ezinezkoa da, ordea, iraupen honetako ikastaro batean. Ainhoak dioenez, xedea ez da akatsik gabe hitz egin dezaten, "pertsona gorren egoeraren inguruan sentsibilizatzea eta beren gizarteratzea erraztea baino", komunikazio oztopoekin bukatuko duten solasaldi errazak mantentzeko gai diren eragileen bidez.

Garazi, Cristina eta Julene zeinu hizkuntzako ikastarora asteartero eta ostegunero bertaratzen diren ikasletako hiru dira. Gizarte Hezkuntza graduko ikasleak dira hiruak eta, besteak beste, ikaskuntza hau etorkizunean erabilgarri suertatuko zaiela oso argi dute. "Lanpostu bat lortzeko nire aukerak areagotuko ditu", adierazi du Garazik. Nabaria da Gizarte Hezkuntza edo Irakasle ikasketak bezalako karrerek harreman estuagoa dutela gorrak diren pertsonekin baina Leioa-Erandio gunean ematen den zeinu hizkuntzako ikastaroa jarraitzen duten 20 ikasleen artean beste gradu batzuetako ikasleak daude ere: Matematika, Erizaintza, Biologia, etab.

UPV/EHUn

Unibertsitatean ere oztopo ezberdinak daude eta Ainhoak oso ondo ezagutzen ditu, bere Gizarte Langintza diplomatura UPV/EHUn egin baitzuen eta Gizarte eta Hezkuntzako Eremuen Ikerketa Unibertsitate Masterra ikasten ari baita egun. "Nire kasuan, zorte handia izan nuen eta ulermen oso ona izatea lortu nuen nire interpretearekin; elkar ulertzeko zeinuak adostu genituen eta horrexegatik da hain garrantzitsua interprete berdina karrera osoan zehar mantentzea. Ikasturte erdian interpretea aldatzeak berriz hasieratik hastea dakar eta oso zaila da", aldarrikatu du.

Egun, ezgaitasunen bat duten 282 ikasle daude UPV/EHUn matrikulatuta. Ezgaitasunak dituzten Pertsonentzako Zerbitzuak bere beharrei erantzuteko eta beren integrazioa errazteko ardura du. Eta beste jardueren artean, sentsibilizazio ikastaro hauek antolatzen ditu Euskal Gorrak elkartearen laguntzarekin. Aipatu ikastaroen xedea da pertsona gorren eta komunitate gorraren ezaugarriak ezagutaraztea, entzuteko gaitasuna urratua duten ikasleek aurrean dituzten komunikazio oztopoak identifikatzea eta aurreiritzien ondorioz eraikitzen ditugun hesiekin bukatzea, parte-hartze eta harreman maila handiagoa ahalbidetzea ezberdinak diren bi komunitateren artean: entzuteko gaitasuna duenaren eta gorra denaren artean eta gizarteratzeak ezgaitasuna duten pertsonentzat eta beren inguruarentzat duen garrantzia ezagutaraztea.

Etorkizuneko erronkei dagokienean, aniztasunaren arretari dagokion esparruan UPV/EHUn "erantzun eraginkorrak eman behar dizkiegu ezgaitasunen bat duten pertsonei eta, horretarako, ikasle bakoitzaren ezgaitasun gradua eta maila eta ikasten ari diren gradua aintzat hartu beharra dago. Bi aldagai horiek aztertu behar ditugu ikasle bakoitzaren beharrak identifikatu eta egokiro esku hartu ahal izateko", adierazi du Ezgaitasunak dituzten Pertsonentzako Zerbitzuko Ane Amondarainek.

"Gure ustez, aurreiritzi ugari dago ezgaitasunaren inguruan; egoera hori unibertsitatean azalaraztea eta sentsibilizazio jarduerak eskaintzea eman beharreko pausoetako bi dira aurrera egin ahal izateko", nabarmendu du Amondarainek.