euskaraespañol

Punta Begoñako zeramikak, galerietako maiatzeko erakusketako protagonista

Lehenengo argitaratze data: 2017/05/04

Irudia

Nondik datoz Punta Begoñako zeramikak? Nolako dekorazio estiloa dute? Nola fabrikatu ziren? Besteak beste galdera horiei erantzungo zaie maiatzeko bisitetan.

Aurten, bisita gidatuen formatu berri bat estreinatuko dute: ibilbide gidatuaz gain, erakusketak jarriko dituzte hilero, proiektua aurrera nola doan azaltzeko. Orain, maiatzaren 4tik 30era, sakonago aztertu ahal izango dira galerien elementu apaingarrietako batzuk: zeramikak. Hain zuzen, zeramikak nondik datozen, nola osatuta dauden eta zein koloretakoak diren azalduko da; horretarako, galerien apaingarriak osatzen dituzten zeramikazko elementuak deskribatuko dira, eta nola fabrikatu ziren erakutsiko. Horrez gain, zeramikak analizatzeko erabili diren teknikak eta zeramika bakoitzetik ateratzen diren datuak azalduko dira.

Formatu berri honekin, UPV/EHU lantzen ari den ikerketen berri jasoko da bisita gidatuetan, hilero aldatuko diren elementu dinamiko eta dibulgaziozkoen bitartez. Horrela, modu bisual eta erakargarriago batean islatu ahal izango dira lanen emaitzak. Apirilean, galerien azpiko flysch motako labarra izan zen erakusketaren gai nagusia, eta orain, maiatzean, gehiago jakin ahal izango dugu galeriak apaintzen dituzten zeramika deigarriei buruz.

Bisita gidatuetan parte hartzeko, izena eman behar da aurretik Getxoko Udalaren webgunean edo Getxoko Turismo Bulegoaren telefono zenbakira deituta (94 491 08 00). Bisitak 50 minutukoak dira.

Jatorri sevillarreko zeramikak

Punta Begoñako zeramikak nondik datozen jakiteko, UPV/EHUko ikertzaileek egindako analisi kimikoen emaitzak beste ekoizpen ezagun batzuetatik datozenekin konparatu dira –Sevillakoekin eta Bartzelonakoekin, esaterako–, eta ikusi da Punta Begoñako zeramikak Sevillan egindakoak direla.

Punta Begoñako zeramikek erakusten dute jabeak erosteko ahalmen handia zuela; gainera, ez da kasualitatea zeramika hauek garai hartako leku esanguratsu batzuetan egotea, hala nola Bilboko Café Iruñan. Granadako Alhambrako motibo nasrietan oinarritutako dekorazio estiloa daukate; gainera, galerietako lauza elementuetako asko hasieran bezala daude –goiko eta beheko erremateekin eta goiko eta beheko zerrenda apaingarri edo frisoekin–, eta bisita gidatuetan ikus daitezke.