euskaraespañol

Euskadi Lan Txostenak ohartarazi du Euskadiko helduen % 44 inaktiboak direla

44 urteko luzaroko emakume langabeak geldirik daude langabezian

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2017/05/04

Irudia

Sara de la Rica UPV/EHUko irakasle eta ikertzaileak zuzenduriko 2017ko lehen hiruhilekoko Euskadi Lan Txostenak ohartarazi duenez, Euskadiko helduen % 44 inaktiboak dira. "Epe laburrera begira, bereziki kezkatuta gaude enplegu falta dela eta; epe ertainera, berriz, gure gizartean langile gutxiegi egongo da ezinbestean etorriko den zahartze arazoa dela eta. Euskadiko 100 heldutik 44 inaktibo egotea kezkatzeko moduko datua da", azaldu du Sara de la Rica Ekonomia eta Enpresa Fakultateko katedradunak.

2017ko lehen hiruhilekoko txostenak erakusten duenez, azken 12 hilabeteetan 16 urtetik gorako 8.300 heldu gehiago egon dira, 2.325 landun gutxiago eta 17.175 langabe gutxiago. Dena dela, txostenak gehien nabarmentzen duen datua beste 20.000 inaktiboren gorakada "kezkagarria" da. "Azken 12 hilabeteotan, Euskadiko langabezia inaktibitatearen gorakadagatik murriztu da, eta ez enpleguaren gorakadagatik", ohartarazi du De la Ricak.

De la Ricaren lanaren arabera, baliteke pertsona inaktiboen gorakada hori lau faktore hauek eragin izana: "(i) Biztanleak zahartuz doazenez, gero eta pertsona gutxiago sartzen dira helduen kolektibora, eta gero eta gehiagok jotzen dute inaktibitatera, erretiratzeko adinean sartzen direlako; (ii) hala landunek nola langabeek aurrez erretiratzeko edo aurre-erretiroa hartzeko erabakia har dezakete; (iii) langabe batzuek, etsita, lana bilatzeari uzten diote; (iv) azkenik, lehendik lanean edo lanik gabe zeuden pertsona batzuek inaktibitatera jotzen dute erabaki pertsonalak edo/eta familiakoak direla eta", zehaztu du.

De la Ricaren ustetan, "herritarrak lan merkatuarekin gehiago lotuko dituzten" neurrien bitartez egin behar zaio aurre egoera horri. Hain zuzen ere, neurriotako askok "harreman malguak" ezartzen dituzte enpleguarekin, hala ikasketak amaitzear dituzten gazteentzat nola "egunean ordu batzuk lan egin nahi duten 65 urtetik gorakoentzat", edota lan egin nahiko luketen baina laneko bizitza eta familiakoa uztartzeko zailtasuna dela-eta inaktibo egotera "behartuta" dauden beste kolektibo batzuentzat. 

Txostenak dioenez, gainera, langabeen kolektiboan zertxobait areagotu da emakumeen intzidentzia: 2016ko lehenengo hiruhilekoan % 47,8koa zen, eta hiruhileko honetan, berriz, % 52koa. "Gorakada hori garrantzitsua da, eta, gainera, emakumeek langabeen kolektiboan presentzia handiagoa dute Euskadin Espainiako gainerako eskualdeetan baino. Euskadiko enpleguan industria indarra hartuz joateak eragina izan lezake datu horretan, industriaren sektoreko enpleguak guztiz maskulinizatuta daudelako. Labur esanda, 44 urtetik gorako luzaroko emakume langabeak, ziur asko, gero eta gehiago dira langabeen kolektiboan, eta, gainera, zailtasun handiagoak dituzte lana topatzeko", esan du De la Ricak.

Txostenak erakutsi du, halaber, industria lehengoratzen ari dela, enplegu egonkorragoak daudela eta lanaldia areagotu dela

Bestalde, datu positibo gisa, txostenak dio Euskadiko langabezia % 12tik beherakoa dela; zehazki, % 11,8koa. Horrela, EAEk, Nafarroa eta Errioxarekin batera, langabezia tasa apalenetakoak ditu. Gainera, Euskadik ehuneko puntu bat gutxitu du langabezia tasa 12 hilabete hauetan, industria lehengoratzen ari delako hein handi batean; izan ere, industriaren sektoreak 100 landunetik 23 enplegatzen ditu jada, eta, horrez gain, enplegu egonkorragoa eta lanaldi osoak eskaintzen ditu. Alabaina, "oraindik ere" zerbitzuen sektoreak sortzen du enplegu gehien: 100 landunetik 70i ematen die lana. Euskadik, 2017ko lehen hiruhileko honetan, biztanleria aktiboaren BAI inkestaren arabera, 895.000 okupatu inguru ditu, hau da, biztanle heldu guztien % 49,26.

BAI/BJA konparazioa

2017ko lehen hiruhilekoko Euskadi Lan Txostenak, era berean, duela 10 urtetik (2007) hiruhileko bakoitzean okupatuek izandako bilakaeraren datuak erakusten ditu, hala EUSTATek egiten duen biztanleriaren jardueraren araberako BJA inkestaren informazioarekin nola INE Estatistikako Institutu Nazionalak egiten duen biztanleria aktiboaren BAI inkestaren informazioarekin. De la Ricak azaldu du beharrezkoa ikusi dutela txostenean konparazio hori gehitzea, hiruhileko batetik bestera kontraesanak agertzen direlako BAIren datuak BJAIren datuekin aurrez aurre jartzean."Bi iturrien artean noizean behin desadostasunak sortzen dira, lagin desberdinak erabiltzen dituztelako, baina, hori alde batera utzita, iturri biek joera oso antzekoa erakusten dute: enpleguak pixka bat behera egin zuen 2008tik 2011ra, bizkorrago egin zuen behera 2014ra arte, eta ordutik aurrera pixkanaka lehengoratzen hasi da. Bi inkestek erakusten dute 100.000 lan inguru lehengoratu behar direla krisiaren aurretik genituen enplegu mailak berriro lortzeko", esan du.