euskaraespañol

Euskal Herriko gizonezkoen % 70 duela 4.500 urte bizi izan zen arbaso batengandik dator

Ehunekoa % 40ra jaisten da gizonezko espainiar eta portugesen kasuan

  • Ikerketa

Lehenengo argitaratze data: 2017/09/26

Pompeu Fabra Unibertsitateko (UPF) eta Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateko ikertzaileek egindako azterketa Scientific Reports aldizkarian argitaratu da eta Iberiar penintsulako eta Frantziako ia 3.000 gizonen ADN laginetan oinarritzen da. Aurkikuntzak aplikazioak izan ditzake giza migrazioen azterketan, kasu kriminalen identifikazio genetikoan eta genealogian ere.

Gizonezkoen genoma osoaren % 1 baino ez da, baina gizonak anatomikoki gizon izatearen erantzulea da. Y kromosoma, fetuan obarioak sortzea eragotzi eta testikuluen garapena ahalbidetzen duena, aitengandik semeengana baino ez da transmititzen. Bilakaeraren ikuspegitik, ezaugarri horren bidez kromosomaren aldaeren arrastoak bila daiteke, eta dagoeneko ezagunak dira horietako askoren jatorria, sakabanatzea eta banaketa geografikoa. Orain, UPFko eta UPV/EHUko BIOMICs taldeko Banakotasunaren Genomikako ikertaldeko zientzialariek R1b-DF27 aldaera aztertu dute, oso ezaguna erkidego zientifikoan Iberiar penintsulan duen maiztasun handiagatik.

Iberiar penintsulako eta Frantziako ia 3.000 gizonen ADN laginen analisiaren bidez, talde zientifikoak iberiar gizonezkoen % 40an agertu du aldaera horren presentzia, baina % 10etik behera Pirinioetatik harago. Zifra hori nabarmen igotzen da Euskal Herrian, non gizonezkoen % 70ek duen Y kromosomaren R1b-DF27 aldaera.

Ikertzaileek diotenez, "badirudi giza Y kromosomen eboluzioaren historia boladetan gertatu dela, eta aldaera jakin batzuen maiztasunaren gorakadak izan direla kultura aldaketen edo berrikuntza teknologikoen ondorioz". R1b-DF27 aldaeraren kasuan, egileek diote duela 4.000 eta 4.500 urte artean sortu zela, eta ziur aski penintsularen ipar-mendebaldean agertu zela. "Euskal Herrian maiztasun handia du gaur egun, baina dibertsitatearen barne neurriak eta adinaren araberako estimazioak txikiagoak dira euskaldunen artean beste edozein biztanleriatan baino. Badirudi horrek eskualde hori baztertzen duela aldaeraren jatorri puntu gisa, baina oraindik goiz da hori ziurtatzeko", esan du UPV/EHUko taldeko ikertzaile nagusi Marian Martínez de Pancorbok. Zientzialarien ustez, "tokiko jatorri bat Iberian da hipotesi onargarriena, dibertsitatearen eta adinaren estimazio handienak erakusten baititu R1b-DF27 aldaerarentzat". Badirudi oharpen horiek bat datozela Iberian Brontze Aroan ekialdetik mendebaldera izan zen mugimenduarekin, herri iberiar ez indoeuroparrak kostalde mediterraneoan eta barnealdean ezarri zirenean, herri zeltek Iberiar penintsularen erdialdea eta mendebaldea okupatzen zituztelako.

Genetika, tresna erabilgarria ez historian soilik

R1b-DF27 aldaeraren azterketa lagungarri izan daiteke gizon espainiarrak edo portugesak tartean hartuko dituzten migrazio gorabeheren arrastoak bilatzeko. Adibide argia ikusi da biztanleria latinoamerikarretan, non aldaera % 40ko maiztasunetan dagoen Kolonbian, % 36koan Puerto Ricon, % 10ekoan Mexikon eta % 8koan Perun. R1b-DF27 aldaeraren presentzia nabarmen txikiagoa da osagai indigena handiagoa duten biztanlerietan, hala nola Mexikon eta Perun, eta horrek kolonoekin nahasketa txikiagoa agertzen du iraganean. Europan ere, Y azpitaldeen maiztasunak erabili dira epe laburrean migrazio gorabeherak detektatzeko. Horrela, Aragoiko erresumak Erdi Aroan XIV. eta XV. mendeetan Mediterraneo aldera egindako hedapenaren arrastoak edo XVI. mendean Flandrian egindako okupazio gaztelauarenak gizonezkoen leinuen bidez bilatu daitezke, R1b-DF27 aldaeraren bidez.

Baina gainera, biztanleria iberiarretan maiztasun nahiko handiak eta beste eskualde batzuetan bakanak dituen kromosoma aldaera batek aplikazioak izan ditzake genetika forentsean. Hilketa baten agertokian jasotako lagin biologiko batean R1b-DF27 aldaera egotea lagungarri izan daiteke hura utzi zuenaren jatorri geografikoa identifikatzeko.

Azkenik, Y kromosoma abizenekin lotutako azterketetan erabiltzen da maiz, azken horiek ere gizonezkoen lerrotik transmititzen baitira. Horretarako, Y kromosomaren azpitaldeak analizatzen dira eta, abizen bera duten gizonen artean dagoen antzekotasuna kontuan izanik, jatorri genealogiko konpartitu bat ezartzen da.

Erreferentzia bibliografikoa