euskaraespañol

Trenbideetako komunikazioa gaurkotzeko eta seguruago egiteko sistema bat

Unibertsitatearen eta euskal erakunde sozioekonomikoen arteko elkarlana sustatzen duen Zabalduz programaren barruan egin dute ikerketa UPV/EHUk eta CAFek

  • Ikerketa

Lehenengo argitaratze data: 2017/11/02

Trenbideetako komunikazioa gaurkotu eta digitalizatzeak seguruago egingo ditu tren bidezko garraio eta bidaiak (Igor Lopez)

ERTMS sistemak, trenbideetako trafikoa kudeatzeko indarrean dagoen sistemak, segurtasun handiz kontrolatzen du trenen abiadura eta haien arteko segurtasun-distantzia, baina komunikatzeko darabilen teknologia zaharkitua du. UPV/EHUko Komunikazioen Ingeniaritza sailak CAF enpresarekin elkarlanean egindako ikerketa batean, sistema gaur egungo IP teknologiara egokitzeko komunikazio-arkitektura bat proposatu du, komunikazioen segurtasuna, fidagarritasuna eta erabilgarritasuna bermatuz.

Burdinbide Trafikoa Kudeatzeko Sistema Europarra (ERTMS, ingeleseko sigletatik) deritzo abiadura handiko tren-zerbitzuetako nazioarteko kudeaketa-estandarrari. Azpisistema bat baino gehiago ditu trenetara seinaleztapen-komunikazioak bidaltzeko, eta, hala, trenen segurtasuna bermatzeko eta trenen abiadura kontrolatzeko, besteak beste. "Santiagon sistema hori egon izan balitz, ez zatekeen gertatuko 2013an izan zen istripu larria", dio Igor Lopez Orbe ingeniari eta UPV/EHUko Komunikazioen Ingeniaritza Saileko ikertzaile izandakoak. Kontrol horrek, gainera, burdinbidearen edukiera ahal bezainbeste ustiatzea ere ahalbidetzen du: "Kontrolatzen den parametroetako bat da zenbateko distantzia utzi behar den tren batetik bestera erabateko kontrola galdu gabe, eta, hortaz, minimora eraman daiteke", gaineratu du.

1990eko hamarkadan zehaztu eta martxan jarri zenetik, ordea, asko aldatu dira komunikazio-sistemak eta -teknologiak, eta bigarren belaunaldiko teknologia mugikorra darabilen ERTMS sistema "gaurkotzeko beharra dago. Teknologia horrek ez du funtzionatzen gaur egungo IP teknologiarekin (Internet Protocol, gaur egungo telefono, ordenagailu eta abarrek erabiltzen dute), eta dagoeneko zaharkitua gelditu da, ez dago ia hornitzailerik, eta merkatuak inposatzen duen teknologiara pasatu beharra dago", argitu du Lopez Orbek.

Hala, bada, tren-industria seinaleztapen-sistemen digitalizazioan eta IP teknologiarako migrazioan murgilduta dago. UNISIGek, ERTMS sistemaren espezifikazio teknikoak zehazteko ardura duen partzuergo industrialak, orain dela gutxi argitaratu du horretarako komunikazio-arkitektura berria, eta, hala, "gaur egungo teknologiak txerta daitezke trenbideen komunikazioan", dio ingeniariak.

Komunikazioaren abiadurari eragin diezaiokeen ezaugarri bat du, ordea, IP teknologiak, Lopez Orbek azaldu bezala: "informazio-mezuak paketetan banatuta bidaltzen dira, eta bakoitzak bere bidea egiten du. Horren ondorioz, ezin da saihestu paketeren bat atzeratuta iristea, sarearen punturen batean arazoren bat gertatu bada".

Muga horri irtenbidea emateko, eta, azken batean "hurrengo belaunaldiko ERTMS sistemaren definizioan laguntzeko asmoarekin, komunikazioen segurtasuna, fidagarritasuna eta erabilgarritasuna bermatuko duen komunikazio-arkitektura berri bat proposatu dugu ikerketan", argitu du gaur egun CAFen lanean diharduen ingeniariak.

Protokolo sendoa

Mezuak estrategia erredundante desberdinak erabiliz bidaltzea da, oinarrian, proposamena, hau da, mezuak teknologia desberdinetatik bidaltzea aldi berean, hala nola GPRS bidez, LTE bidez eta wifi bidez. Hala, "sare-arkitektura bat sortzen da, eta sareetako batean akatsen bat baldin badago, mezua besteren batetik iritsiko dela bermatzen dugu. Horrek erresilienteago egiten du sistema, fidagarritasun handiagoa ematen dio komunikazioari, eta sendoago bihurtzen du", zehaztu du.

Erresilientzia hori bereziki lehentasun handiko mezuetarako bermatzea izan da helburua, atzerapen txikiagoarekin iritsiko direla bermatzeko. Izan ere, ERTMS arkitekturak bi mezu-mota bereizten ditu komunikazioetan: lehentasun handikoak eta normalekoak.

Proposatzeaz gainera, ikerketarako berariaz diseinatutako sare-simulatzaile baten bidez balioztatu zuten komunikazio-arkitektura, eta hor ikusi zuten "UNISIGek plazaratutakoa baino askoz sendoagoa dela kanal interferentzien aurrean. Lehen aldia izan da, gainera, erronka guztiak gainditzeko gai den arkitektura bat plazaratzen dela".

Aurrerapauso handitzat jo badu ere, Lopez Orbe jakitun da bide luzea gelditzen dela proposamen hori etorkizuneko kudeaketa edo komunikazio sistema izatera iristeko, inoiz iritsiko bada: "Honelako arkitekturak estandarrak izan behar dira, noski, edozein fabrikatzailek egindako trenak elkarrekin komunikatu ahal izan daitezen. Eta estandarizazio eta baliozkotze hori UNISIGen esku dago".

Informazio osagarria

Zabalduz egitasmoaren barruan egin du ikerketa Igor Lopez Orbek (Bilbo, 1985). Unibertsitatearen eta erakunde sozioekonomikoen arteko ezagutzaren transferentzia eta elkarlana sustatu nahi ditu UPV/EHUk programa horren bidez,. Horretarako, adibidez, euskal industriarentzat interesgarriak diren gaiei buruzko tesiak egitea, kasu honetan bezala. CAF enpresarekin elkarlanean egin zuen doktoretza-tesia Igor Lopezek, Bilboko Ingeniaritza Eskolako Komunikazioen Ingeniaritza Sailean, Marina Aguado Castrillo irakasle elkartuaren zuzendaritzapean. Gaur egun, CAFeko proiektu-arduraduna da Igor Lopez doktorea.