euskaraespañol

Ainhoa González Pujana 1st SPLC-CRS Young Scientist Meeting-en saritua

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2017/11/23

Irudia

Controlled Release Society-k (CRS), aldizkariak argitaratzen dituen elkarteak –Biomaterials edo Journal of Controlled Release, besteren artean– Ainhoa González Pujanari eman dio ahozko komunikazio onenaren saria 1st Young Scientist Meeting ekitaldian, Espainiako eta Portugaleko Tokiko Atalean (SPLC-CRS). Bere aurkezpenak, ‘Safer and more predictable therapies in cell encapsulation’ izenburua duenak, zelulen mikroenkapsulazioaren eremuan muga handienetako bat adierazten duten arazoetako bati heldu zion: kontrolik eza zelulen portaeraren gainean.

Mikroenkapsulazioaren teknologia faktore terapeutikoak sortzen dituzten zelulen enkapsulazioan datza. Hala, mikrokapsulak organismoan ezartzean, farmakoa liberatzea lortzen da denbora tarte luzeetan. Diabetesa da eremu honetan gehien aztertu izan den gaixotasunetako bat. Hilabeteetan zehar intsulina modu kontrolatu batez liberatzen duten zelulak ezartzeak hobekuntza nabarmena adieraziko luke pazientearen bizi kalitatean, bere oraingo tratamendua saihestuko bailuke, egunero injekzioak hartzean datzana. “Zelulek sor ditzaketen farmako ugariei esker, teknologia hau etorkizun handiko alternatiba da gure gizartean oso prebalentzia handia duten gaixotasun ugarirentzat, besteren artean, minbizia, Parkinsona edo Alzheimerra”, azaldu du Ainhoa Gonzálezek.

Dena den, terapia honek arrakasta izateko, funtsezkoa da kontrol zorrotza ezartzea zelulen portaeraren gainean. Gaur egun, erregulaziorik ez izateak hainbat arazo sorrarazten ditu, zelulak gehiegi zatitzea besteren artean, kapsula haustea eta zelulak pazientearen organismora irtetea eragiten dituena, eta halako arazoek muga nabarmen bat adierazten dute tratamenduaren segurtasunari dagokionez. Gainera, halako portaera erratikoek arriskuan jartzen dute farmakoaren liberazio egokia eta, beraz, terapiak huts egitea eragin dezakete.

Bere lanean, González Pujanak zelulen portaera kontrolatzen du, kontrol hori terapia seguru bilakatzeko eta klinikara transferitu ahal izateko. Bere lanaren emaitzekin frogatu duenez posible da zelulen erantzuna erregulatzea, kapsulatzen diren matrizearen propietateak aldaraziz. “Horrela, printzipio aktiboaren liberazio kontrolatuagoa lortzen da, terapia eraginkorrei eta, batik bat, seguruagoei bide emanez”, adierazi du.

Diziplina anitzeko ikerlan baten fruitu izan dira emaitzak, non NanoBioCel taldea, Euskal Herriko Unibertsitatekoa, elkarlanean aritu den UPV/EHUko beste ikertzaile batzuekin batera, Zientzia eta Teknologia Fakultateko Immunologia, Mikrobiologia eta Parasitologia Saileko A. Rementeríarekin besteak beste, baita A Coruñako Ikerketa Biomedikorako Institutuko (INIBIC) F.J. Blancorekin ere. Lortutako emaitzak itzal handiko ‘Drug Delivery’ aldizkarian argitaratu dira, lehenengo dezilean dagoelarik Farmakologiaren eta Farmaziaren arloan, JCR 6,402 eragin faktorearekin. (Esteka honetan aurkituko duzue artikulu osoa: http://dx.doi.org/10.1080/10717544.2017.1391894).

CRSren urteko kongresura joateko beka

Emandako saria beka bat izan zen Bostonen izandako CRS 2017 Urteko Biltzarrera joateko. Kongresu hau nazioarteko elkarraldi garrantzitsuenetako bat da Teknologia Farmazeutikoaren arloan. Bizi kalitatearen hobekuntzan dago oinarrituta, eta farmakoen liberazio kontrolatuaren eremuan aurrerapausoak bultzatzen dihardu zientzian, teknologian eta hezkuntzan. Garrantzi handiko elkarraldia da hau arloan aditu direnentzat, zientzialari farmazeutikoak, ingeniariak, medikuak eta profesional teknikoak barne direla. Hala, bere lana eremu horretako ikertzaile gailenen aurrean aurkezteko aukera izan zuen González Pujanak. Gainera, SPL-CRSko kideek Massachusetts Institute of Technology (MIT) zentroko instalazioak bisitatu zituzten, mundu mailan ikerketa aitzindariak burutzen diren gunea. Bertako laborategiak ezagutu zituzten eta farmakoen liberazio adimendunaren aitatzat hartutako Robert Langer katedradun ospetsuak egin zien harrera.

Informazio gehigarria

Ainhoa González Pujana UPV/EHUko NanoBioCel ikertaldeko kidea da eta zelulen bideragarritasun hobea eta farmakoen liberazio eutsia ahalbidetuko duten matrize biofuntzionalizatuen garapenean oinarritzen da bere doktorego tesia, zelulen mikroenkapsulazioaren eremuan.