euskaraespañol

Alemaniako Fisika Elkarteak UPV/EHUko irakasle Ángel Rubio saritu du

Max-Born saria eman dio, erakundearen sari gorena

  • Kronika

Lehenengo argitaratze data: 2017/12/19

Irudia

Alemaniako Fisika Elkartearen (German Physics Society) Fisika Institutuak Max-Born saria eman dio, erakundearen sari gorena, UPV/EHUko Materialen Fisikako katedradun Ángel Rubiori. Rubio Nano-bio Spectroscopy Group ikertaldearen arduraduna da, eta Hanburgoko Max Planck Institute for the Structure and Dynamics of Matter-eko Teoria Saileko zuzendaria.

Alemaniako Fisika Elkarteak Max-Born saria sortu zuen 1972an, Britainia Handian eta Alemanian aritu zen Max Born fisikariaren ikerketa lanari balioa emateko. Hala, bi herrialde horietako batean lan egiten duten ikertzaile nabarmenei eman ohi zaie saria urtero. Epaimahaiak, saria emateko orduan, Angel Rubioren lana nabarmendu du, “mundu osoan egoera solidoko fisika konputazionalaren esparruan duen lidergoarengatik eta material eta nanoegitura berrien propietateen inguruko iragarpenarengatik”. Alemaniako Fisika Elkarteak 2018an emango dio saria, Londresen.

“Ohore handia da Max Born Prize saria jasotzea. Sari honek balioa ematen dio azken urte hauetan egin dugun ikerketa lanari. Meritu hau nirekin lan egiten duten eta lan egin duten ikasle eta doktore guztiena da. Bultzada handia ematen du gaur egun lantzen ditugun ikerketa lerro berritzaileekin aurrera egiteko”, esan du Rubio irakasleak.

Ángel Rubio American Association for the Advancement of Science (AAAS) elkarteko osoko kidea da, izen handiko Amerikako Zientzia Akademiako (NAS) atzerriko kidea, American Physical Societyko (APS) kide ikertzailea, Europako Zientzia Akademiako (AE) kidea (zientziari egin dion ekarpen handiagatik), eta Simons Fundazioko Flatiron Institutuaren “Computational Quantum Physics-CCQ” zentroko ikerketa zientzialari nabarmena. Halaber, hainbat zientzia sari irabazi ditu: besteak beste, Alexander von Humboldt Fundazioak ematen duen Friedrich Wilhelm Bessel saria eta Oinarrizko Zientziaren arloko Jaime I.a Erregea saria. Gainera, ERC Advanced Grants beka prestigiotsuetako bat jaso du bi aldiz Europako Ikerketa Kontseiluaren eskutik. European Research Council erakundearen diru laguntza horiek, hain zuzen ere, zientzialari europar garrantzitsuenei eta proiektu abangoardistenei ematen zaizkie. Era berean, Espainiako Fisikako Errege Elkarteak erakundearen domina eman zion joan den urtean; bigarren aldia izan zen elkarteak Rubio irakaslearen lana saritzen zuela. 1991. urtean, Ikertzaile Berriaren Saria eman zioten. Bestalde, Rubio irakasleak eta haren taldeak eginiko ikerketa teorikoek mundu osoko erreferente bilakatu dituzte sistemak eskala nanometrikoan modelizatzeko esparruan; hain zuzen ere, azterlanen helburua da ulertzea edo aurreikustea materialek estimulu jakin batzuk jasoz gero nola jokatzen duten (besteak beste, argiarekin). Halaber, simulazio teknika berriak diseinatu dituzte, nanoegiturek edo biomolekulek nola jokatzen duten jakiteko.