euskaraespañol

Narriatutako ekosistemak berreskuratzeko ostra arruntaren erabilera ikertzen ari den proiektu batean parte hartu du UPV/EHUk

Espainiako Ozeanografia Institutuak zuzentzen du lantalde zientifikoa, eta Mar Menor aintzira erabiliko dute aztergai gisa

  • Ikerketa

Lehenengo argitaratze data: 2024/01/12

Irudia
Ikerken parte hartzen duen taldea, San Pedroko gatzagan, San Pedro del Pinatarren, Murtzian. Ezkerretik bigarrena, Irrintzi Ibarrola. | Argazkia: IEO

MIToYSTER proiektua hasi dute Espainiako Ozeanografia Institutuko (IEO, CSIC) ikertzaileek, Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) eta Coruñako Unibertsitateko (UDC) ikertzaileekin elkarlanean. Ostra arruntak (Ostrea edulis) garbitzeko duen gaitasunean kutsadurak zer inpaktu duen ebaluatuko du proiektu horrek. Naturan oinarritutako irtenbide gisa proposatzen da egitasmoa, narriatutako ekosistemak berreskuratzeko. Ikerketa egiteko, Mar Menor aintzira erabiliko dute.

Kutsadurak espezie horren egoera biologikoari nola eragiten dion ebaluatzea eta ekosistema eutrofikoak (mantenugai gehiegi dituztenak) berreskuratzeko duten gaitasuna aldatzen ote duen aztertzea da proiektuaren helburua. Horretarako, ostra arruntak baldintza eutrofikoetan mantenugaiak ateratzeko zer gaitasun duen ebaluatuko du lantalde zientifikoak, laborategian zein itsasoan. Era berean, mantenugaiak ateratzeko gaitasunaren gainean eta kutsatzaileak biometatzeko ostra arruntak duen gaitasunaren gainean kutsadurak zer eragin duen aztertuko du lantaldeak.

Kutsatzaileen eraginak bizi zikloaren etapa bakoitzeko fisiologiaren eta metabolismoaren araberakoak dira. Hori dela eta, ostraren bizi zikloko hainbat etapa hartuko dira aintzat: larbak, hazia, gazteak eta helduak. Garapeneko etapa bakoitzeko osasun egoera orokorra ebaluatzeko, hainbat erantzun biologiko mota erabiliko dituzte: erantzun biokimikoak, zelularrak, fisiologikoak, jarrerarekin lotuak eta ugalketakoak. Ostrek mantenugaiak ateratzeko duten gaitasuna kalkulatzeko, hazkundearen benetako neurketak egingo dituzte, eta balantze energetikoan parte hartzen duten tasa fisiologiko globalak erabiliko dituzte: argitze tasa, ingestio tasa, xurgapen tasa eta arnasketa tasa.

Proiektua honako hauen elkarlanetik sortu da: IEOko Itsasoko Kutsaduraren Taldea; UPV/EHUko Uretako Organismoen Ekofisiologia eta Ekotoxikologia Taldea (Irrintzi Ibarrola da ikertzaile nagusia); eta UDCko Kimika Analitiko Aplikatuko Taldea. Aurrez ere elkarrekin lan egin izan dute talde horiek, beste proiektu batzuetan.

“Diziplina anitzeko proposamen transbertsala eta integratua egitea ahalbidetu du hiru ikertaldeen arteko elkarlanak. Kutsaduraren eta ostrak mantenugaiak ateratzeko duen gaitasunaren arteko interakzioa ulertzean eta horrek narriatutako ekosistemen berreskurapenean dituen ondorioak ulertzean datza erronka zientifikoa”, azaldu du Juan Bellasek, IEOko proiektuko ikertzaile nagusietako batek.

“Proiektuaren helburuak lortzeko, ezinbestekoa da hiru ikertaldeen arteko lana koordinatua izatea. Ikertalde horiek ezagutzak eta esperientzia dituzte itsasoko ekosistemen kutsadura ebaluatzen, bibalbioen fisiologia aztertzen eta kutsatzaileen analisi kimikoak egiten”, gehitu du Marina Albentosak, proiektuko beste ikertzaile nagusi batek.

Gainera, beste erakunde batzuetako kolaboratzaileak ditu partzuergoak, esaterako: Dalhousie Unibertsitatea (Kanada), CSICeko Itsas Zientzien Institutua, Fisheries and Oceans Canada, Hego-ekialdeko Naturalisten Elkartea (ANSE) eta Native Oyster Restoration Alliance (NORA).

Proiektua bat dator Ekosistemak Berreskuratzeko Nazio Batuen Hamarkadako helburuekin. Narriatutako edo suntsitutako ekosistemen degradazioa gelditzea du helburu, eta oraindik ere bere horretan mantentzen diren ekosistemak kontserbatzea, hala, helburu globalak lortzeko. Premisa hau du oinarrian: ekosistema osasuntsuek baino ezin dituzte pertsonen bizi inguruneak hobetu, aldaketa klimatikoari aurre egin eta biodibertsitatearen kolapsoa gelditu.

PID2022-139616OB-C31 proiektua, honakoek finantzatua: Zientzia eta Berrikuntza Ministerioa, Europako Eskualde Garapenerako Funtsa eta Estatuko Ikerketa Agentzia.