euskaraespañol

Nazioarteko astea Vitoria-Gasteizko Ingeniaritza Eskolan

  • Kronika

Lehenengo argitaratze data: 2023/03/16

Irudia

Vitoria-Gasteizko Ingeniaritza Eskolak nazioarteko aste bat antolatu du egun hauetarako, ‘Production management, simulation and manufacturing plants’ izenekoa. Euskal Herriko Unibertsitatearen Arabako Campuseko ikastegia Euclides sareko partaidea da (Europako ingeniaritza eskolak). Sare hori zortzi herrialdetako 18 unibertsitatek osatzen dute.

Unibertsitate horiek nazioarteko asteak antolatzen dituzte urtero, hau da, aste bateko ikastaroak beste ikastegi batzuetako ikasleentzat, zeinetan gai espezifikoak lantzen diren. Vitoria-Gasteizko Ingeniaritza Eskolaren kasuan simulazioa eta errealitate birtuala landu dira ekoizpenaren arloan. Helburua da parte hartzaileak hurbiltzea simulazioaren teknologiara errealitate birtualaren bidez, ekoizpenaren kudeaketara eta fabrikazio instalazioen simulaziora.

Nazioarteko aste honetan Italia, Suitza, Belgika eta Poloniatik etorritako 31 ikasle eta 4 irakaslek hartuko dute parte. Jarduera akademikoez gain, teknologia horietan liderrak diren Euskal Herriko enpresak bisitatuko dituzte, hala nola Mercedes, Bridgestone edo DHL Vitoria-Gasteiz airport.

Era berean, ekimen horren barruan, Gasteizko Ingeniaritza Eskolako 17 ikasle nazioarteko hiru ikastarotan ari dira parte hartzen Belgika, Alemania eta Italiako unibertsitateetan.