euskaraespañol

Juan Manuel Machimbarrena

Nerabeak arriskuan jartzen dituzten erronka biralak

Psikologia Klinikoa eta Osasunaren Psikologia eta Ikerketa Metodologia Saileko irakasle atxikia

  • Cathedra

Lehenengo argitaratze data: 2022/07/04

Irudia

Artikulu hau jatorriz The Conversation argitalpenean aurki daiteke.

Nerabeen artean gero eta ohikoagoa da Interneten erronka biralak edo challenge deritzenak egitea. Sare sozialen bidez (hala nola TikTok eta Instagram) ekintza zehatz bat (dantzak, txantxak, desafioak eta halakoak) grabatzean eta hedatzean dautza, gainerako erabiltzaileek ekintza hori ikusi eta erronka hori bera egin dezaten. Horrela, erronkak sortzen duen interesaren arabera, biral bihurtzen da Interneten duen hedapen masiboagatik eta gizakiak besteen jokabidea imitatzeko duen joeragatik, batez ere nerabezaroan.

Batzuetan, erronka biral bat lagun talde batek proposatzen du, baina beste batzuetan, berriz, adingabeak bere borondatez jarraitzen die Interneten beste erabiltzaile edo pertsona ospetsu batzuen eskutik ikusitako erronkei. Izan ere, influencer deritzenek babestutako erronkak izan ohi dira biralizatuenak, jarraitzaile ugari izan ohi baitituzte halakoek.

Horixe gertatu zen, izan ere, 2014eko erronka aitzindarietako batekin: IceBucket Challenge izenekoa ur hotzez betetako ontzi bat nork bere buruari botatzean zetzan, eta izendapen baten bidez, beste norbaiti gauza bera egiteko erronka egin behar zitzaion, alboko esklerosi amiotrofikoaren ikerkuntzaren inguruan kontzientziatzeko eta dirua biltzeko.

Zer-nolako erronkak daude?

Askotariko erronka biralak daude, nola laburtasunari dagokionez (minutu bat baino gutxiago iraun ohi dute), hala iragankortasunari gagozkiola (ohikoa da modan dagoen erronka bat berehala ahaztu eta beste bat biral bihurtzea). Nerabeek egiten dituzten erronka gehienak kaltegabeak eta interesgarriak izaten dira. Adibidez, erronka sozialak dibertitzeko egin ohi dira eta izaera familiarrekoak dira normalean, dantza edo txantxa kaltegabeak izaki. Halako erronken adibide bat Rosalía musikariaren kanta berriaren «Chicken Teriyaki Challenge» delako dantza da.

Erronka solidarioak ere badaude, kausa on bati buruz kontzientziatzeko, besteei laguntzeko edo jokabide onak sustatzeko jomuga dutenak. Horren adibide bat «Pañuelo Challenge» izenekoa da, Aladina Fundazioak proposatua. Bertan, hainbat erabiltzailek zapi bat jartzen dute buruan haurren minbiziaz kontzientziatzeko.

Alabaina, halako erronkek inolako arriskurik ez badakarte ere, azken urteotan gero eta gehiago zabaldu da adingabeen eta/edo haien inguruneen osotasuna arriskuan jartzen duten erronka biral arriskutsuak egitea. Hona hemen horren adibide batzuk: «48 ordu desagertuta», bi egunean arrastorik utzi gabe desagertzean datzana; edo «oskola», non erabiltzaileek era guztietako jaki oskoldunak jaten baitituzte (arrautzak, gozokiak bilgarriarekin, etab.), horrelako portaerak dakartzan arriskuak kontuan hartu gabe (buxadura, asfixia, etab.). Horrelako erronken gorakada kezkagarria da, batez ere familia eta irakasleentzat.

Statista atariko datuen (2021) arabera, TikToken –Interneten erronka biralak bistaratzeko eta gauzatzeko onlineko plataformarik nabarmenenean–, 10-19 urtekoak dira erabiltzaileen % 25. Izan ere, haur eta nerabeen artean hain gustukoa den aplikazio horren erabilerak beste edozein aplikaziok baino deskarga gehiago izan zuen hiruhileko batean: 315 milioi instalazio egin ziren App Store eta Google Play zerbitzuen bidez 2020an. Ditrendia taldearen txostenak (2020) jasotzen duenez, Espainian TikTok aplikazioa egunean 7 aldiz irekitzen da batez beste, eta jendeak 43 minutuz erabiltzen du egunean batez beste.

Errioxako Nazioarteko Unibertsitateko Ziberpsikologia Taldeak egin berri duen ikerketa baten arabera, erronka ohikoenak sozialak dira (% 80,3), eta horien ondoren, erronka solidarioak (% 20,6). Alabaina, ez da gutxietsi behar nerabeek egiten dituzten erronka asko arriskutsuak direla; izan ere, ia % 8k aitortu dute halakoak egin izan dituztela, eta arriskuan jarri dute, horrenbestez, nola euren osotasuna hala beste norbaitena.

Azterlan horrek agerian uzten du nerabeen artean oso ohikoa dela erronka sozial kaltegabeak eta, aldi berean, erronka arriskutsuak egitea (% 15,3). Horren ondorioz, egoera paradoxikoak sortzen dira, adibidez, aldi berean bi erronka kontraesankor agertzea, hala nola «handwashing challenge», COVID-19agatiko pandemian eskuak garbitzeak duen garrantziaren inguruan herritarrak kontzientziatzeko balio zuena, eta horrekin batera, «coronavirus challenge» delakoa, pandemian zehar komun publiko bat miazkatzean zetzana.

Nola prebenitu

Erronka biralak oso erakargarriak dira nerabeentzat, elkarri eragiteko eta besteekin modu dibertigarrian gauzak partekatzeko aukera ematen baitiete. Baina erronka biralak egiten dituztenak kontzientziatu egin behar dira, batez ere adingabeak badira, erronka arriskutsuak egiteak dakartzan arriskuen inguruan:

  • Garrantzitsua da adingabeek erronka kaltegabeak eta arriskutsuak bereizten jakitea. Erronka bat egin daiteke ondo pasatzeko balio duenean, kausa on bati buruz jabetzeko xedea duenean, inor kaltetzen edo iraintzen ez duenean, pertsonen arteko harreman onak sustatzen dituenean edo beste pertsona bat bere burua gainditzera edo motibatzera bultzatzen duenean.
  • Beharrezkoa da pentsamendu kritikoa lantzea eta jardun aurretik pentsatzen laguntzea. Hori, autokontrolarekin batera, sustatu beharreko ikaskuntza handia da, eta adingabeen bizitzako beste esparru batzuetan ere lagungarria izan daiteke.
  • Etxean (edo ikastetxean) lagundu egin beharko genieke bereizten noiz egin behar duten erronka bat eta noiz ez, horretarako pentsamendu errutinak sortuz. Egokiena zer, nola, noiz, norekin eta zergatik egiten den lantzea da. Honako galdera hauek egin behar dizkiogu adingabeari, barneratu ditzan: Zer-nolakoa da erronka eta zertan datza? Arriskutsua al da niretzat edo besteentzat? Norbait gaizki sentiarazteko arriskua al dakar? Denok ondo pasatuko al dugu? Damutuko al naiz erronka egiteaz? Galarazi egingo al dit beste zeregin garrantzitsu bat egitea? Zerbait hautsi, zikindu edo kaltetu behar al dut erronkan? Egokia al da pertsona jakin bat ateratzea (adibidez, 5 urteko anaia txikia edo gonbidatuez dugun norbait)? Plazeragatik egiten al dut erronka ala, aitzitik, behartuta nagoela sentitzen dudalako?

Interneteko erronka biral arriskutsuen fenomeno hazkorrari aurre egiteko, hala, funtsezkoak dira, batetik, adingabeen artean pentsamendu kritikoa sustatzea, eta bestetik, gurasoak bultzatzea hezkuntza, kontzientziazio eta gainbegiratze lana egin dezaten.