euskaraespañol

Ekain Payán Ellacuria

Neuroeskubideen eztabaida epaimahaietara iritsi da: bi epai aitzindari Txilen eta Espainian

Administrazio Zuzenbideko irakasle atxikia

  • Cathedra

Lehenengo argitaratze data: 2023/10/16

Irudia
<a href="https://www.freepik.es/foto-gratis/cerebro-escribe-tiza-blanca-mano-dibuja-concepto_6170400.htm#query=neuroderechos&position=22&from_view=search&track=ais">Imagen de jcomp</a> en Freepik

Artikulu hau jatorriz The Conversation argitalpenean aurki daiteke.

Gaur egun esan dezakegu datuak XXI. mendeko urrea direla; bada, hori horrela, ez da harritzekoa enpresa neuroteknologikoek gero eta interes handiagoa izatea giza garuna –beren iturri kode nagusia, alegia– deszifratzeko. Gainera, bizi organo horrek izugarrizko jakin-mina sortzen du, oraindik ere ezezaguna baita zientziarentzat hein handi batean; beraz, pentsatzekoa da zer-nolakoa izango den aurrean dugun problematika.

2017an dagoeneko ohartarazi ziguten gizarte zientzia eta zientzia juridikoetako eta neurobiologiako zenbait ahots adituk, gai honi buruz egin diren bi artikulu ezagunenetan. Bietan eskaera egiten zitzaien agintari eskudunei adimenaren eskubideak babestuko zituen araudi esparru berri eta orokor bat ezartzeko.

Premia handiko kontua da; bestela, gerta daiteke hirugarren bat giza pentsamenduan sartzea eta, kasurik okerrenean, pentsamendu hori apropos aldatzea, autonomiaren printzipio bioetikoaren aurka.

Hori horrela, giza eskubideei loturiko bost neuroeskubide identifikatzen dituen ekimen bat argitaratu da.

Dena dela, lehendik ere badaude eskubide batzuk nazioarteko babesa (Eskubide Zibil eta Politikoen Nazioarteko Itunaren 17. artikulua) eta, mendebaldeko herrialde gehienetan, babes konstituzionala (osotasun moralerako, askatasunerako eta intimitaterako eskubidea, besteak beste) ematen dutenak, eta horrek mesfidantza juridikoak sortu ditu doktrinaren barruan. Prebentzioa beharrezkoa da eskubideen bikoiztasuna eta horren ondoriozko inflazioa edo, are gehiago, debaluazioa saihesteko.

Nolanahi ere, argi geratuko da eztabaida hori saihestezina dela eta esparru teorikotik harago doala.

Txile, neuroeskubideen arloko lidergoaren paradigma

Munduko herrialderen batek neurodatuekin casus belli egin badu, Txile izan da hori. 2021. urtearen amaieran garuneko datuak zaintzeko konstituzio zuzenketa bat onartu zuten, eta beranduago, 2023ko abuztuaren 9an, Gorte Gorenaren Epaia etorri zen.

Demanda Txileko senatari ohi Guido Guirardik jarri zuen, erreformaren sustatzaileetako bat bera. 2022ko martxoan, Guirardik ‘Insight’ gailua eskuratu zuen, interfaze adimendunekin konektatzeko (garuna-ordenagailua) haririk gabeko kasko ez-inbaditzaile bat, Emotiv. Inc. enpresak garatutakoa. Sentsore horiek garuneko uhinak monitorizatzen dituzte, denbora errealean errendimendu metrika ugari eskuratzeko (esate baterako, kontzentrazioa edo estresa). Datu horiei esker produktibitatea hobetu daiteke.

Dena den, errekurtsogileak erabaki zuen Emotiven webgunean eskaintzen den PRO lizentzia ez kontratatzea. Doako bertsioak ez zion aukerarik ematen bere jarduera neurologikoa inportatzeko edo esportatzeko; alabaina, demandatuaren hodeian biltegiratuta geratu zen, eta horrenbestez bertatik ezabatzeko eskatu zuen.

Baimenarekin bueltaka

Arazo nagusietako bat da erabakitzea ea nahikoa den erabiltzaileak zerbitzuaren baldintza orokorrak onartzea enpresak haren garuneko informazioaren tratamendu oro tazituki bere gain hartzeko. Santiagoko Apelazioen Gortearen arabera, erabiltzaileak baimen libre eta borondatezkoa ematen badu, ez da haren pribatutasuna eta konfidentzialtasuna inola ere hausten. Hori horrela, errekurtsoa atzera bota zuen.

Gorte Gorenak zuzendu egin zuen epai hori; zehazki, adierazi zuen biltzen diren datuak ezin direla erabili titularrak ezagutzen ez dituen edo onartu ez dituen helburuetarako. Horrenbestez, enpresak zehaztu egin behar du datuok ikerketa zientifikoaren barruan zein helburutarako erabiliko dituen, eta gutxienez ikerketa adarra adierazi behar du. Erabiltzaileak berariaz eman behar du horretarako baimena, eta ezin du atzera bota.

Hala eginez gero, baimena “zalantzarik gabea” izango da, interesdunari adierazpen edo baiezko ekintza garbi bat eskatuko zaiolako. Ondorioz, epaiaren arabera urratu egiten dira osotasun fisiko eta psikikoa eta pribatutasunerako eskubidea (Txileko Konstituzioaren 19.1 eta 19.4 artikuluak).

Honetan guztian badago berritasun bat: organo judizial gorenak zuhurtasun printzipioaren menpe jarri ditu produktuaren merkaturatzea eta erabilera.

Batetik, Osasun Publikoko Institutuak egindako gailuaren ebaluazioa aipatzen du, zeinaren bidez aztertu baitzen gailu mediko-terapeutiko gisa sailkatu behar den edo ez. Hori funtsezkoa da; izan ere, baiezkoa izanez gero, datuen kategoria berezi gisa har daiteke, eta datu horien tratamendua debekatuta dago osasunari buruzko datuak modu unibokoan identifikatzea xede duen informazio biometrikoa eman dezakeenean (Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorraren 9.1 artikulua).

Bestetik, Aduanen Zerbitzu Nazionalari egiten dio erreferentzia, Aduanako Helmuga Ziurtagiria ez daukalako. Beste era batera esanda, errekurtsoa aintzat hartzeko oinarri gisa hartu da eskumeneko agintariek baimenik eman ez izana.

Ildo horri jarraitzen dio, hain zuzen, Adimen Artifizialari buruzko Erregelamenduaren proposamenak, halako praktikak merkaturatzea debekatzen baitu (aintzat hartzekoen 16. puntua eta 5.1 artikulua).

Espainia: neurozientzia defendatzen duen epaia

2013az geroztik, proba neurologikoa aztergai izan du Espainiako jurisprudentziak; zehazki, potentzial ebokatu kognitiboen bidez (P300). Neurotest horrek aukera ematen du detektatzeko nola aktibatzen diren nerbio-sistemako  eremu jakin batzuk kanpoko estimuluen bidez (normalean, entzumenezkoak edo bisualak) 300 milisegundo inguruan.

Teknologia horren xedea da delitu gertakariei buruzko informazio garrantzitsua lortzea edo legez kontrako ekintza bat gauzatzeko unean ikergai den pertsonaren egoera mentala zein zen modu enpirikoan frogatzea. Esate baterako, zehaztu daiteke ea anomalia edo alterazio psikikorik zuen; horrek, egoeraren iraunkortasunaren eta larritasunaren arabera, pertsona hori inputatu ezin izatea ekar dezake, eta ondorioz, erantzukizun kriminaletik aske uztea (Zigor Kodearen 20.1 artikulua).

Praktika prozesal-penalean gorpuak aurkitzeko bakarrik onartu da, epai irmoa eman ondoren eta zigortuaren baimenarekin: Fernando Silva Sande, Publio Cordón enpresariaren kasuan; eta Miguel Carcaño, Marta del Castilloren kasuan. Bietan ala bietan, praktika horrek ez zuen arrakastarik izan.

Alabaina, Auzitegi Gorenaren 2020ko maiatzaren 5eko epaiak (Piozko hiltzaile delakoa auzipetu zuena) etorkizunerako bidea zabaldu zuela dirudi. Epaileak ez zuen onartu, ez zegoelako emaitza ondo interpreta zezakeen peritu neurologorik, baina zalantzan jarri zuen determinismo neuronalak aukeramenean duen eragina, eta neurozientzia irmoki defendatu zuen.

Irizpide hori indartu egin zuen Prozedura Kriminalaren Lege Organikoaren Aurreproiektuaren Kontseilu Fiskalaren txostenak, 54. gehigarrian.

Legearen arloan, Espainia izan da Txileren ekimena babestu duen Europako herrialde bakarra. Besteak beste, aipatzekoa da 2021eko uztailaren 14ko Eskubide Digitalen Gutuna, eskubide digitalak erregulatzen dituena neuroteknologiak erabiltzeko garaian. Zehazki, gutun horretako 26.1.c) artikulua interesatzen zaigu, hau esaten baitu: garunaren prozesuetatik eskuratutako edo horiekin lotutako datuen konfidentzialtasuna eta segurtasuna bermatzea, baita horien erabateko jabari eta erabilgarritasuna ere.

Printzipioen deklarazio bat baino ez denez, ez da loteslea, baina erreferentzia gisa balio du eta legegileak animatzen ditu kontu hau erregulatzera, aro digitaleko erronkak aintzat hartuta.

Berrikiago, Neuroteknologiaren Zentro Nazionala (Spain Neurotech) sortu da Madrilgo Unibertsitate Autonomoan, Espainia Digitala 2026 Estrategiaren esparruan.

Laburbilduz, bi herrialdeak gauzatzen ari diren etengabeko jarduera dela eta, pentsatu behar dugu arriskuak sor daitezkeela giza nortasunaren azken muga irudikatzen duen organoarentzat.

The Conversation