euskaraespañol

Eguneko irudia

Sandra Gil-Alonso y Nerea Jaureguizar

Denok ez diegu berdin erantzuten sendagaiei

Farmakologia Saileko ikertzaileak

  • Cathedra

Lehenengo argitaratze data: 2020/04/21

Nerea Jaureguizar eta Sandra Gil-Alonso
Nerea Jaureguizar eta Sandra Gil-Alonso.
Artikulu hau jatorriz The Conversation argitalpenean aurki daiteke.

Gizarte hipermedikalizatu batean bizi gara, eta bertan, osasuna edonoren eskura dagoen kontsumo ondasun soil gisa kudeatzen da. Horrela, normala iruditzen zaigu lotarako pastilla hori bat, komunera joateko beste pilula arrosa bat eta parranda gau baten ondoren buruko mina arintzeko zuri bat hartzea.

Joan-Ramon Laporte, Bartzelonako Unibertsitate Autonomoko farmakologia katedradunaren arabera, Espainian sendagaien kontsumoa Europako batez bestekoa baino % 50 handiagoa da. Laportek kritikatzen duenez, gizarteak berak sortzen digu, maizegi, medikamentuak kontsumitu «beharra».

Okerrena da botikak kontsumitzeko neurriz kanpoko gogo hori ez dela hutsaren truke izaten. Sarritan, garesti ordaintzen dugu, sendagaiek edo farmakoen arteko elkarreraginek erreakzio kaltegarriak edo eragiten dizkigutelako. Eta beste alderdi negatibo bat ere badu fenomenoak: eraginkortasun terapeutikorik eza, hain zuzen. Izan ere, neurri handi batean, pertsona guztiek ez dute onura berdina jasotzen botiketatik.

 

Botika bera, erreakzio desberdinak

 Begien bistakoa denez, denok ez diogu berdin erantzuten parazetamolaren, ibuprofenoaren edo beste edozein botikaren dosi berari. «Lo egiteko pastilla honek niri ez dit ezer egiten, baina zu lo seko geratzen zara, hartzen duzunean» edo «nik aspaldi ez dut oinazerako botika hau hartzen, ez baitit eraginik egiten» etxean edo lagunen arteko elkarrizketetan maiz entzuten ditugun esaldiak dira. Izan ere, dosi bererako, erantzun desberdinak ikusten ditugu biztanlerian: pertsona batzuengan esperotako eraginkortasuna izaten du dosi jakin batek eta, kontrako muturrean, beste kasu batzuetan ez du inolako eraginkortasunik (kontrako efektuak izatera irits daitezke).

Zergatik gertatzen da hori? Kontuan izan behar da farmako batek bere efektu terapeutikoak edo toxikoak sortzeko kontzentrazio jakin batzuk izan behar dituela bere ekintza lekuan (biofasean). Hori gertatu arte, etapa jakin batzuk igarotzen ditu:

  • Xurgapena: farmakoa hartzen den lekutik sartzen da organismoan. Hasi da bidaia!
  • Banaketa: farmakoa odoletik ehun eta organoetara igarotzen da (horietan jardun behar du eta horietatik eliminatu behar da). Zer motatakoa den, bidaia hori odolean eta ehunetan dauden proteinei lotuta edo bakarrik egin dezake farmakoak.
  • Eliminazioa: farmakoaren kontzentrazioak gutxitu egiten dira organismoan, metabolismoaren eta/edo iraizpenaren ondorioz.

Ia farmako guztiak gibelean metabolizatzen dira, kimikoki transformatzen dituzten entzima batzuen jarduerari esker, eliminazioa errazten dutela.

Biotransformazio entzimatiko horren ondorioz, farmako batzuk aktibo bihurtzen dira, beste batzuek jarduteari uzten diote, eta beste batzuek, azkenik, metabolito toxikoak –ondorio kaltegarrien eragileak– sortzen dituzte.

Azkenik, iraizpen prozesuei esker, farmakoa behin betiko eliminatzen da organismotik. Amaitu da bidaia!

Xurgapena, banaketa, metabolismoa eta iraizpena prozesu farmakozinetiko deritzenak dira. «Organismoak botikari eragiten diona», edo horrelako zerbait. Dakigunez, prozesu horiek desberdinak dira pertsonaren arabera, eta pertsona guztiek farmakoei erantzun berbera ez ematea baldintzatzen dute desberdintasun horiek neurri handi batean.

Horrek zera esan nahi du, aldeak daudela farmakoen xurgapenean (asaldurak pH gastrointestinalean, odol fluxuan edo urdail hustuketan), banaketan (desberdintasunak farmakoa garraiatzen duten proteinetan edo odol fluxuan), metabolismoan (jarduera handiagoko edo txikiagoko entzima biotransformatzaileak), edota iraizpenean (giltzurrunaren funtzionamendua), eta horregatik, hain zuzen ere, pertsona batek oso erantzun desberdina eman diezaiokeela farmako berari, beste pertsona batekin alderatuta.

Gainera, sendagaiei ematen zaien erantzuna farmakodinamiaren araberakoa da; botiken ekintzak eta ondorioak aztertzen ditu farmakodinamiak («botikak organismoari eragiten diona»).

 

Gene kontua

Tratamendu jakin bati ematen zaion erantzuna oso desberdina izan daiteke pertsonen artean, askotariko faktoreen arabera: adina, sexua, pazientearen patologiak eta tratatu nahi den sintomaren intentsitatea. Baina, batez ere, gizabanakoen arteko desberdintasun genetikoak.

Eta horretan dihardu, hain zuzen, farmakogenetikak, pertsonen osaera genetikoaren eta medikamentuei ematen zaien erantzunaren arteko lotura ikertzen duen diziplinak. Zehazki esateko, polimorfismo genetiko deituek –geneen egituran banakoen artean dauden aldakuntzek– medikamentuen erantzunari nola eragiten dioten aztertzen du farmakogenetikak.

Gizabanakoen arteko aldakortasunaren % 20-95 medikamentuei emandako erantzunarekin loturiko desberdintasun genetikoen araberakoa da. Zehazki, honako hauetan egon daitezkeen desberdintasunen araberakoa: farmakoen metabolismoaren abiadura, mintz zelularren bidezko garraioa eta farmakoek erantzuna eragiteko elkarreragin behar duten ituen suszeptibilitatea. Proposatu izan da farmako antidepresibo eta antiepileptiko batzuei erantzunik ez ematea prozesu farmakozinetiko eta/edo farmakodinamikoei eragiten dieten polimorfismo genetikoetan datzala.

 

Medikuntza pertsonalizatua

Eztabaidaezina dirudi botikei ematen zaien erantzunean aldakortasun iturrien ezagutzak integratzeak erraztu egingo lukeela pertsona jakin batentzat egokia izango litzatekeen sendagai egokia hautatzea –eta haren dosi egokia–. Hori da, hain zuzen ere, «medikuntza pertsonalizatu» deritzona.

Parazeltso alkimistak (1493-1541) esaldi ezagun hau esan zuen: «Dosis sola facit venenum» («dosiak bakarrik egiten du pozoia»). Guk honako hau erantsiko genioke esaldi horri: «Modu desberdinean, pertsonaren arabera».

The Conversation