euskaraespañol

'Ikertzaileen Europako Gaua' iritsi da Unibertsitatera

Berrogeita hamar jarduera baino gehiago programatu ditugu gizarte osoarentzat, modu birtualean gozatu ahalko direnak

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2020/11/25

Modu birtualean gozatzeko ekitaldi horrek berrogeita hamar jarduera baino gehiago izango ditu. Argazkia: UPV/EHU

UPV/EHUk “Ikertzaileen Europako Gaua” ospatuko du azaroaren 26an eta 27an. Modu birtualean gozatzeko ekitaldi horrek berrogeita hamar jarduera baino gehiago izango ditu. Hauxe da Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateak kontinenteko 400 hiritan baino gehiagotan egiten den eta Europar Batasunaren babesa duen ekimen honen antolaketan parte hartzen duen lehen aldia. Hitzorduaren helburu nagusiak dira ikerketan aritzen diren pertsonen lana ezagutaraztea, horrek gizartearentzat duen onura erakustea eta belaunaldi berrien artean ikerketarako bokazioa sustatzea.

Bi egun horietan, nahi duenak doan ikusi ahal izango du publiko orori zuzendutako jarduera programa zabal bat: tailerrak, zientziari buruzko bakarrizketa burutsuak “Zientzialarien kluba” delakoan, hitzaldiak, ikerketa arloei buruzko azalpen bideoak, esperimentuak ikertzaileen eskutik eta, meteorologiak aukera ematen badu, izarretatik ibilaldi bat Almeriako Unibertsitateko Behatokitik.

Hementxe izango dira eskuragarri eduki guztiak: https://www.ikertzaileengaua-ehu.org/.  

G9 unibertsitate taldeko kideen ekimena jarduera propioen bitartez

Zientzia dibulgazioko ekimen hau Europar Batasuneko Marie Sklodowska Curie programak sustatzen du. Kontinenteko 400 hiritan baino gehiagotan egiten da, eta, aurten, UPV/EHUk lehen aldiz parte hartuko du G9ren Ikerketarako Batzorde Sektorialaren barruan sortutako partzuergo –hona kideak: Oviedo, Kantabria, Gaztela-Mantxa, Extremadura, Zaragoza eta Nafarroako Unibertsitate Publikokoa eta Balear Irletakoa, eta Errioxako Unibertsitatearen lankidetzarekin– bateko kide gisa.