Nahia Idoiaga Mondragon, Maitane Picaza Gorrotxategi, Amaia Eiguren Munitis, Amaia de la Fuente Gaztañaga, Miren Nekane Beloki Arizti, Idoia Legorburu Fernández, Marina Sagastizabal, Aitor Garagarza Cambra, Irune Corres Medrano, Leire Etxezarraga
Nola aldatu dezaketen gizarte hezitzaileek eskola bizikidetza
UPV/EHUko ikertzaileak
- Cathedra
Lehenengo argitaratze data: 2023/07/06
Artikulu hau jatorriz The Conversation argitalpenean aurki daiteke.
Gure amonen eta are gure gurasoen munduaren oso bestelako mundu batean bizi gara. Eskola orainari edo etorkizunari baino gehiago iraganari begiratzen dion erakunde bat da, eta berandu doa egungo gizartearen zenbait ezaugarriri eta erronkari aurre egiteko orduan.
Ikastetxeek beren proiektuak eta politikak ikuskatu behar dituzte sortzen ari diren hezkuntza beharrei egokitze aldera. Hau da, gizarte aldaketek hezkuntza sistema etengabe aldatzea eskatzen dute.
Hezkuntzan berritzeko, zer eta nola aldatu behar den aztertu beharra dago. Halaber, ikastetxeetan dagoeneko egiten ari diren proposamenak ebaluatu behar dira, eta ikusi nola egiten ari diren, funtzionatzen ote duten eta zergatik.
Eskolaren aliatua den elkartea
Gure ikertzaileen taldeak sakonki aztertu du Kokuk elkartearen zeregina. Gizartean eta hezkuntzan esku hartzeko programa kokurrikularren (hau da, hezkuntza curriculumaren paraleloa, borondatezkoa) helburua da hezkuntza formalaren, ez-formalaren eta informalaren arteko mugak lausotzea.
Horretarako, gizarte hezitzailearen irudia sartzen dute ikastetxeetan. Hala, profesionalek neska-mutilak laguntzen dituzte irakaslearenaz bestelako rol batekin, eta integrazioari, bizikidetzari eta garapen pertsonalari erreparatzen diete.
Gizarte hezitzaileek eskolan bazterkeriak prebenitzeko, giro anitza eraikitzen laguntzeko eta ikasle guztiak sustatzeko egiten den lana osatzen dute, ezaugarri pertsonalak eta sozialak gorabehera.
Azterketa zehatza
Azterlanean zenbait ikerketa teknika konbinatu ditugu:
- Dokumentuen analisia.
- Elkarrizketa erdiegituratuak.
- Foku taldeak.
- Ad hoc inkestak.
- Aholku kontseiluaren ebaluazioa –emaitzak egiaztatzen ditu–.
Ikerketa honen analisian parte hartzeko hezkuntza komunitateko eragileak hautatu dira: zuzendariak, irakasleak, kaleko hezitzaileak (hezitzaile kokurrikularren antzera, laguntza eta prebentzio lana egiten dute, baina ikastetxetik kanpo), ikasleak eta familiak. Elkarrizketatuek zuzenean ezagutzen dute Kokuk elkartea aspaldidanik egiten ari den lana.
Beren erantzunak bat datoz: elkartearen bitartez egiten den lanari esker, atzerriko herritarrekin lotutako estereotipoak eta aurreiritziak hausten dira, eta errazagoa da haien integrazioa eta bizikidetza. Horrez gain, haurren eta nerabeen gabezia materialekin eta emozionalekin zerikusia duten arazoak modu egokiagoan lantzen dira.
Ikasle artatuak, bizikidetza hobea
Gizartean eta hezkuntzan esku hartzearen onurak arlo pertsonalean nahiz harremanen eta komunitatearen esparruan kokatzen dira: emozioak hobeto kudeatuz gero, gatazkak gutxitzen dira; eta gatazkak murrizten badira, eskola errendimendua hobea da. Ikasleek artatzen eta entzuten dituztela sentitzen dute. Horri esker, ikastetxearen parte izatearen pertzepzioa handitzen da eta, aldi berean, absentismoa murriztu.
Irakasleak laguntzea
Gizarte hezitzaileak ikastetxeen egunerokoan txertatzen direnean, irakasleek berez aurre egiteko gai ez diren egoerak kudeatu daitezke. Elkarlanean dihardutenean, ikastetxeko bizitza modu integralagoan igarotzen da, pertsonek batera jarduten dute eta guztiok guztion alde lan egiten ikasten dute. Hezkuntza komunitatea osoa kohesionatu egiten da.
Dena den, hezkuntza formaleko eta hezkuntza ez-formaleko profesional elkarrizketatuen arabera, proiektuak bi muga orokor ditu. Batetik, ikastetxeetan gizartearen eta hezkuntzaren arloan esku hartzeko baliabide ekonomikorik ez dago, irakasleen eta gizarte hezitzaileen esanetan, beren lana gutxiesten baita eta, ondorioz, ez baita inbertsiorik egiten.
Bestetik, gizarte eta hezkuntza lan horri esker, pertsona eta haren garapen integrala erdigunean jartzen dituen hezkuntza hobekuntza bat lor daiteke, baina horrek duen garrantziaren kontzientziazio txikia dago.