euskaraespañol

Igor Ahedo Gurrutxaga, Carlota Galán Fresno eta Iraide Álvarez Muguruza

Nola detektatu emakumezko ikasle ‘iruzurtiak’ eta gizonezko ikasle ‘zauriezinak’

UPV/EHUko ikertzaileak

  • Cathedra

Lehenengo argitaratze data: 2024/02/14

Irudia

Artikulu hau jatorriz The Conversation argitalpenean aurki daiteke.

Desberdina al da emakumezkoen eta gizonezkoen ikasteko modua? Desberdintasuna soziologikoak edo fisiologikoak alde batera utzita, gure Politika Zientzietako ikasleen artean egindako ikerketek erakutsi dutenez, generoak ikasketa-prozesuan eragiten du.

Sozializazioak haurtzaroan eta nerabezaroan arauak nork bere egitea dakar, eta nahi gabe barneratzen ditugu. Sistema patriarkalean sozializazioa emakumezkoengandik eta gizonezkoengandik sozialki espero duguna ezartzen duten genero arauen bidez egiten da, baita hezkuntzaren arloko eremuetan ere. Alde batetik, nesken kasuan, honako genero arau hauek nabarmentzen dira: zuhurtasuna, perfektutasuna, lankidetza eta atsegintasuna. Bestetik, mutilen kasuan, honako hauek nabarmentzen dira: senidetasuna, arduragabekeria, suhartasuna eta zauritu ezina.

Aurreko artikuluetan azaldu dugu portaera bereizgarri horietatik eratorritako desberdintasunak zuzentzen laguntzen duten tresnak zein diren eta ikasleek nola kudeatu ditzaketen desberdintasun horiek taldeko kontratuen eta bidaia koadernoen bidez.

Hala ere, joera horiek zuzendu aurretik, identifikatu egin behar ditugu. Nola egin dezakegu?

Ikasgelan diagnostikatzea

Ikasgelako aniztasuna aztertzeko hainbat test daude. Horietako bat Kolb testa da; horren bidez, ikaskuntza estilo abstraktuenak eta espekulatiboenak identifikatu daitezke, estilo aplikatuagoen eta zehatzagoen aldean. Politika zientzietako gure ikerlanen arabera, lehenengo mota mutilen artean nabarmentzen da, eta bigarrena, berriz, nesken artean.

Ikaskuntzan genero alborapenak agerian uzten dituen beste galdetegi bat Clance testa da, iruzurtiaren sindromea lantzen duena. Fenomeno hori Pauline Clancek eta Suzanne Imesek deskribatu zuten, eta, egoera hori bizi duen gizabanakoak besteak engainatzen ari dela uste du intimoki. Pertsona horren ustez, engainuaren arrazoia da inkontzienteki bilatzen duela besteek bere gaitasuna gehiegi balioestea. Hortaz, pertsona horrek ez du uste lorpenak bere esfortzuaren edo gaitasunaren ondorio direnik, eta horren ondorioa etengabeko tentsio egoera da, gainerakoek iruzurra dela deskubritzearen beldur baita.

Sindrome hori oso ohikoa da arrakasta profesional eta akademikoko egoeretan, eta ondorio pertsonalak eta akademikoak izan ohi ditu. Ikerketen arabera, ohikoagoa da emakumezkoen artean. “Iruzurtia” izatearen sentsazioaren nagusitasuna perfekzionismoaren genero arauei lotuta dago, eta motibazioari eragiten dio.

Clance testak 20 baieztapen jasotzen ditu, 1etik 5erako eskala batean puntuatu daitezkeenak, pertsona bakoitzak bere ustez zenbateraino betetzen dituen kontuan hartuta. Hainbat gairi buruzko galderak dira: segurtasunari buruzkoak, laudorioak onartzeari buruzkoak, gai ez garela deskubritzeari buruzkoak eta abar. Puntuazioa gehitzean fenomeno horren garrantzia kuantifika dezakegu, eskala honen arabera: 20-40 puntu lortu baditugu, ez dago sindromerik; 41-60 puntu lortu baditugu, esperientzia gutxi batzuk izan ditugu; 61-80 puntu lortu baditugu, sindromeari lotutako esperientziak maiz izan ditugu, eta 81-100 puntu lortu baditugu, berriz, esperientziak askotan izan ditugu.

Kasu praktikoa

2023an UPV/EHUko Politika Zientzietako graduko ikasleen artean fenomenoaren garrantzia aztertu nahi izan genuen. Galdetegia 110 emakumezkok eta 83 gizonezkok bete zuten. Batez besteko emaitzek (62 puntu) erakusten dutenez, Politika Zientzako graduko ikasleen artean sindromea neurrizkoa edo nabarmena da. Hala ere, mutilen eta nesken arteko aldea 10 puntukoa da; izan ere, 67 puntu lortu dituzte emakumezkoek eta 57 puntu gizonezkoek. Hau da, fenomenoaren indarra, batez beste, handiagoa da nesken artean, diziplina gehienetan egindako nazioarteko beste azterlan batzuekin bat.

Muturreko erantzunak aztertzen baditugu, alde nabarmena dagoela ikus dezakegu. Horretarako, 50tik beherako eta 70etik gorako erantzunak dituzten testekin zer gertatzen den aztertu dugu. Ildo horretatik, batez besteko erantzunak dituzten galdetegiak alde batera uzten baditugu, generoaren araberako aldea areagotzen da: nesken % 7k soilik du puntuazio baxua, eta % 46k 70 puntu baino gehiago. Bestalde, mutilen kasuan, % 22k du puntuazio baxua, eta % 8k puntuazio altua.

Azkenik, muturreko puntuazioak dituzten pertsonen kopurua aztertzen badugu, emakumezkoen % 10ek (20 neska) sindromearen esperientzia biziak dituztela (testean 80tik gorako emaitza) ikus dezakegu, baina gradu osoan gizonezko bakarra dago egoera berean.

Ondorioak ikaskuntzan

Generoaren teoriei esker emaitzak hobeto uler ditzakegu. Perfekzioan eta zuhurtasunean oinarritutako emakumezkoen sozializazioa iruzurtiaren sindromearen prebalentzia handiagoarekin lotzen da. Aitzitik, gizonezkoen zauritu ezintasuna eta suhartasuna gehiegizko autopertzepzio positiboaren atzean egon daitezke.

Autopertzepzio horrek ondorioak izan ditzake, batez ere gradu amaierako lanak aurkeztean. Hortaz, gehiegizko segurtasunak (gehien bat mutilen kasuan) eta segurtasun ezak (gehien bat nesken kasuan) lanen kalitatean eragina izan dezakete.

Horregatik, autodiagnostiko batek eta ikasleek emaitzak aztertu, taldekoekin alderatu eta genero teoriaren arabera ulertu ahal izateko ikasgelan egindako lan batek aurkezpenak hobetzen lagun dezakete. Kasu batzuetan ikusiko dute xehetasunez prestatzea beharrezkoa dela, material desberdinen laguntzaz (aurkezpen grafikoak, adibidez), zauritu ezintasunak eragindako inprobisaziorako joera saihesteko. Beste batzuetan, berriz, segurtasuna landuko da, konfiantza izan dezaten egindako lana fidagarritasunez eta asertibitatez defendatzeko.

Horri esker, iruzurtia edo zauriezina izatearen sentsazio faltsuak ez digu jukutria gaiztorik egingo eta ez du eraginik izango ebaluazioan.