euskaraespañol

Idoia Camacho Markina

Nola gainditu jendaurrean hitz egiteko beldurra eta hizlari ona izatea

Bozeramaileen Prestakuntza eta Kazetaritza Espezializatua irakasgaietako irakaslea

  • Cathedra

Lehenengo argitaratze data: 2023/08/02

Irudia
<a href="https://www.freepik.es/foto-gratis/orador-masculino-dando-presentacion-salon-taller-universitario-audiencia-o-sala-conferencias_12726945.htm#query=buen%20orador&position=39&from_view=search&track=ais">Imagen de master1305</a> en Freepik.

Artikulu hau jatorriz The Conversation argitalpenean aurki daiteke.

Demostenes hizlari eta politikari atenastarrak ahoskera akatsak zituen haurra zenean; Mahatma Gandhi mutu geratzen zen jendaurrean, herabetasunak eraginda,berak idatzitakoa irakurtzea ere kosta egiten zitzaiola; Winston Churchill totela zen eta zeharo zalantzati; beraz, zeharo saihesten zituen agerraldi publikoak eta beste erremediorik ezean baino ez zuen parlamentu britainiarrean hitz hartzen. Estadista handia izateak, nazioartean eragina duen pertsona izateak, ez du saihesten jendaurrean hitz egiteko beldurra.

Inor ez da jaiotzen hizlari ona izateko dohainekin. Jendaurrean hitz egiten ikasi egiten da. Historian, hamaika dira komunikatzeko zailtasunak izan eta gainditu dituzten hizlari handien adibideak. Gertatzen dena da zenbat eta beranduago hasi praktikatzen, orduan eta gehiago kostako zaigula beldurra gainditzea.

Garrantzitsua da jakitea erreakzio naturala dela beste pertsona batzuen aurrean hitz egiteko beldurra izatea. Logikoa da hori sentitzea, ez bagaude ohituta geure burua agerian ibiltzera. Inork ez du jendearen aurrean gaizki geratu nahi, horregatik sentitu dugu denok noizbait beldur hori.

 ‘Formación de portavoces’ [Bozeramaileen prestakuntza] liburuan azaltzen dut komunikazio gaitasuna nola garatu, aurkezpenak eginez gozatzeraino iritsi ahal izateko. Hiru dira gakoak:

  1. Komunikatzeko dugun moduaz jabetzea: gure estiloa zein den jakitea.
  2. Prestakuntza: funtsezko tresnak ezagutzea azalpen arrakastatsua egiteko.
  3. Praktika: entrenatzea, akatsak zuzentzea eta hobetzea.

Nork bere burua ezagutzea jendaurrean hitz egiteko beldurra galtzeko

Komunikatzeko dugun moduaz ohartzeak berariaz dakar publiko baten aurrean gaudenean nola hitz egiten eta mugitzen garen jakitea, zer jarrera hartzen ditugun, gure ahotsak nola jotzen duen, zertzuk emozio sentitu eta zertzuk pentsamendu ditugun... Funtsezkoa da geure burua ezagutzea, transmititzen ditugun mezuez eta besteei eskaintzen diegun irudiaz jabetuta.

Horretarako, oso baliagarria da bideoak grabatzea diskurtsoan ari garela edo ispilu baten aurrean praktikatzea. Horrela, gure komunikazio alderdi eraginkorrak eta hobetu behar ditugunak identifikatu ahal izango ditugu.

Pertsona bakoitzak du bere estiloa eta akatsa da norberaren estiloa aldatzen saiatzea, beste batzuk imitatzeko. Norbera izatea da gakoa, inori gustatzearekin obsesionatu gabe, eta entzuleei norberaren onena eskaini. Zenbat eta hobeto prestatuta egon, orduan eta beldur txikiagoa jendaurrean hitz egiteko.

Prestakuntza

Aurkezpen bat arrakastatsua izan dadin, kontzientziaz prestatu behar da. Zaindu behar dira bai esaten ditugun hitzak, bai hitzik gabeko gure hizkuntza.

Aurkezpenaren helburua zehaztuz gero, aurkitu ahal izango ditugu kontatu beharrekoetatik zeintzuk diren publikoaren interesekoak. Helburua bada entzuleen kezka edo premiaren bat asetzea, beren aurrean jarriko gara jarrera indartsuaz, ezer baliagarririk eskainiko diegularik.

Mezu nagusia ere definitu behar da, hau da, entzuleen buruan grabatu nahi dugun ideia. Ez badugu argi zein den helarazi nahi dugun mezua, jendea zer kontatu nahi genien jakin gabe joango da eta azkar ahaztuko du gure diskurtsoa.

Informazioa askoz hobeto iristen zaio publikoari ondo antolatuta dagoenean. Horregatik, edukiak antolatu behar dira gidoi batean. Antzinako Grezian erabiltzen zuten egitura bera du: sarrera, garapena eta ondorioa.

Mezuaren atalak

Sarreraren funtzioa da arreta bereganatzea eta interesa sortzea. Publikoarekin izan beharreko lehenengo harremana denez, ondo prestatu behar da, lehenengo inpresioa positiboa izan dadin. Buruz ikasteak lagunduko du sinesgarritasuna eta sendotasuna transmititzen, bai eta gainerako diskurtsoarekiko konfiantza hartzen ere.

Garapenak biltzen ditu aurkezpenaren oinarrizko ideiak. Oro har, ez da komeni hiru edo lau ideia baino gehiago izatea. Alferrik da entzuleei gehiegizko informazioa ematea abailtzeraino, ezinezko izango baitzaie informazio guztia bereganatzea.

Ondorioen atalean ez da ezer berririk esan behar, jada azaldu den zerbait azpimarratu eta horretan eragin baizik. Oroitu ahal da publikoak bere eginda eramango duen onura, bai eta mezu nagusia errepikatu edo ekintzara deitu ere. Azken hitzak direlarik, entzuleei gogoratzeko errazenak izan beharko zaizkie eta, horregatik, kontu handiz prestatu eta ondo ikasi behar dira buruz.

Helburua, mezu nagusia eta diskurtsoaren egitura argi edukita, errazago izango zaigu funtsezkoa nabarmendu eta alferreko ideietan ez aritzea. Eta gure entzuleei aukera eskaintzen zaie hariari jarraitzeko eta transmititu nahi ditugun mezuak atzemateko.

Hitzik gabeko teknikak

Hitzik gabeko hizkuntzaren barruan, keinuak eta mugimenduak, ahotsa, begirada eta janzkera biltzen dira, besteak beste. Elementu horiek guztiek bat etorri behar dute hitzezko mezuekin, beroriek indartzen lagun dezaten. Teknika guztiek ez dute mundu guztiarentzat balio, norberak aurkitu behar ditu helburuetara hobekien egokitzen direnak.

Oro har, ondo funtzionatu ohi du jarrera erlaxatua eta zutitua hartzea, ikusleekin begi kontaktua mantentzea, argi eta arin hitz egitea, lelo eta betegarririk ez erabiltzea, egoerari egokitutako irribarrea eta aurpegi adierazpidea izatea, keinu natural eta seguruekin.

Entzun eta erreakzionatu

Ez dugu ahaztu behar, publikoarekin komunikatzea lortu nahi badugu, lehendabizi entzun beharra dugula. Aurkezpenaren aurretik, aztertuko ditugu entzuleen ezaugarriak eta interesak, diskurtsoa horietara egokitzeko. Eta hitzaldian zehar, gure mezuak entzuleen erreakzioetara egokitzen joango gara.

Ikasitakoa praktikatzea besterik ez da geratzen, hasiera batean zail eta bihurri lirudikeena hobetzen eta natural bihurtuko bada. Komeni da aprobetxatzea jendaurrean hitz egiteko aukera guztiak, bat ere galdu gabe. Honetara, beldurra gainditu eta hizlari eraginkor bihurtuko gara, egokiro komunikatuko duena.

The Conversation