euskaraespañol

Erakusketa: 'Nola ikasten duzu?'

Noiz eta non

Noiztik: 2024/05/14 Noiz arte: 2024/05/30

Kokapena

Txillardegi aretoa - Carlos Santamaria Zentroa
Plaza de Elhuyar 2. -20018- Donostia / San Sebastián (Gipuzkoa)

Irudia
Argazkia: Elkarrikertuz ikerketa-taldea

Deskribapena

UPV/EHUko Carlos Santamaría Zentroko Txillardegi aretoan, Donostian, ‘Nola Ikasten duzu?’ izeneko erakusketa zabalik dago. Jarduera Elkarrikertuz (IT1586-22) ikerketa-talde finkatuak antolatu du, EHUkultura Gipuzkoarekin elkarlanean. Ikerketa artxiboan oinarritutako erakusketa honetan, ikerketa prozesuaren materialaz gain, dokumentazioarekin elkarrizketan dauden arte-lanak erakusten dira.  

Erakusketa 14tik 30era egongo da zabalik, UPV/EHUko Carlos Santamaria Zentroko Txillardegi aretoan, Donostian. Sarrera librea da. Ordutegia: astelehenetik ostiralera, 8: 00etatik 20:30era. 

“Azken hiru urteetan unibertsitateko ikasleek nola ikasten duten ikertzen aritu gara (TRAY AP, Zientzia eta Berrikuntza Ministerioa, PID2019-108696RB-I00. 2020-2022). Ikerketa-prozesuan zeregin garrantzitsua izan dute hainbat prozesu bisualek eta artistikok. Prozesu horiei lotutako materialekin, erakusketa bat planteatu dugu ikerketa hedatzea eta irakurketa berrietara zabaltzea helburu duen artxibo ireki gisa. Erakusketak ikerketaren arrastoak modu multimodalean aztertzeko eta zabaltzeko aukera ematen du, elkarrizketara gonbidatzen duten epazioak sortuz. Inguratzen gaituena ikusteko eta ulertzeko modu berriei buruz pentsatzeko aukera bezala ulertzen da erakusketa”, dio Estitxu Aberasturi UPV/EHUko Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia Fakultateko irakasle zein Elkarrikertuz ikerketa-taldeko kide eta arduradunak. 

“Ikerketaren arrastoak-jarraitzen du- aretoaren espazioan zehar zabaltzen dira, elkarrizketa eta hausnarketa egitera gonbidatuz. Bisitariak hainbat esperientzia, material grafiko eta aural barnera ditzake, zeintzuek ikerketaren igarobide eta ibilbideetan kokatzeko aukera ematen duten. Aldi berean, erakusketak obra irekietatik abiatuta poetika berriak sortzeko aukera ematen duten piezak erakusten ditu, literaltasunetik urrun eta ikerketa-prozesua pentsatzeko aukera eman digunarekin elkarrizketak sustatuz”. 

Erakusketa “ikerketaren bidez hasitako elkarrizketa sentitzeko eta pentsatzeko beste modu batzuetara zabaltzeko gonbidapena da. Espazio bizi gisa aurkezten da, non piezak elkarrizketak ahalbidetzen dituzten proposatzen diren jarduerekin batera. Helburua, ikastea izan daitekeenaren gainean ibilbide eta aukera berriak eraikitzen jarraitzea delarik”, ondorioztatu du Estitxu Aberasturik.