euskaraespañol

Mar Gijón Mendigutía

Palestina-Israel gatazkaren jatorria

Juan de la Cierva doktorego ondoko ikerlaria

  • Cathedra

Lehenengo argitaratze data: 2023/10/23

Irudia

Artikulu hau The Conversation argitalpenean aurki daiteke.

Palestinaren eta Israelen arteko gatazkaren sustrai historikoak ulertzeko, lurralde horretan XIX. mende amaieran izandako gertakizunei erreparatu behar zaie.  Zioak ez dira bilatu behar erlijioan, mugimendu sionistak eginiko kolonizazioan baizik. Sionismoa doktrina bat da, eta, horrez gain, proiektu politiko, nazionalista eta muin-muinean koloniala.

Sionismoa, Sykes-Picot akordio sekretuak eta Balfourren deklarazioa

1896az geroztik, sionista terminoa erabiltzen da izendatzeko Theodor Herzl Inperio austro-hungariarrean jaiotako kazetari juduak sortutako mugimendu politikoa. Mugimendu hori hasieran erlijioan oinarritu ez bazen ere, faktore hori erabili zuen erreklamo gisa estatu judua sortu ahal izateko.

Herzl-ek ‘Der Judenstaat’ (‘Juduen Estatua’) idatzi zuenean, Palestina ez zen haren lehentasuna. Aurretik, beste leku batzuk aztertu zituen nazio berri bat sortzeko aukera gisa: hala nola Argentina, Uganda, Zipre, Kenya, Mozambike, Sinaiko Penintsula edo Kongo.

Azkenean, Palestina hautatu zuen, aukera horren aldeko ‘legenda (erlijioso) boteretsuagatik’, nahiz eta bai berak bai alboan zituen beste buruzagi sionistek beren burua ateo edo ‘ez-sinestuntzat’ hartzen zuten. Mugimendu sionista proiektu kolonial bat izan zen hasieratik, haren buruzagiek hala aitortuta, eta pixkana-pixkana lurraldeak bereganatzeko helburua izan zuen, kolonien bitartez. Gainera, babesa bilatu zuen, Inperio Otomandarrarena lehenbizi eta britainiarrena ondoren, azken horien artean Lionel Walter Rothschild bankari ospetsua egonik.

Bestetik, Lehen Mundu Gerran, kontuan hartu behar da Frantziak eta Erresuma Batuak arabiarren laguntza behar zutela otomandarrak garaitzeko, eta beren probetxurako erabili zutela ‘arabiar iratzartze handiaren’ independentzia irrika, nagusi garai hartan Ekialde Hurbil eta Ertainean.

Hala ere, bi potentziek zentzu horretan hasieratik eginiko promesak iruzurtiak izan ziren. Arabiarrei independentzia hitzeman zieten, eta aldi berean elkarren artean banatu zituzten garaitutako Inperioaren lurraldeak.

Urteetan adostutako asmo horiek 1916an sinatutako Sykes-Picot akordio sekretuan gauzatu ziren, eta argitara atera zituzten boltxebikeek, Tsarraren gainbeheraren ondoren. Sir Mark Sykes ingelesak eta George Picot frantziarrak elkarren artean banatu zuten eskualdea, bi zatitan, ‘mandatu’ modura. Ondorioz, ‘Siria Handia’ zatitu egingo zen: Siria eta Libano Frantziarentzat izango ziren; Transjordania (egungo Jordania), Irak eta Palestina, Erresuma Batuarentzat.

Horrek ondorio larriak izan zituen Palestinarentzat, ez bakarrik ingelesen kolonizazioaren hasieragatik, ezpada mugimendu sionistaren aldekoak ziren britainiarrek hartutako konpromiso formalagatik, 1917ko Balfourren Deklarazioaren bidez, zeinak aldarrikatu baitzuen “juduen aterpe nazional bat eraikitzea Palestinan”, berekin ekarri zuena areagotzea XIX. mende amaieraz geroztik Palestina historikoan gertatzen ari zen kolonizazio sionista.

Gainera, sionismoaren idiosinkrasiak berak, mugimendu kolonial gisa, aplikatu zuen –eta gaur egun aplikatzen jarraitzen du– ‘kolonizazio zuriaren’ eredua. Hau da, biztanleria indigena ‘ordezten’ duen kolonizazioa, hitzaren zentzu guztietan, biztanleria kolono emigratu baten bidez. Kontzeptu hori hertsiki lotuta dago sionistek nazioarteko hainbat instantziatan aurkeztutako eta ondoren indar militarra erabiliz gauzatutako plan guztietan.

Mandatu Britainiarra eta Palestinaren zatiketa

Beraz, 1917an ingelesek kontrolpean hartu zuten Palestina, kontrol hori 1920an ofizialdu bazen ere. Horren ondorioz, hainbat krisi eta gatazka piztu ziren palestinarren lurraldean, migrazio sionista oldarkorra babesten zuen kolonialismo ingelesaren aurkako protesta gisa.

Gatazka horien adibide batzuk dira 1929ko al-Buraq-eko matxinada, 1933ko istiluak, 1936-39ko arabiar Errebolta Handia (‘al-Zawra al-kubra’) eta, azkenik, Palestina historikoaren zati handienaren suntsiketa, 1948an.

Ondorioz, 1946 eta 1947 artean, britainiarrek erabaki zuten Nazio Batuen esku uztea Palestinako arazoa: alde batetik, une horretan AEBen babesa zuten sionisten aldarrikapenengatik eta Palestinan gero eta indar handiagoa hartzen ari zen eta britainiarrak ere jomugan jartzen hasi zen terrorismo juduarengatik;  bestetik, arabiarren presio gero eta handiagoagatik, beren eskubideak errespetatzea eta eginiko promesak betetzea exijitzen zutenak.

1947ko azaroaren 29an, Nazio Batuen Erakundeak (ia esperientziarik gabeko erakundea garai hartan, 1945ean sortu baitzen) Palestina erdibitzea erabaki zuen formalki, 181. ebazpenaren bidez, lurraldea bi estatutan zatituz (bata judua eta bestea arabiarra).

Horrela, Nazio Batuek ez zuten kontuan hartu herrialdearen biztanleriaren jatorria, eta lurraldearen % 55 eman zioten Estatu juduari, biztanleriak nagusiki arabiarra  (musulmanak eta kristauak) izaten jarraitzen bazuen ere eta juduak soilik lurraren % 6aren jabe baziren ere.

Bi aldeek proposamena errefusatu zuten. Juduek, arabiar biztanleriarik gabeko lurralde zati handiagoa nahi zutelako; arabiarrek, uko egin ziotelako lurraldea zatitzeari eta zati bat arabiarrak kanporatzeko helburua zuen komunitate kolonizatzaile bati emateari.

Israelen sorrera eta ‘Nabka’

Azkenean, 1948an, kolonizazio prozesua bururaino eraman eta Israelgo Estatua sortzeko aldebakarreko erabakia hartu zen, eta berekin ekarri zuen horrek lurraldearen eraldaketa bortitza eta biztanleria palestinarraren erdia baino gehiago beren lurraldetik kanporatzea. Palestinar gehienak errefuxiatu bihurtu ziren, ikerlari gero eta gehiagok garbiketa etnikotzat jotzen duten prozesu batean.

Hainbat erlijiotako (musulmanak eta kristauak) eta klase sozialetako 750.000-800.000 pertsona beren etxe eta lurraldeetatik bota zituzten, arabiarrek ‘al-Nakba’ (katastrofea, suntsiketa) deitzen duten horretan. Pertsona horien ondare pertsonala eta kolektiboa desjabetua edo suntsitua izan zen.

Era berean, bizi ziren herrixka, herri eta hirietako auzoak suntsituak edo hustuak izan ziren –jabeak bota zituzten– eta ‘berhabitatuak’ ondoren, kolono juduen esku utziak.

Orduz geroztik, herri palestinarra hiru multzotan sakabanatuta bizi izan da: inguruko herrialde arabiarretara edo beste leku batzuetara kanporatuak izan ziren palestinarrak; Israel Estatu sortu berrian gelditu zirenak (ez dira errefuxiatutzat hartzen); eta Palestina historikotik gelditzen ziren eremuetara joan zirenak (Zisjordania, Gaza eta Jerusalem). Gaur arte, inor ezin izan da itzuli bere etxe eta sorterrira.

The Conversation