Pedro Grandes Espainiako Kanabinoideei buruzko Ikerketa Elkarteko (SEIC) presidente izendatu dute
«Ohore handia niretzat eta oso pozik nago», adierazi du Pedro Grandes SEICeko presidente berriak
- Albisteak
Lehenengo argitaratze data: 2019/12/18
UPV/EHUko irakasle Pedro Grandes Espainiako Kanabinoideei buruzko Ikerketa Elkarteko (SEIC) presidente izendatu dute, Zuzendaritza Batzordeko kideek onartu ondoren. Lehen, elkarteko presidenteordea zen. Lau urtez arituko da kargu berrian. «Ohore handia niretzat eta oso pozik nago», adierazi du Pedro Grandes SEICeko presidente berriak.
Presidente berriak egiteko hauek izango ditu: toki, nazio eta nazioarteko mailan bilera, mintegi eta egintza zientifikoak antolatzea; prestakuntza jarduera maila profesionalean eta sozialean sustatzea; informazioa trukatzeko sare bat zentralizatzea; eta erakunde publiko eta pribatuei kanabinoideen arloan sor daitezkeen gaiei buruz aholkatzen laguntzea.
Hala ere, Pedro Grandesen arabera, erantzukizun handiena hauxe izango da: kalamuak gizakien burmuinean eta gorputzaren gainerakoan nola eragiten duen zorroztasun zientifikoz ikertzearen ondoriozko datu gehiago izatearen garrantzia eta beharra helaraztea gizarteari. Datu gehiago izanez gero, hobeto eta berme handiagoz aprobetxatuko dira kalamuaren aukera terapeutikoak, eta murriztu egingo dira kontrako ondorioak.
Espainiako Kanabinoideei buruzko Ikerketa Elkartea (SEIC) elkarte zientifiko bat da, eta kanabinoideen arloan hainbat diziplinatatik eta hainbat metodologiarekin lan egiten duten ikertzaileek osatzen dute. SEICek zientzialariok babestu nahi ditu, eta kanabinoideei buruzko ikerkuntza eta ezagutzaren aurrerapena sustatzeko lege esparru bat erraztu.
«SEIC ikertzaile gazteek osatzen dute batik bat, eta gogo handiz ikertzen dute kanabinoide sistema, zientzian lan egiteko prekarietate ekonomikoak gorabehera», adierazi du Grandesek.