euskaraespañol

Genero ikuspegitik egindako ikerketa saritu du Unibertsitateak

Berdintasunerako Zuzendaritzak sariak entregatu dizkie Francisca de Aculodi, María Goyri eta Micaela Portilla Sarietarako deialdi berrietan saritutako GRAL, TAL eta tesiei, baita martxoaren 8ko edizioko kartel irabazleak ere.

  • Erreportajeak

Lehenengo argitaratze data: 2021/03/03

UPV/EHUko Martxoaren 8ko Ekitaldi Instituzionaleko Kartela egiteko III. Sariketaran kartel sarituaren zati bat. Egilea Libe Mimenza da.
UPV/EHUko Martxoaren 8ko Ekitaldi Instituzionaleko Kartela egiteko III. Sariketaran kartel sarituaren zati bat. Egilea Libe Mimenza da.

Emakumeen Nazioarteko Eguna ospatzeko ekitaldiak direla eta, martxoaren 8an, beste behin ere, UPV/EHUk sariak banatuko dizkie ikerketan genero ikuspegia txertatu duten Gradu Amaierako Lanei eta Master Amaierako Lanei eta tesiei.

Berdintasuna 2020-21 Sariak ekitaldian, bestalde, Berdintasuneko Zuzendaritzak Libe Mimenza sarituko du, hark irabazi baitu UPV/EHUko martxoaren 8ko ekitaldi instituzionaleko kartela egiteko lehiaketaren III. edizioa, eta Anat Moschkovich, berriz, UPV/EHUko genero indarkerien aurkako protokoloko kartela egiteko sariaren III. Edizioaren irabazlea.

Micaela Portilla Vitoria Sariaren IX. Edizioa

Aurkeztu diren ikerketei dagokienez, Micaela Portilla Vitoria Sariaren IX. edizioko epaimahaiak Maria Zapata Hidalgoren ‘La depresión y su recuperación. Una etnografía feminista y corporal’ ikerlana jo du azterketa feministei edo genero azterketei buruzko tesirik onenetzat.

María Zapata

Mariak dioenez, “nire lana depresioari eta hura gainditzeari buruzko azterketa soziokultural eta feminista bat da. Arreta berezia jarri diot bizipen horien lehen pertsonako esperientziaren dimentsio haragizko eta afektiboari”. 

Bere ustez, “oro har, edozein azterketa kulturaletan ikuspegi feminista eta generoaren ikuspegia txertatu beharko lirateke, errealitatearen panoramika konplexua egiteko. Izan ere -azaltzen du-, depresioak oso ondoez feminizatuak dira; emakumeei gizonei baino bi aldiz gehiago eragiten diete”. 

“Niretzat sari bikoitza da -dio Martak- Alde batetik, bost urtez egin dudan lanaren errekonozimendua da, eta errekonozimendu hori bizi izan nintzen etxe beretik dator, lan hori garatzeko aukera eman didan etxetik; beraz, maitasun handiz jasotzen dut sari hau. Bestalde, tesia unibertsitateko argitaletxetik bertatik argitaratzeko aukera emango dit, eta hala, azken testua zabaltzen jarraitu ahal izango dut”.

Maria Goyri Sariaren IX. Edizioa

Bestalde, Nagore Fernández Zabalak irabazi du aurten UPV/EHUren master amaierako lanetan genero ikuspegia txertatzearen María Goyri Sariaren IX. Edizioa ‘Euskal Ipuingintza garaikidea genero politikaren argitan: maskulinitate eta feminitate ereduak aztergai’  izeneko Master Amaierako Lanagatik.

Nagore Fernández

Nagorek azaltzen duenez, "Nire ikerketan, egungo gizartean indarrean dauden subjektibotasun ereduak aztertu nahi izan ditut, literaturan uzten duten arrastoari jarraituz. Zehazki, maskulinitate eta feminitate ereduek euskal ipuin garaikidean duten lekua eta irudikatzeko modua aztertu ditut."

"Ea zergatik aplikatu dudan genero-ikuspegia nire TALen?", galdetzen du Maria Goyri edizio honetako irabazleak, "Angels Carabík (2000) esaten digu mendebaldeko kulturetan sistema patriarkala literaturaren bidez transmititzen zaigula, besteak beste. Horregatik, garrantzitsua eta beharrezkoa iruditu zait literaturaren bidez mugatzen eta sailkatzen gaituzten rol-a, etiketa, jarrera eta abarren erradiografia egitea, generoen eraikuntzari buruz hausnartzea".

"Sari honek irakatsi dit berdintasunaren aldeko borrokan esparru akademikotik ere aldarrikatu, salatu eta hautsi daitekeela zoritxarrez bizirik eta sendo dirauen arrakala. Eta niretzat, pertsonalki zein taldeka, horrek asko esan nahi du ", Nagoreren ustez.

Francisca de Aculodi Sariaren IX. Edizioa

Francisca de Aculodi Sariaren IX. Edizioari dagokionez –Gradu Amaierako Lanetan genero ikuspegia sartzea hartzen du kontuan–, Berdintasunerako Zuzendaritzak Artea eta Giza Zientziak, Ingeniaritza eta Arkitektura, Gizarte Zientziak eta Zientzia Juridikoak eta Osasun Zientziak ataletan ikasleek egindako lan irabazle hauek sarituko ditu:

Sonia Morentin

Sonia Morentin Gual, Arteen eta Humanitateen arlokoa (Itzulpengintza eta Interpretazio Gradukoa), ‘Hizkera inklusiboa, oraingo itzulpenaren erronka: testuinguru teorikoa eta euskara-gaztelaniako itzultzaileen jarduna’ lanagatik.

“Nire ikerketa lana hizkera inklusiboari buruzkoa da”, azaltzen du Soniak. “Alde batetik, hizkera mota horrek duen garrantzia eta azken urteetan izan duen bultzada nabarmentzen dira, eta bestetik, euskal hizkuntzan nola aplikatzen den. Batez ere, euskal itzulpenean duen lekuaren inguruan hausnartu nuen, zehazki, hizkuntza erromanikoen (gaztelania eta frantsesa) eta euskararen arteko itzulpen konbinaketan. Euskaraz hizkera inklusiboa erabiltzeko gidak eta artikuluak aurkitzea errazagoa da, baina hizkera inklusiboaren eta itzulpen esparruaren arteko harremanean hutsune bat zegoela ikusi nuen”, argitzen du.

Noemí Morcillo Rodríguez

Noemí Morcillo Rodríguez, baita Arteen eta Humanitateen arlokoa (Sorkuntza eta Diseinuko Gradukoa, ‘Cena de familia’ proposamenagatik.

“Nire Gradu Amaierako Lana ilustratutako karta joko bat da. Batez ere 12 eta 16 urte bitarteko gazteak gizarteko mikromatxismoen egunerokotasunaz kontzientziatzeko eta jokalariak egungo emakumearen egoeran jartzeko diseinatua dago”, azaltzen du Noemik.

“Horretarako, genero ikuspegia aukeratu dut; izan ere, nire bizitzan zehar, jakitun izan nahiz zerbait ondo ez zihoala. Ez nuen ulertzen, kiroletan, zergatik izaten ginen neskak azken aukera, ageriko arrazoirik gabe; ez nuen ulertzen nire ikaskide mutilak adinako nota atera arren, zergatik balio zuen gehiago haren iritziak nireak baino; halaber, ez nuen ulertzen zergatik nintzen ni egokiena aitona zaindu behar zenean, nire anaiak ni bezain prestatuta zeudela jakinda”.

Mikel Sarasola Artolazaga

Mikel Sarasola Artolazaga, Ingeniaritza eta Arkitektura arlokoa (Energia Berriztagarrien Ingeniaritzako Gradukoa), ‘Espainiako erresumako eta Poloniako pobrezia energetikoaren analisia’ GRALagatik.

Mikelek dioenez, “Espainiako eta Poloniako pobrezia energetikoa aztertzen duen lan bat egin dut. Nire helburu nagusia pobrezia energetikoa pairatzen duten etxebizitzen identifikazioa izan da, ondoren hauek beste aldagai batzuekin gurutzatu ahal izateko”.

Lan honetan, azpimarratzen du, “generoaren aldagaiak pisu nabaria izan du. Nire ustez pobrezia energetikoa genero-ikuspegitik aztertzeak mota honetako lanek normalean azalarazten ez duten arazo bat islatzen duelako: emakumeak energetikoki ere pobreagoak dira”.

Oier Irazabal Urrutia

Oier Irazabal Urrutia, Ingeniaritza eta Arkitektura arlokoa dena, (Informatikaren Ingeniaritzako Gradukoa), ‘Systems to decrease gender bias in classifiers’  ikerketagatik irabazi du saria.

“Adimen Artifiziala gero eta eragin handiagoa izaten ari da gure bizitza arruntetan -ziurtatzen du Oierrek-. Algoritmo horiek erabilgarritasun zabala daukan arren, diskriminatu dezaketela ohartarazi dute aditu batzuk. Nire lanean diskriminazioa murrizteko teknikak lantzen eta konparatzen dira, erabilgarritasuna mantentzen saiatuz”. Ingeniari informatiko honek genero-ikuspegia aplikatu du bere GRALen, argi daukalako, “gizartetik ezabatu beharreko diskriminazio nagusienetarikoa delako”.

Libe de la Puente Ruíz

Libe de la Puente Ruiz, Gizarte Zientziak eta Zientzia Juridikoko arlokoa (Zuzenbideko Gradukoa), ‘Asilo eskubidea eta generoa: emakumeen mutilazio genitala aztergai’ lanagatik.

Libek azaltzen duenez, “nire ikerketa lanaren helburuak bi ziren, alde batetik, emakumeen mutilazio genitala sufritzeko edo sufritutako arrazoipean asilo eskaera tarteratzen duen emakumeari ematen zaion trataera juridikoa aztertzea eta bestetik, errefuxiatu izaera aitortzeko oztopo nagusiak identifikatzea”. Halaber, Liberen ustez, “generoa analisi kategoria bezala erabiltzeak gizonaren esperientzia objektiboki inpartziala den parametro bezala erabiltzeari uzteko tresna delako”. 

Naroa Martos Sánchez

Naroa Martos Sanchez, Gizarte Zientziak eta Zientzia Juridikoko arlokoa (Pedadogiako Gradukoa), ‘Altas capacidades intelectuales, algo más que ser inteligentes: alumnas adolescentes con altas capacidades intelectuales y su autoconcepto’  lanagatik.

Naroak adimen gaitasun handiak dituzten nerabeen errealitatean sakondu du generoaren ikuspegitik, eta arreta berezia jarri dut autokontzeptuaren garapenean. “Horretarako, azterketa bat egin dut adimen gaitasun handiko neska gazteekin, eta hobekuntza ildoak planteatu ditut, pedagogiaren ikuspegitik, gaitasun intrapertsonal hori hobetzeko”.

Azaltzen duenez “nire lana generoaren ikuspegitik bideratu nahi izan dut, gaitasun handiko emakumeek bi egoera bizi baitituzte. Emakumeak izateaz gain, beste arrisku kolektiboko batekoak ere badira: gaitasun handiko pertsonena; horrenbestez, oztopo handiagoak dituzte nortasuna eratzeko eta gaitasunak garatzeko”.

Naroaren lanaren emaitzen arabera, “nerabe horiek beren gaitasunak ezkutatzeko joera izaten dute, sozialki transmititzen zaien rol femeninoa hartu nahian. Ondorioz, halako neska asko ez dira gaitasun handiko pertsona gisa identifikatzen, eta horregatik erabaki nuen ikuspegi hori aukeratzea”.

Joseba Corada Prieto

Joseba Corada Prieto, Medikuntzako Gradukoa, ‘Consumo de antidepresivos en el País Vasco: análisis cuantitativo con perspectiva de género’ GRALagatik.

Josebak 2015 eta 2019 arteko antidepresiboen kontsumo-eredua aztertu du. "Hortik abiatuta, emakumeen eta gizonen arteko kontsumo- eta depresio-desberdintasunei buruzko ondorioak atera ditut, eta argitaratutako ebidentzian oinarrituta, azalpen psikosozialak eta biologikoak aztertu ditut".

Bere ustez, "desberdintasun sozial handiak daude emakumeen eta gizonen artean, eta horiek esparru guztietara zabaltzen dira, osasuna eta, ondorioz, osasun mentala barne. Herritar gisa konpromiso bat dugu horrekin -azpimarratzen du-, eta uste dut garrantzitsua dela horrelako gaiak genero-ikuspegitik bideratzea, gizarteak, oro har, hausnartzeko asko ditugun alderdiei buruz eztabaida dezan ".

Elena Leiñena Berdintasuneko zuzendariaren iritziz, "sari hauek tresna bikaina dira genero-ikuspegia Unibertsitateko komunitate osora zabaltzeko eta genero indarkerien aurkako sentsibilizazioa lantzeko".