euskaraespañol

Elena Leiñena Mendizabal

Prestakuntza, genero ikuspegitik: funtsezko tresna bat berdintasunaren arloan aurrera egiteko

Berdintasunaren arloko zuzendaria

  • Cathedra

Lehenengo argitaratze data: 2021/03/04

Elena Leiñena Mendizabal
Elena Leiñena Mendizabal. Argazkia: Mitxi. UPV/EHU.

Hamarkada berri baten hasieran, eta COVID-19ak markatutako testuinguru berezi batean, gure unibertsitateko kideak aurrera doaz emakumeen eta gizonen arteko benetako berdintasunaren bidean. Bide horri, hain zuzen, 2006. urtean ekin genion, Berdintasunaren arloko Zuzendaritza sortu genuenean.

Ez dugu ahaztu behar bideari hasiera eman zioten pertsonak pozik eta konprometituta zeudela hezkuntza eremuko eta euskal gizarteko hainbat eremutako aukera berdintasunen aldeko borrokarekin, eta, horri esker, lorpen garrantzitsuak izan ditugu Berdintasunaren arloko Zuzendaritzan: sexuen eta unibertsitate estamentuen arabera banatutako informazioari buruzko datuen hasierako bilketa; aholku eta lankidetza batzordeak eratzea (Berdintasun Batzordea, sektore arteko batzordeak); erakundeko organoetan emakumeen eta gizonen parte hartze orekatua ezartzea; eta, azkenik, estatu mailako aintzatespena, Genero Indarkeriaren aurkako Protokoloagatik lortutako Menina Sariari esker (2020). Helburu gehienak UPV/EHUren I. eta II. berdintasun planetan aurreikusita zeuden.

2021eko martxoaren 8a, alegia, emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna aldarrikatzeko eguna1, iristear dago, eta Euskal Herriko Unibertsitateari eta Berdintasunaren arloko Zuzendaritzari dagokien lehen egitekoa zera da, gure aurretik zeuden pertsona guztiek egin duten lan itzela eta baliotsua aitortzea eta, salbuespenik gabe, bihotzez eskertzea osatzen dugun erakundean berdintasunaren alde egin duten bidea. Egia esateko, pertsona horiek garai hartan izan zirenagatik eta egin zutenagatik gara gu garena.

Baina, berdintasuna lortzeko bidea luzea da2, eta ekin aurretik, iraupen lasterketa baterako moduko estrategia bat pentsatu behar da; indarrak arrazionalizatu behar dira, eta helmugara iristeko biderik egokiena aurreikusi, egungo egoerak kontuan hartuta. Hori dela eta, nahitaez jakin behar dugu gaur egun zer puntutan gauden, bai gizartean bai unibertsitatean, bide hori planifikatzeko eta gure helburua arrakastaz lortzeko (ahalik eta kostu txikienarekin). Aurreikuspenak objektiboa eta errealista izan behar du; ez da ez autokonplazentzian ez utopian erori behar.

Gure gizartearen, unibertsitatearen eta hezkuntzaren errealitatetik abiatuta eta kontuan hartuta mendebaldean eta, zehazki, Europan (edo, nahiago izanez gero, XXI. mendeko Europar Batasunean3) finkatuta dagoela, aurrerapenak egin badira ere, gure eremu politiko-sozialean, harrituta geratzen gara errealitatea ukatzen duten korronteekin. Zalantzan jartzen dituzte datu objektiboak eta ukaezinak, eta, beraz, adi egon behar dugu, eta gure helburuei eutsi. Eta are gehiago kontuan hartzen badugu balitekeela korronte horiek unibertsitatean ere aurkitzea. Hainbat azterlanek agerian jarri dute gure unibertsitateetan genero politikak eta kultura ezartzearen aurkako jarrerak daudela4. Unibertsitateko erabakitze eremuetan emakume gutxi egon ohi da, eta gutxi parte hartzen dute. Berdintasun araudia (formala) benetan inplementatzea ez da nahikoa, ez duelako behar adinako finantzaketarik eta giza baliabiderik. Kasu batzuetan, hizkuntza inklusiboa erabiltzearen edo curriculumean genero ikuspegia txertatzearen aurkako jarrerak aurkitu dira, bai eta sexu jazarpenari eta sexuagatiko diskriminazioari ausardiaz heltzeko erreparoak ere. Egoera horren aurrean, unibertsitate politiken eta diskriminazio positiboko neurrien bitartez esku hartuko dugu, horrelako joerak neutralizatze aldera.

Seguruenik, neurri handiagoan ala txikiagoan, UPV/EHUk ez du errealitate horretatik ihes egingo. Baina baieztapen hori ez litzateke objektiboa izango erakundeak jarrera horiei aurre egiteko azken urteetan egindako urratsak eta aurrerapenak zerrendatu eta azalduko ez balira (horietako batzuk lehen aipatu dira). Hori horrela, ezinbestekoa da nabarmentzea apustu argia eta irmoa egiten duela abusuen aurkako prebentzioaren eta prestakuntzaren alde, unibertsitate eremuan berdintasuna eta aniztasuna lortzeko bidean. Apustu hori Emakumeen eta Gizonen III. Berdintasun Planean (2019-2022) daude zehaztuta, eta bere jomuga NBEren 2030 Agendako Garapen Jasangarriaren Helburuak betetzen laguntzea da; besteak beste, genero berdintasuna (5. GJH).

Guztion erantzukizuna da berdintasunean prestatzea, abusuak prebenitzeko eta etorkizuneko gizarte parte hartzaileagoa eta hobea eraikitzeko tresna kualifikatuena eta eraginkorrena baita. Gure unibertsitate prestakuntzan ezinbestean txertatu behar ditugu berdintasunaren, justiziaren eta ekitatearen balioak5. Hori horrela, UPV/EHUk, Berdintasunaren arloko Zuzendaritzaren bidez, prebentzioaren aldeko apustu irmoa egin du Genero Indarkeriaren aurkako Protokoloa (2018) txertatuta, eta prestakuntzaren aldekoa, emakumezko ikasleentzako doako ahalduntze programak abiarazita. Halaber, gizonak kontzientziatzearen aldeko apustua egin du, genero indarkeria prebenitzeko. Aldi berean, berdintasunari eta aniztasunari buruzko prestakuntza ikastaroak antolatu dira, gai heterogeneoak eta askotarikoak jorratzen dituztenak; besteak beste, hizkuntza inklusiboaren erabilera eta maskulinitate berriarekin lotutako erronkak6. Hezkuntzaren eremuan, Akademe lidergo programak erraztasunak eta bultzada eman dizkie emakumezko irakasleei eta ikertzaileei saileko eta ikerketa proiektuetako zuzendari eta/edo hainbat fakultatetako dekano izan daitezen, alde batera utzita ardura postu eta kargu horiek sortu izan dituzten erreparoak eta estereotipoak7.

Iraupen lasterketako hurrengo zatia (III. Berdintasun Plana) amaitu gabe, helmugak unibertsitatean emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna lortzea izaten jarraitzen du. Hori dela eta, Berdintasunaren arloko Zuzendaritzak ahaleginak egingo ditu 2019. urtean hasitako bidea jarraitzeko eta oraindik gauzatu behar diren ekintzak ezartzeko. Asmoa da honako arlo hauetara bideratzea ahaleginak: hezkuntzaren eremuan genero ikuspegia txertatzea eta hori sustatzea; ikertzaile berriei euren ikerketak genero ikuspegidun metodologiekin egiten laguntzea; emakumeen artean bokazio zientifiko eta teknologikoak garatzea bultzatzea; genero edo orientazio aniztasuna errespetatzen duten unibertsitate guneak sustatzea; kontziliazio gida bat sortzea, langileen errealitate eta behar pertsonal, familiar eta soziolaboral desberdinei erantzuna emateko. Azkenik, UPV/EHUko ekitaldiak antolatzeko orientazio gida baten oinarriak diseinatzen saiatuko da Zuzendaritza (genero berdintasuneko eta jasangarritasuneko irizpideak izan beharko ditu).

Ekintza horiek guztiek barne hartzen duten prestakuntza eredua unibertsitateak aukeratutakoa da, eta unibertsitateko kide guztiei eragiten die; baina etorkizuna, funtsean, gure gazteei ematen diegun hezkuntzan eraikitzen ari gara. Hain zuzen ere, hemendik gutxira, beraiek egin beharko dute lan, zientziaren arlo guztietan, genero ikuspegiarekin.

Genero ikuspegidun prestakuntza eredua eraikitzeko bidea ez da bakarrik egiten, eta ez da bakarrik egingo ere. Taldean lan egin behar da; bereziki, unibertsitateko kideekin. Baina, horrez gain, gure inguruneko beste instituzio, erakunde eta unibertsitate batzuekin ere aritu beharko da elkarlanean, bai Espainiakoekin bai Europakoekin.

Berdintasunaren bidea jarraitu aurretik, unibertsitateak hitzordua dauka martxoaren 8an, Arabako Campusean egingo den ekitaldi eder batean. Bertan, alde batetik, gure emakume akademikoen eta langileen irakaskuntza, ikerketa eta jarduna omendu eta aitortuko dira. Bestalde, aurreko ikasturtean genero ikuspegia txertatu zuten lan akademikoak sarituko dira. Horrela, gai horri buruzko azterlanen abangoardia akademikoa osatuko da. Aldarrikatzeko, ospatzeko eta berdintasunaren bidean indarrak hartzeko egun bat.

 

1 Espainiako Konstituzioaren 14. artikulua, eta Europar Batasunaren funtsezko balioa (1957ko Erromako Ituna).
2 Horren froga dira emakumeen eskubideen aldeko lehen aldarrikapenetako batetik (1857) 150 urtez baino gehiagoz egin diren borrokak, eta egun hori, mundu mailan, Emakumearen Nazioarteko Eguna bezala instituzionalizatzea (NBE, 1975).
3 Europan, oraindik ere beharrezkoa da emakumeen eskubideen eta haien babesaren aldeko borroka, emakume askok ez baitute berdintasunik, ez ahalduntzerik, ez segurtasunik. Estatistikek agerian uzten dute Europar Batasunean emakumeek ordezkaritza txikia dutela politika eta enpresa esparruetako erabakiak hartzeko postuetan, eta beraien diru sarrerak gizonenak baino % 16 txikiagoak direla, batez beste. Era berean, genero indarkeria eta jazarpena oso zabalduta daude oraindik. (https://op.europa.eu/webpub/com/factsheets/women/es/)
4 Castaño Collado, Cecilia –Vázquez-Cupeiro, Susana, “Progress and resistance to gender mainstreaming in Spanish public universities. The case of Gender Equality Units”, Genera Talento 2013-2016 R&D+i proiektua, Espainiako Gobernuaren Plana (FEM 2013-48225-C3-2-R); Bustelo, María– Lombardo, Emanuela, “The implementation of gender+ equality policies in Spanish universities: opportunities for and resistances to measures against sexual and sexist harassment”. Politiken eta Generoaren Europako Konferentziarako lana (Amsterdamgo Unibertsitatean egin zen konferentzia, 2019ko ekainaren 4tik 6ra).
5 Huerta Viesca, Mª Isabel, “La composición equilibrada de género en los consejos de administración: entre la Ley Orgánica 3/2007 de igualdad, su proyectada reforma y la Ley 11/2018, de 28 de diciembre, en materia de información no financiera y diversidad” ‘Gobierno corporativo e igualdad de género. Realidad y tendencias regulatorias actuales’ (Campuzano Laguillo, Ana Belén – Pérez Troya, Adoración (zuz.), Tirant lo Blanch, Valentzia, 2019, 92-118, 100, 117.
6 2019-2020 ikasturtean, 1.196 lagunek (% 82 emakumeak ziren) eman zuten izena antolatutako ikastaroetan, eta kopuru horren % 50ek edo ikastaroa amaitu zuen.  
7 Hori horrela, pozik eta baikor egoteko modukoa da Unibertsitateko azken ordezkaria eta egungoa emakumeak izatea, kontuan hartuta Espainiako 50 unibertsitate publikoetatik 9k bakarrik dituztela emakume errektoreak.