Amets bikoitza: Euskara zientifikotzea eta zientzia euskaratzea. Zientzia eta Teknologia Fakultatearen historia euskalduna ’ liburuak Fakultateak euskararen normalkuntza prozesuan 50 urteko historian eman dituen urratsak eta garatu dituen ekimenak jasotzen ditu.
‘Amets bikoitza: Euskara zientifikotzea eta zientzia euskaratzea’ liburua argitaratu da
Zientzia eta Teknologia Fakultateak euskararen normalkuntzan eman dituen urratsak jasotzen ditu lanak
- Albisteak
Lehenengo argitaratze data: 2020/12/03
Orain dela mende erdi pasatxo Bilboko Unibertsitatea sortu zen eta beronen barruan Zientzia Fakultatea. Gero, aldaketa sakon batzuen ondoren gaurko Euskal Herriko Unibertsitateko Zientzia eta Teknologia Fakultatea bilakatuko zen. Urte horietan zehar euskarak normalizazio bidean urrats asko egin ditu, eta bide horretan Fakultatea izan da lekuko eta parte-hartzaile. Hasierako uneak ez ziren batere xamurrak izan. Unibertsitatea erdalduna zen garai haietan, gizartea zen bezala euskal hiri gehienetan. Orduko jende askori, gainera, ez zitzaion burutik ere pasatzen unibertsitate mailan euskaraz jardun zitekeenik.
Liburua Aitor Castañedak editatu eta Jacinto Iturbe eta Jesus Mari Txurruka Zientzia eta Teknologia Fakultateko irakasleek idatzi dute. Iturbe eta Txurruka aitzindarien lekukotasunetik Zientzia eta Teknologia Fakultatean euskara nola sartu zen kontatzen du. Egileek atzera begiratu eta aldi bakoitzeko giroa ekartzen dute gogora, zientzia eta teknologia euskaraz bizi daitekeela beti sinistu duten bi pertsonen lumaren bidez.
“Euskarak zientzia adierazteko balioduna izatearen printzipioak potentzialitatea ematen badu ere, potentzialitate hori errealitatean gauzatzeko egin behar den bideak esfortzu handia eskatu zuen. Korrontearen kontra egiten genuela sentitzen genuen, bai unibertsitatean, bai gizartean, askok ez zuten uste zientzia euskaraz irakats zitekeenik. Ia hutsetik hasi behar izan genuen: euskaraz sortutako zientzia liburuak irakurri, nazioarteko komunitate zientifikoko arauak xurgatu eta zeuden euskarazko hiztegiak erabili genituen”, gogorarazi du Jacinto Iturbek, Zientzia eta Teknologia Fakultateko Kimika irakasleak, eta 1986an UPV/EHUko Euskararako lehen errektoreorde izan zenak.
70eko hamarkadan egindako lanaren uzta jasotzeko unea heldu zen, eta 1979ko urrian euskarazko lehen ikasgaiak eskaini zituen Fakultateak. Hala, Matematika, Fisika, Kimika, Biologia eta Geologia euskaraz jaso zituzten 42 ikaslek.
Jesus Mari Txurrukak gogoan ditu urte haiek: “Ezjakintasunaren ausardiarekin abiatu genuen ikasturtea, baina argi genuen egitasmo hura guk eraman behar genuela aurrera. Alabaina, gure esfortzua baino gehiago, Fakultatean euskaraz hasi ziren 42 ikasleen balentria azpimarratuko nuke. 1979an etxeko euskararekin heldu ziren, ordura arteko ikasketa guztiak gazteleraz egin ondoren”.
Fernando Plazaola Fakultateko dekanoak nabarmentzen duen moduan urte hauetan lortutakoa ez da “manaren” moduan zerutik jausi, lan itzela egin behar izan baita. “Batzuek lan ikaragarria egin behar izan dute, gaur egun Zientzia eta Teknologia Fakultatean ikasleek euskaraz ikas dezaten. Nahiz eta hobetzeko asko dagoen, gaur egun Zientzia eta Teknologia Fakultatean ikasle guztietatik %57,6 euskarazko lerroan daude”, jakinarazi du Fernando Plazaolak
Liburuaren aurkezpena
‘Amets bikoitza: Euskara zientifikotzea eta zientzia euskaratzea. Zientzia eta Teknologia Fakultatearen historia euskalduna’ liburua gaur arratsaldean aurkeztuko da Bizkaia Aretoan, Euskararen Egunaren testuinguruan. Han izango dira bi egileak, eta ekitaldia, gainera, Fakultatearen 50.urteurrena ospatzeko egingo den azken ekimena izango da.
Ekitaldian izango dira, besteak beste:
- Bingen Zupiria, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu
- Xabier Arauzo, Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara zuzendari nagusia
- Jon Zarate, Euskararen eta Etengabeko Prestakuntzaren arloko errektoreordea
- Andrés Urrutia, Euskaltzainburua
- Jon Abril Olaetxea, Elhuyar Fundazioko burua
- Iban Thicoipe, Seaskako ordezkaria