euskaraespañol

Iberiar Penintsularen historia genomikoaren berreraikuntza

UPV/EHUren ekarpena izan duen ikerlan batek erakutsi du egungo euskal populazioak Burdin Aroko genetika tipikoa duela

  • Ikerketa

Lehenengo argitaratze data: 2019/03/25

Irudia
La Braña (León). Argazkia: Julio Manuel Vidal Encinas.

Science aldizkariak argitaratu berri du Biologia Ebolutiboko Institutuak eta Harvardeko Unibertsitateak batera zuzendu duten nazioarteko ikerlan bat, aztergai izan dituena penintsularen historiaren azken 8.000 urteak. Emaitzek erakutsi dute Europako estepetako ondorengoen inbasio batek gizonezkoen ia populazio osoa ordezkatu zuela duela 4.000 urte. UPV/EHUko irakasleen ekarpena izan duen lanak erakutsi du egungo euskal biztanleriak Burdin Aroko Iberiako genetika tipikoa duela.

Nazioarteko ikerlan batek, Biologia Ebolutiboko Institutuan aritzen diren CSICeko (Ikerketa Zientifikoen Goi Kontseilua) eta Harvardeko Unibertsitateko ikertzaileen zuzendaritzapean, azken 8.000 urteak hartzen dituen Iberiar Penintsularen mapa genetikoa egin du. Science aldizkarian argitaratu den ikerlanak aztergai izan ditu penintsulako zenbait aldi historikotako 271 biztanleren genomak, eta kontrastatu egin ditu aurreko azterlan batzuetako 1.107 antzinako indibiduoren eta 2.862 modernoren datuekin. Penintsulako biztanleriak etapa historikoetan eta historiaurrekoetan izan duen eraldaketaren irudi inedito bat izan da horren guztiaren emaitza. Ikerlanean aritu dira Domingo C. Salazar García, Javier Fernández Eraso eta Jose Antonio Mujika Alustiza, UPV/EHUko Geografia, Historiaurrea eta Arkeologia Saileko irakasleak.

 

Burdin Aroko biztanleria maskulinoaren ordezkapena

Ekialdeko Europako estepetako artzainen ondorengoen taldeen etorrerak –duela 4.000 eta 4.500 urte artean– biztanleriaren ordezkapena eragin zuen: gutxi gorabehera, tokiko biztanleriaren % 40aren eta gizonezkoen % 100aren ordezkapena. “Emaitza genetikoak oso argiak dira, alde horretatik. Pixkanaka, 400 bat urte iraun zuen etapa batean, estepetan jatorria zuen R1b-M269 leinuak ordeztu egin zituen ia guztiz Kobre Aroko Iberian ordura arte presente egon ziren Y kromosomaren leinuak”, azaldu du Biologia Ebolutiboko Institutuko Carles Lalueza-Fox ikerlariak (CSICren eta Pompeu Fabra Unibertsitatearen zentro mistoa).

"Argi eta garbi prozesu dramatiko bat izan bazen ere, datu genetikoek berez ezin digute adierazi zerk eragin zuen hori", diosku David Reich Harvardeko medikuntza eskolako ikerlari nagusiak, ikerlanaren arduradunetako bat ere izan denak.

“Akatsa litzateke esatea bertako populazioa desplazatua izan zela, ez baitago ebidentziarik garai horretan bortizkeria nagusi izan zela adierazten duenik", erantsi du Iñigo Olalde Harvardeko Unibertsitateko ikerlariak.

Azalpen alternatibo bat litzateke garai horretako iberiar emakumeek nahiago zituztela Europa Erdialdetik iritsitakoak, “gizarte estratifikazio indartsu” baten testuinguruan, adierazi du Lalueza-Fox ikerlariak.

Ikerlari taldeak nabarmendu du datu genetikoak berez ez direla nahikoak historia osoa jakiteko. “Beste arlo batzuetako ebidentziak –hala nola arkeologia eta antropologiakoak– alderatu behar dira emaitza hauekin, hobeto uler dezagun zerk bultzatu zuen patroi genetiko hau”, baieztatu du Reich-ek.

Ordezkapen honen adibide gisa, hilobi bat dokumentatu du azterlanak, Castillejo del Bonete (Ciudad Real) herriko Brontze Aroko aztarnategian (Kobre Aroaren ondorengoa) aurkitu dena. Lurpean aurkitu diren bi indibiduoen artetik, gizonak estepa jatorria du; emakumea, aldiz, Kobre Aroaren aurreko iberiarren antzekoa da genetikoki.

 

Euskal genetika

Azterlanaren beste ondorio garrantzitsu bat da egungo euskaldunen genetika apenas aldatu dela Burdin Arotik (duela 3.000 urte inguru). Euskaldunak ehiztari mesolitikoen edo Iberiar Penintsulan bizi izan ziren lehenengo nekazarien ondorengo gisa kokatzen dituzten teoriek ez bezala, lan honen emaitzek adierazi dute estepetako eragin genetikoa Euskal Herrira ere heldu zela (are gehiago, Y R1b kromosomaren frekuentzia handienetako bat dute). Aitzitik, apenas duten ondorengo migrazioen eraginik, hala nola erromatarrena, greziarrena edo musulmanena, zeintzuengandik bakartuta geratu baitziren.

“Orain pentsatzen da hizkuntza indoeuroparrak Europan barrena zabaldu zirela estepetako herrien ondorengoen eskutik. Ikerlan honetan berreraiki egin dugu Iberiar Penintsularen mosaiko genetiko konplexua, non aurki ditzakegun indoeuropar motako paleohizkuntzak –hala nola zeltiberiera– eta ez-indoeuroparrak –hala nola iberiera–, eta euskara, oraindik hitz egiten den Europako hizkuntza aurre-indoeuropar bakarra. Gure emaitzek agerian utzi dute estepetako osagai genetiko handiago bat zeltiberiarrengan iberiarrengan baino, nahiz eta nolabaiteko disoziazio bat dagoen hizkuntzaren eta arbasotasunaren artean”, erantsi du Lalueza-Fox adituak.

 

Harreman afrikarrak

Afrikatik penintsularanzko korronte genetikoaren banaketari dagokionez, orain arte dokumentatu dena baino askoz antzinakoagoa da. Azterlanak egiaztatu du Afrika iparraldean jatorria duen indibiduo baten presentzia Iberiar Penintsularen erdialdean (Madrilgo Camino de las Yeseras-eko aztarnategian), duela 4.000 urte inguru bizi izan zena, baita afrikar emigratzaile baten biloba batena ere, garai bereko Cadizeko aztarnategi batean. Biek ala biek Saharaz hegoaldeko arbasotasun proportzio nabarmenak zituzten. Hala eta guztiz ere, kontaktu esporadikoak dira, arrasto genetiko txikia utzi zutenak Kobre Aroko eta Brontze Aroko iberiar populazioetan.

Gainera, emaitzek erakutsi dute Ipar Afrikako gene fluxua izan zela penintsularen hego-ekialdean, garai punikoan eta erromatarrean, musulmanak VIII. mendean penintsulara iritsi baino askoz lehenago.

 

Erromatarrak, greziarrak, feniziarrak, bisigodoak eta musulmanak

Mapa genetikoaren analisiak agerian uzten ditu eraldaketa sakonak penintsulako biztanlerian aldi historiko berriagoetan. “Lehenengo aldiz dokumentatu dugu penintsularen historiako gertakizun nagusien inpaktu genetikoa. Emaitzek erakutsi dutenez, Erdi Aroa hasi zenerako, Mediterraneo ekialdean jatorria zuten populazio fluxu berriek (erromatarrak, greziarrak eta feniziarrak) iberiar arbasotasunaren laurdena gutxienez ordezkatu zuten, eta horrek erakusten du migrazioek Mediterraneoko populazioan indar handia izaten jarraitzen zutela garai horretan", azaldu du Iñigo Olaldek.

Ikerlanak aipatzen duen fenomeno horren adibideetako bat Empúriesko kolonia greziarra da, penintsularen ipar-ekialdean, gure aroko 600 urteen eta aldi erromatar berantiarraren artean sortua. Aztertutako 24 indibiduoak bi taldetan banatzen dira herentzia genetikoari dagokionez: talde batek arbasotasun greziar tipikoa du; bestea, aldiz, inguruko Ullastret herrixkako iberiarrengandik genetikoki bereiztezina den populazioak osatzen du.

“Artikuluak, halaber, bisigodoen eta musulmanen etorrera aztertzen du. Lehenengoei dagokienez, Pla de l’Hortako (Girona) aztarnategiko bi indibiduo aztertu dira, Europako ekialdeko arbasotasun argia eta Asiako DNA mitokondrial tipikoa dutenak. Garai islamiarrari dagokionez, Granadan, Valentzian, Castellon eta Vinaròsen aurkitutako indibiduoak aztertu dira, % 50etik hurbil dagoen Afrika iparraldeko osagai bat dutenak, egungo iberiar populazioan aurki daitekeen portzentaje txikia (% 5) baino askoz handiagoa. Kasu honetan, Errekonkistan eta ondorengo musulmanen kanporatzean ia ezabatu zen arbasotasun bat da", adierazi du Lalueza-Fox-ek.

 

Iberia Mesolitikoaren populazioaren egitura

Ikerlan honek, egun berean ‘Current Biology’ aldizkarian argitaratutako beste batekin batera, lehen aldiz identifikatu du egitura genetiko espazial eta tenporal baten presentzia Mesolitoko Iberiar Penintsulako ehiztari-biltzaileen artean (duela 8.000 urte gutxi gorabehera). Ipar-mendebaldean, lehenengo nekazariak iritsi aurreko mendeetan bizi izan ziren ehiztari mesolitikoek afinitate genetiko bat dute Europa erdialdeko ehiztari biltzaileekin. Arbasotasun hori ez zen agertzen ez eskualde horretako aurreko ehiztari-biltzaileengan ezta Mesolito amaierako Iberia hego-ekialdeko ehiztari-biltzaile garaikideengan ere.

Ikerlana finantzatu duten erakunde nagusiak dira: Caixa, FEDER-MINECO (BFU2015-64699-1118P), National Institutes of Health (grant GM100233), Paul G. Allen Family Foundation eta Howard Hughes Medical Institute.

Erreferentzia bibliografikoa