euskaraespañol

Sarajevoko tranbiaren zain poema, ikusgai

Jose Mari Zendoiak ikus-entzunezko apaingarriarekin hornitu du Gure Hitzak liburuan argitaratu duen poesia bat

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2020/04/30

(Beste leiho bat zabalduko du)
Irudia

Osasun-egoera berria dela-eta, online izango diren hainbat ekimen jarri ditu abian EHUkulturak. Hala, gaur bertan, Gure Hitzak liburuko bere poema bati ahotsa eta irudiak jarri dizkio Jose Mari Zendoia irakasleak.

Gure Hitzak UPV/EHUko kideen alderdi artistikoen, poetikoen edo esperimentalena jasotzeko ekimena da. Helburu horrekin, testu laburrak, ipuinak, gogoetak eta poemak bildu dira, literaturaren eta hitz idatziaren arloan, gure unibertsitatearen sormen eta artearen errealitatea biltzen duten hogei bat idazlerenak. Jose Mari Zendoiak zortzi poema argitaratu ditu liburuan eta ikus-entzunezko apaingarriarekin hornitu du azkena: Sarajevoko tranbiaren zain. 

 

Zein da zure ekarpena Gure Hitzak liburuan?

Nik idatzitako zortzi poema daude liburu honetan: Zutabe eroriak,  Nola, Hurrengo borrokaldia, Uharte galduak, Azkenean!, Sugegorria, Liebesträume eta Sarajevoko tranbiaren zain.

 

Zergatik aukeratu dituzu poema horiek?

Ba neukan azken hiru urteetako olerkien zerrenda hautatua poema errezitaldiak egiteko, eta bilduma horietatik batzuk aukeratu nituen, kuttunagoak ditudalako edo. Espero dut liburuan agertzen diren nire olerkiak irakurleek atseginez jasotzea.

 

Sarajevoko tranbiaren zain poemari hitzak eta irudiak jarri dizkiozu. Zergatik?

Hirietako tranbia zahar horiek asko gustatu zaizkit beti, pena da gehienak galdu direla. Sarajevokoak bereziak dira, 1992-95 urteetako setioan barrikada moduan erabili izan ziren, eta oraindik ere pisu astuna garraiatzen dute, edertasuna eta tristura aldi berean. Duela bi urte argazkiak atera nizkien, eta bideo batean poemari laguntzeko aproposak iruditu zitzaizkidan.

 

Zer iruditzen zaizu Gure Hitzak proiektua?

Oso interesgarria. Unibertsitatean bestelako lana egiten dugunontzat, testu literarioak argitaratzeko eta jendearekin partekatzeko aukera polita da, eta bide batez, antzera gabiltzanon ekarpena ezagutzeko modua eskaintzen digu.

 

Gure Hitzak liburuko kapituluak argitaratzeaz gain,  beste ekimen batzuk ere martxan daude:

Certamen de relato breve ‘En cuarentena’  

UPV/EHUk eta El Correok abian jarri dute kontakizun laburren lehiaketa. Kontakizunok ostiral eta larunbatero argitaratuko dira egunkariaren webgunean. Maiatzak 18ra arte har daiteke parte eta epea amaituta ezagutaraziko dira irabazleak eta sariak.  

Aste honetan hautatutako lanak honakoak dira: Teo Torriarteren “Nueva vida” eta Badaezpadaren “Brutal”.  

Hementxe publikatuko dira. 

MUSIVERSIKA  

Musiversika, UPV/EHUren lehiaketa musikalaren hirugarren ediziorako deia zabaldu da. Aurkezpen epea ekainaren 30ean bukatzen da eta banakako zein taldekako musika proiektuek har dezakete parte. Baldintza bakarra: partaideetako bat UPV/EHUko unibertsitate komunitateko parte izatea (ikasle,  AZP zein IIP). Finalistek, diru-saria lortzeaz gain, irailak 16an Arabako Unibertsitate Pabiloian joko dute.  

Gainera, jasotako proposamenetatik G9 taldearen lehiaketa musikalean UPV/EHU ordezkatuko duen proiektua hautatuko da.   

Informazio gehiago, hementxe.