euskaraespañol

Nazioarteko astea UPV/EHUn

  • Kronika

Lehenengo argitaratze data: 2018/11/05

Xabier Mendizabal Japonen. Argazkia: Xabier Mendizabal

Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateko Graduondoko Ikasketen eta Nazioarteko Harremanen Errektoreordetzak Nazioarteko Astea antolatu zuen berriro, UPV/EHUk kudeatzen dituen truke programak, helmugako herrialdeak eta 2019-2020 ikasturtean unibertsitate trukean parte hartzeko baldintzak azaltzeko ikasleei. Informazio saioak hiru campusetan egin ziren aste oso batean.

Saioetan UPV/EHUko ikasleek zuzenean jaso ahal izan zuten Graduondoko Nazioarteko Harremanen eta Koordinazioaren arloko Errektoreordetzak kudeaturiko nazioarteko mugikortasun programekin zerikusia duen informazio guztia. Gainera, truke programa batekin bidaiatu zuten zenbait ikasle euren esperientziari buruz aritu ziren, eta gomendioak eman zizkieten trukea eskatzeko asmotan dabiltzan ikasleei.

Bilboko Ingeniaritza Eskolako ikaslea den Xabier Mendizabalek, adibidez, Japonian izandako esperientzia azaldu zuen. Xabierrek, Tokion dagoen Rikkyo Unibertsitatearekin sinaturiko aldebiko trukerako hitzarmena estreinatu zuen eta 2017. deialdiko Erasmus+ Nazioarteko Kreditu Mugikortasun (ICM) beka bat lortu zuen. Bertako ohitura batzuk ezagutzean izan zuen sorpresa eta ordutik nipondar adeitasunari eta leuntasunari dion miresmena adierazi zuen.

Nazioarteko astean, UPV/EHUko Psikologia Fakultatean egonaldi bat egiten ari den Japoniako Angasu Morison Noguchi ikasleak ere parte hartu zuen. Angasu eta Xabier Tokion ezagutu ziren eta Donostian beraien adiskidetasuna berrartu dute.

Horrela izanik, bi herrialdeetako ikasleen arteko interakzioak eta handituz doan unibertsitateen arteko lankidetzak, UPV/EHU eta Japoniako unibertsitate ezberdinen arteko trukeen eta proiektuen ugaltze esponentzial bat iragartzea ahalbideratzen dute.

UPV/EHUk lau truke programa eskaintzen dizkio unibertsitateko komunitateari: SICUE, Erasmus+ Europa, Latinoamerika eta Beste Norakoak. Azken programa honetan, 2019-2020 ikasturtean, Kanada, Hego Korea, Errusiar Federakundea eta Marokoko unibertsitate batzuetan Erasmus+ ICM funtsak lortzeko aukera egongo da. Aukerei buruzko informazio guztia Nazioarteko Harremanen webgunean dago eskuragai.