euskaraespañol

Susanna Dunder UPV/EHUko ikasleak zortzigarren notarik onena lortu du BAMEko azterketan

UPV/EHUko Medikuntza eta Erizaintza Fakultatea BAMEko lehen 100 postuen artean ikasle gehien duen hirugarren fakultatea da; guztira sei ditu

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2018/03/26

Susanna Dunder, UPV/EHUko ikaslea

Susanna Dunder UPV/ EHUko Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko ikasleak zortzigarren notarik onena lortu du BAME azterketan; karrerako batez besteko nota gehituta, hamaikagarren posizioan dago. Emaitza bikaina da eta, “ezustekorik ez badago”, berak esan bezala, nahiago duen espezialitatea aukeratu ahalko du.

Momentuz, neurologia eta barneko medikuntzaren artean dago zalantzan. Argi du er egoitza nahi duen: “nire lehen aukera Gurutzeta da, bertan ikasi baitut”, esan du Dunderrek. Hala ere, aukera ona izango litzateke ere, bere hitzen arabera, Basurtuko ospitalea.  Datorren apirilaren 3an argitaratuko dira behin betiko notak; hil horren erdialdean erabakia hartu beharko du eta, maiatzaren amaiera aldean, barneko mediku egoiliarraren etapa hasiko du.

BAME azterketa dela eta, azterketaren beraren zailtasunak harritu du; izan ere, “iaz errazagoa izan zen”, esan du.  Fakultateko beste bost ikaskidek 100 onenen artean sartzea lortu dute.  Jon Fulgencio 28. postuan, Ana Ruiz 29. postuan, Uxue Idiazabal 39. postuan, Julen 82. postuan eta Isabel Gainza 94. postuan. Horrela, UPV/EHUko Medikuntza eta Erizaintza Fakultatea BAMEko lehen 100 postuen artean gradudun gehien duen hirugarrena da, Madrilgo Unibertsitate Autonomoak eta Murtziako Unibertsitateak beste eta Madrilgo Unibertsitate Konplutentsearen eta Santiago de Compostelako Unibertsitatearen atzetik baino ez.

Finlandiatik Bilbora, amets baten bila

Susanna Dudeer, jatorriz, finlandiarra da, Noormarkkun udalerrikoa. 2010ean heldu zen Bilbora. Urte oso bat eman zuen gaztelania ikasten, hautaprobetara aurkeztu zen eta, 2011n, medikuntzako ikasketekin hasi zen.  “Beti nahi izan dut mediku izan, baina Finlandian oso zaila da karreran sartzea. Han Biokimika ikasten hasi nintzen, eta birritan saiatu nintzen medikuntzan  sartzen, baina ezin izan nintzen sartu”, esan du Susannak. Ikasketak utzi zituen bere herrialdean eta UPV/EHUn medikuntza ikasten saiatu zen; izan ere, bere bikotekideak –bilbotarra– eta lagun batek –berton ikasi zuen– animatu egin zuten horretara. Ikasketak amaitzean, bi aukera izan zituen: Finlandiara itzuli, BAME sistemarik ez duena, eta mediku orokor lanetan hasi eta, gero, espezializatu, edo hemen geratu eta azterketa prestatu. Azken aukera hautatu zuen.

Susanna oso pozik dago lortu duen emaitzarekin, eta Dander familia oso harro dago: "beraiek ez zekiten BAMEa zer den, baina azterketa egin zuten 14.450 pertsonaren artean 11. postuan geratu naizela esan nienean, asko poztu ziren”, esan du gradudunak; egun batzuk egin berri ditu Finlandian. Emaitza hori are esanguratsuagoa da, hizkuntzak ekarri dion zailtasuna kontuan hartzen badugu. Aitortu du hasieran nahiko kostatu zitzaiola moldatzea eta Bilbora heldu arte ezagutzen ez zuen hizkuntzan ikastea. Orain bikain hitz egiten du gaztelaniaz; lagun-taldea du eta oso integratuta sentitzen da. Bere buruari planteatzen dion hurrengo erronka: euskara ikastea.