Zelula terapia, hesteetako gaixotasun inflamatorioak tratatzeko

UPV/EHUk eta Harvard Unibertsitateak elkarlanean egindako ikerketak emaitza oso itxaropentsuak izan ditu, eta hasi dira animaliatan azterketak egiten

  • Ikerketa

Lehenengo argitaratze data: 2020/09/28

Ezkerretik eskuinera, Edorta Santos, Rosa Hernández, Manoli Igartua eta Ainhoa Gonzalez. Argazkia: Nuria González. UPV/EHU.

Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitatearen NanoBioCel ikertaldeak urteak daramatza zelulak sendagai gisa erabili ahal izateko aukera ematen duten sistemak garatzen. Zelula terapiak itxaropena piztu du gaur-gaurkoz konponbide farmakologiko efikazik ez duten gaixotasunen tratamenduan. Biomaterials, materialen zientziatako eta biomedikuntzako aldizkari liderrak ‘Multifunctional biomimetic hydrogel systems to boost the immunomodulatory potential of mesenchymal stromal cells’ artikulua argitaratu berri du, UPV/EHUko Farmazia Fakultateko ikertaldearen ildoetako baten emaitzak jasota.

Oso emaitza itxaropentsuak lortu dira, eta ikertzaileek aurrerapauso gehiago eman ahal izatea espero dute hesteetako gaixotasun inflamatorioen tratamendurako zelula terapiako sistema funtzioanitzean. Izan ere, hasi dituzte azterketak animaliatan, kolitis ultzeraduna dutenekin.

“Beharbada, alderdirik ezagunena terapia birsortzaileetan zelula amak erabiltzea da –dio Rosa Hernández Farmazia Fakultateko katedradun eta CIBER-BBNko ikertzaileak–, guztiek entzun baitugu kondrozitoak erabiltzen direla kartilagoak birsortzeko, edo kardiomiozitoak, aldiz, infartua izan duen bihotzak oneratzeko. Nolanahi ere, gure ikertaldeak zelula amen ekinbide terapeutikoaren ebaluazioan dihardu, baina efektu parakrinoen ondoriozkoari erreparatuta, alegia, zelula horiek askatzen dituzten hazkunde faktoreen eta zitokinen ondoriozkoari”.

Patologia inflamatorio askotan, esaterako, kolitis ultzeradunean edo Crohn-en gaixotasunean, zelula amak emateak onurak izan ditzakeela ikusi da. Horretan oinarrituta, orain hiru urte, ikertaldea, Rosa Hernández eta Manoli Igartua buru zirela, asmo handiko proiektu batera engaiatu zen, zelula amekin egindako saiakuntza klinikoetan sortu ziren arazoei iskin egin ahalko zieten sistemak garatzeko helburuarekin. Baiki, saiakuntza horietan, zelula amek patologia inflamatorio horiek tratatzeko ahalmena zutela frogatuta geratu zen arren, ikusi zen konponbide teknologiko berriak bilatu behar zirela sortu ziren arazoen aurrean (zelulak organismoan bizkor deuseztatzea, tumoreak sortzeko probabilitatea edo substantzia terapeutikoak askatzeko gaitasun txikia).

Duela gutxi, UPV/EHUren ikertalde horrek –tartean, Ainhoa González Pujana eta Edorta Santos Vizcaíno doktoreak nabarmendu behar dira– sistema funtzioanitz bat diseinatu du, eta proba arrakastatsu bat egin Harvard Unibertsitatearekin (Cambridge) elkarlanean, zehazki, David J. Mooney doktorea buru den taldearekin. «Sistemak, zelula amez gain, beste elementu batzuk ere hartzen ditu barnean: biomaterialak eta interferona askatzen duten mikropartikulak. Hala, zelulak luzaroan aktibatu ditzakete, patologia horien tratamenduan funtsezkoak diren zitokinak eta hazkunde faktoreak modu jarraituan askatu ditzaten, eta zelulek gehiago iraun dezaten organismoan, eta terapiaren biosegurtasuna handituta», adierazi du Hernández doktoreak.

Erreferentzia bibliografikoa