euskaraespañol

TREC Europako punta-puntako espedizio zientifikoak euskal kostaldeko ekosistemak esploratuko ditu UPV/EHUren laguntzarekin

Plentzia-Bilbo da laginketa intentsiboko eta dibulgazio zientifikoko zortzi geralekuetako bat. EMBLko laborategi mugikorrek eta ikerketako Tara belaontziak parte hartuko dute ekimenean

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2023/07/11

TREC Europako punta-puntako espedizio zientifikoa
Sylt-en (Danimarka) laginak hartzen maiatzean. | Argazkia: TREC

Euskal Herriko Unibertsitateak maila goreneko espedizio zientifiko bat hartuko du, gizartearen erronkekin eta UNESCOren Garapen Jasangarrirako Ozeano Zientzien Hamarkadako helburuekin bat egiten duena. TREC (Europako kostaldeak zeharkatuz, ingelesezko siglekin) punta-puntako espedizio zientifiko eta kontzientziaziokoa da; Biologia Molekularreko Europako Laborategiak (EMBL) koordinatzen du, Tara Oceans Foundation ozeanoak esploratzen dituen fundazioaren eta EMBRC-ERIC ikerketako Europako azpiegituraren partaidetzarekin (Plentziako Itsas Estazioa —PiE-UPV/EHU— azpiegitura horretako kide da). Espedizioa apirilean hasi da, eta 2024ko ekainean amaituko da.

TREC espedizioak Tara ikerketa zientifikoko belaontziaren ozeano-esplorazioa eta lehen aldiz lurra-itsasoa trantsizioan bertan EMBLk (gobernuarteko erakunde bat da, eta Espainia hartako kidea da) egingo dituen lanak konbinatuko ditu. EMBLren 50 urteetan lehen aldia izango da laborategiak kanpora atera eta zuzenean kanpoaldean lan egingo dena, PiE-UPV/EHU azpiegituraren eta itsas ikerketako beste azpiegitura batzuen laguntzarekin.

TREC espedizioak 22 herri bisitatuko ditu, 46 tokitan geldituko da, eta lurra-itsasoa trantsizioko 120 puntutan hartuko ditu laginak; horrez gainera, itsasoan ere jasoko dira laginak Tara belaontzitik. 46 geldiune horietatik 8 bakarrik hautatu dira laginketa intentsiboko eta dibulgazio zientifikoko gune gisa. Plentzia-Bilbo, PiE-UPV/EHU azpiegiturarekin, TREC espedizioak Penintsulan aztertuko duen lehenengo puntua izateaz gainera, bi jardueretarako ‘super guneetako’ bat izango da.

Zehazki, EMBLk bi ekipo mugikor eramango ditu. Bi ekipo horietako bat kamioi artikulatu bat da, atoi hedagarriduna, eta azken belaunaldiko mikroskopia-ekipamendu aurreratua Plentzia-Gorlizera eramateko erabiliko da. EMBLko 20 bat zientzialari arituko dira han lanean irailaren 13tik urriaren 11ra; PiE-UPV/EHUko zientzialariekin lankidetzan arituko dira, eta TREC espedizioko landa-laginketetan lagunduko dute.

Urriaren 4an, egonaldia amaitzeko zazpi egun falta direnean, PiE-UPV/EHUk laginketako laborategi mugikorrak hartuko ditu, ikertzaile gehiagorekin, lurra-itsasoa trantsizioan, Muskizen eta Urdaibain laginak hartzeko. EMBLren laborategi mugikor horiek behar den ekipamendua dute laginen hasierako prozesamendurako eta tokian bertan metadatuak jasotzeko. Marearteko gunean laginak jaso ondoren, PiE-UPV/EHUko laborategiak izango dira laginen azken prozesatzea egiteko gune nagusiak. Lagin horiek jasotzen dituzten bitartean, Tara belaontziak laginak jasoko ditu gure kostaldetik barrurago, ur sakonagoetan. Belaontzi horrek planeta zirkumnabigatu du zenbait aldiz azken 20 urteetan, plankton-biodibertsitatea aztertzeko. Jarduera horiek amaitu ondoren, UPV/EHUko Saltillo eskola-ontziak harrera egingo dio Abran belaontziari, eta Bilboko Itsasmuseumaren aurrez aurre amarratuta egongo da urriaren 11tik 18ra.

TREC espedizioak biodibertsitate mikroskopikoa (birusak, bakterioak eta bestelako organismo zelulabakar batzuk), alga-taldeak eta animalia batzuk aztertuko ditu. Metodologia aurreratuenak erabiliko dituen azterketari esker, orain arte ez bezalako informazioa lortuko da gure ozeanoetako biodibertsitateari buruz, eta Europako kostaldeko ekosistemetako lehenengo errolda osatuko da.

“Ekosistema horien eta haien mutazioen funtzionamendua ulertzen badugu, diagnostiko goiztiarrak egin ahal izateko tresnak eta etorkizunean izan daitezkeen aldaketa kaltegarriak leheneratzeko soluzioak garatu ahal izango dira. Itsasoko uretan, ml bakoitzeko, 10 milioi partikula biriko, milioi 1 bakterio eta arkeo eta 1.000 onddo, mikroalga eta protozoo daude, tokia eta janaria lortzeko lehian, eta erlazio intimoak eratzen dituzte elkarren artean, ingurunearekin eta pertsonekin. Ozeano batek ongi funtziona dezan, mikrobio-komunitate askotariko eta ugariak behar dira. Mikrobio horiek, bai ur-zutabean, bai hondo bentikoan, nutrienteak ematen dituzte, hondakinak deuseztatzen dituzte, ura garbitzen dute, ingeniari kimikoak dira, itsasoko elikagai-katea ehuntzen dute eta informazio genetikoa gordetzen dute, zeinak industrian eta medikuntzan aplikatuko diren biomolekula berriak sortzeko aukera emango baitute”. Hala azaldu du Ibon Cancio PiE-UPV/EHUko ikertzaile eta irakasleak; EMBRC-ES itsasoko baliabide biologikoak ustiatzeko ikerketako azpiegitura handiena da Europan. PiE azpiegiturak egin dituen esplorazio-ekimenek (besteak beste, ‘One-Health’ HOBE behatokia Plentzia-Gorlizko badian) gure kostaldera erakarri dute TREC espedizioa.

Ikuspegi zientifikoa eta esplorazioari buruzkoa lantzen ditu TREC espedizioak eta, horrez gainera, herritarrak inplikatu nahi ditu planetaren osasunarekin lotura duten ingurumen-arazoei dagokienez. Publikoaren parte-hartzera bideratutako jardueren artean izango dira jolasetan oinarritutako lantegiak, stand bat, hitzaldi zientifikoak gure lurraldeko hirietan eta bisita gidatuak Tara ontzira (Bilbon amarratuta dagoen artean), EMBLren laborategi mugikorretara eta PiE-UPV/EHUra.

Urriaren 11n biziko dugu Euskal Herrirako bisitako une gorena, EMBLren laborategi mugikorrak eta Tara ontzia batera izango baitira Bilboko Itsasmuseumaren aurrez aurreko zelaigunean eta nasan, eta han egingo dute harrera ordezkari instituzional eta akademikoek eta tokiko agintari politiko eta sozialek.