null

Joseba Agirreazkuenaga

Zientzia historikoen barrena, erlatibismo negazionistaren garaietan

Gaurregungo Historia saileko Katedraduna

  • Cathedra

Lehenengo argitaratze data: 2020/09/11

Joseba Agirreazkuenaga. Argazkia: Mikel Mtz. de Trespuentes. UPV/EHU.

“Egia-osteko” garaiak omen dira gureak, erlatibismoaz baliaturik, zientziaren bidezko ezagutzak ukatzeko asmoz. Eta bai, 1990tik, errealitate desberdinen arteko mugak lausotu egin omen dira. Ezagutza zientifikoak aro digitalean zailagoak ote bermatzeko? Faltsarioak aspaldikoak ditugu eta horregatik zaharrak berri.

Mundua esparru sakratutzat hartu ezkero, “egiak” liburu sakratuen sinismenetan adierazten ziren eta askorentzat dira, adibidez Biblian. Baina historialariok, zientzi historikoen bidez,  mundu sakratuaren egiak eta usteak profanatu ohi ditugu. Herodoto historialari grekoak, mito eta sinesmen sakratuak alde batera utzi eta iragana eta etorkizuna aldi berean pentsatuz, denboran barreneko benetako historia burutu zuen. Gure oinarri kulturala eta zientifikoa Greziatik ere abiatzen da, denboraren ikuspegi lineala Bibliakoa izan arren. Platon eta Aristotelesen ondoren, Pirron, Eliseakoak k.a. III mendea, egiazko ezagutzak sortzea posible ote zen zalantzan jarri zuen. Grezia klasikoan, skepsis delakoa, portaera abiapuntua zen. Erromatarren garaian benetako ezagutzak evidentiaren bidez lortzen ziren, grekeraz enargeia.

 XVI mendean, Europan barrena zabaldu zen eszeptikoen erronka indartsu. Francesco Robortellok Ars storica idatzi zuen eta metodo historikorako antikuarioen ekarpen materialak aldarrikatzen zituen, ekonomia eta eguneroko bizimoduko adierazpenak ulertuz.  Horrela, XVII mendean, historiografia berria abiatu zen, agirien kritika zorrotza eginez, benetakotasuna bermatzeko. Euskal Herrian Arnaut Oihenartek berrikuntza eragin zuen Notitia Utriusque Vasconiae (1638) argitaratzean. Laburbilduz, Gottfried Wilhelm Leibnizek balizko egiarantz hurbiltzeko ziurtasun probabilistikoak lantzeko proposamena egin zuen eta Isaac Newtonek ebidentzietan oinarrituriko metodo zientifikoa zabaldu zuen. 

Historiografian, historiaren historia egiten dugunez gero, ebidentzien prozesuan sakontzen dugu, era eta sorburu guztietako agirien kritika zorrotza eginez, problema eta zalantza historikoen argitasuna lortu nahian. Egiaren bila gabiltza eta sesgoak, aurreiritziak, joerak, behetik abiaturiko ikuspegiak antzematen ditugu.  Bilatzea da garrantzitsua, eten gabeko ikerketa prozesuak sortzen du kultura zientifikoa.  Galderen bidezko gai berriak proposatu, erronka berriak asmatuz, horri deitzen diogu progresoan barrena aritzea, asetu ezineko grina.

Historiografiaren bidez konturatzen gara iragana bere horretan sekula ez dagoela geldi, amaiturik. Unean uneko, belaunaldiz belaunaldiko kezkak erantzun behar ditu zientzia historikoen ekarpenak.

1948an Nazio Batuetako Erakundeak “Giza eskubideen aldarrikapen unibertsala” onartu zuen. Eta jakina ikuspegi honek ere historiografiaren erdigunean jo zuen. Azken aldian egiak sortzeko batzordeak sortu dira Nazio Batuetako Erakundeko 26 Estatutan baino gehiagotan. Baina “Egiaranzko Batzordeak” demokraziarantz diktadura totalitariotik abiatzeko unean, soilik, ez dira sortu edo gatazka armatu edo segregazionista baten ondoren. Adibidez, Ameriketako Estatu Batuetan, Kanadan edo Australian “egiaranzko batzordeak” sortu dira indigenen aurka eragindako bortxazko ekintzak eta sarraskiak aztertzeko, “eskubide historikoak” bermatzeko eta egia berriak ikusgarriak bihurtzeko, jatorrizko pertsona zapaldu eta baztertuen eskubideen alde. Beltzen trafikoa eta esklabutzaren ondorioz lorturiko irabaziak ere aztergai bihurtu da eta nolaiteko ikusgarritasuna eta onespena aldarrikatzen du.

Espainiako erresuman, Francoren diktadurapeko giza eskubideen urraketak aztertzeko, Parlamentuek oraindik ez dute sortu horrelakorik. Gernikako bonbardaketaren Francoren negazionismoa erantzukizunean, nazioarteko kasu adibide adierazgarria bihurtu da.

Egiaranzko batzordeak metodo jakin baten bidez, sistematikoki, datuak eta testigantzak biltzen dituzte giza eskubideen urraketak dokumentatzeko eta ikusgarriak bihurtzeko, pertsonak erdigunean daudelarik.

Horrela, ondoren, kontakizun eta historia berriak, erreparazioak eta bizikidetza eta gizartegintza berrian, halabeharrez eragingo dira. Holokaustoaren edo indigenen testigantzak eta agiriak, “egiak sustatzeko batzordeek” ebazten dituzten sarraskiak, ez dira errealitate baten bertsioak, egiak lortzeko ekarpenak baizik. Gertakari guztiak ezin dira "bertsioetara" mugatu, ikuspegi horrek sakonean egiarantz hurbiltzeko ahalegina oztopatzea edo galaraztea du helburu. Baina gertakizuna ez da amaitzen izan den unean. Gertakizunak ondorenean ere irauten du, jendearen esperientzian gordetzen da eta barneko sakonetik egia berriak sortzen dira. Baina guzti horretarako ingurumari soziala eta akademikoaren berrikuntza ezinbestekoa da. Gaur egunean, erlatibismoa testuinguru digitalean ere adierazten da. Gure ingurumaria erabat aldatu da.

Beraz, delako ekidistantzia objektiboa ez doa egia historikoaren bidean, agian faltsutakoen baizik. Erlatibismoa aipatzen da baina sarritan negazionismoaren aurreneko urratsa da.

Nazio Batuetako Erakundeak 1984an sortutako “Ingurumen eta Garapenerako Munduko Batzordea” eta ordutik klima aldaketaren fenomenoa, metodo zehatz batzuen bitartez egiaztatu daiteke eta oraindik ere, hainbat estatuk (Trumpen AEB barne), horri muzin egiten diote.

Ezagutza zientifiko oro interpretazio eginez adierazten da, behin behinekoa izanik, metodo zientifikoaren zereginari dagokion bezala. Hortik datorkio balizko eta ageriko ahultasuna. Ikerketa historikoen zientifikotasuna ez da baliogabetzen egileen subjektibotasunagatik, zientzi parametroetan burutzen badira. Eten gabeko ikerkuntzak balio du eta premiazkoak dira sinismen eta kultura inmaterialean gordetzen diren datuak ere, aztergai bihurtu.

Kontakizun literario eta arte lanak, ordea, bai dira behin betirako bukatuak eta sendoak eta horregatik bere horretan iraupen luzekoak dira, esparru sakratuan sartzen direlarik.

Dena dela, ez dira kontrajarrian jarri behar. Garrantzizkoena zera da, jendeteriaren esperientziak kontatu, isolamendutik atera eta guzti hori ere ezagutza zientifikoaren zati bihurtu. Horretarako,  esparru sozial egokiak sortzea premiazkoa da, eguneroko arazo eta erronkei buruz, kultura zientifikoa sendotu eta errotzeko.