Nerabe bikoteetan sare sozialen bidez gertatzen den kontrola ezkutuan geratzea arriskutsua da, ikerketa batek ohartarazi duenez

Medicus Mundi Gipuzkoak, UPV/EHUk, Farapik eta Donostiako Udalak aurkeztu dute lana

  • Ikerketa

Lehenengo argitaratze data: 2019/02/13

Medicus Mundi Gipuzkoak, Euskal Herriko Unibertsitateak, Donostiako Udalak eta Farapi Koop. Elkarteak, otsailaren 14aren (San Valentin Eguna) bezpera baliatu nahi izan dute, 'Online kontrolatzen den gauza ederra ote da maitasuna? Euskal eta perutar nerabeak harremanen kudeaketa birtualean' ikerketaren emaitzak aurkezteko. Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak diruz lagundutako ikerlan hau elkarlanean burutu dute Medicus Mundi Gipuzkoak, Euskal Herriko Unibertsitateak eta Farapi Koop. Elkarteak, Medicus Mundi Gipuzkoak lankide duen Peruko Movimiento Manuela Ramos erakundearekin batera. Gipuzkoako hainbat ikastetxe, hezkuntza eragile eta Gazteleku ekimenean laguntzaile izan dira; horien artean, Donostiako Udalaren Gaztelekuak. 

Ikerketa hau 2016ko otsailean aurkeztutako “Gaizki amaitzen den gauza ederra ote da maitasuna? Amodioa, sexua eta osasuna. Gipuzkoako nerabe eta gazteek maitasunari buruz dituzten ideiak” txostenaren jarraipena da. Haren emaitzek behar bat agerian utzi zuten; alegia, nerabeek sare sozialetan euren harremanak nola kudeatzen zituzten aztertzeko premia antzeman zen eta hala egin da oraingoan. Gainera, ikerketa berriak aztertutako eremu geografikoa zabaldu du, Peruko hiru ingurutara hedatuz (Lima, Ayacucho eta Ucayali). Modu honetan, aniztasun geografiko handiagoa besarkatu da. Eta frogatu ahal izan da, errealitateak nabariki ezberdinak izan arren, mundu mailako problematika direla genero berdintasunik ezarekin zerikusia duten arazoak.

2016ko iraila eta 2018ko iraila bitartean Gipuzkoan eta Perun burututako bigarren ikerketa honen helburu nagusiak izan dira, batetik, maitasun erromantikoari dagokionez nerabeek online inguruan ohitura, balio eta usteak nola eraikitzen dituzten aztertzea; eta, bestetik, horiek ziberbortizkeriarekin duten harremana ikertzea, gazte eta nerabeen osasun integralerako suposatzen duen mehatxua dela eta.

Ikerlanak erakusten du sare sozialek eraldatu egin dutela pertsonak komunikatzen diren, erlazionatzen diren eta elkarri eragiten dioten modua. Baita ere espazio horrek -non uztartu egiten diren maitasun erromantikoaren elementuak eta bizitza pertsonala ikusgai jartzea- bere egiten dituela generoen arteko berdintasunik eza eta sexismoa. Azterketan parte hartu duten erakundeen iritziz, sare sozialak “tresna boteretsua dira maitasun erromantiko heterosexualaren irudi bereizgarria hedatu, sustatu eta erreproduzitzeko. Irudi hori ezkontzan ala bikote harreman egonkorrean oinarritzen da eta gizarte zein genero sistemen desberdinkeriek eusten dute”. Horrekin batera, ikerketa honek baieztatu egin du “maitasun erromantikoaren zerbitzura dagoen tresna” direla, “kontrolatzeko eta botere harremanak iraunarazteko”. Nahiz eta ezaugarri ezberdinak izan, errealitate horrek erro bera du bai Gipuzkoan bai Perun: hierarkikoki gizonezkoen aldekoa den sexu-genero sistema.

Ikerketaren ondorioak

Hala eta guztiz ere, txostenaren ondorio nagusiak helduen eta gazteen artean dagoen arrail digitalean daude, ikerketaren arduradunen iritziz. Izan ere, batzuek eta besteek oso era ezberdinean ulertzen dute munduan egoteko modua. Ikertzaileek uste dute oso garrantzitsua dela helduek euren errealitate propioa deseraikitzea, sare sozialen leihoetatik sar daitezkeen indarkeria sexisten identifikazio eta prebentzioan nerabeei lagundu ahal izateko. “Helduek ulertu eta onartu behar dute nerabeen arteko harremanak beste modu batean eraikitzen direla, baina horrek ez du zertan negatiboa izan. Sare sozialak kriminalizatzeari utzi behar diote eta munduari buruzko euren ikuskera deseraiki, nerabeek bizi duten errealitatearen inguruko ulermen egokiagoa eraikitzeko”, azpimarratu du Maggie Bullen Euskal Herriko Unibertsitateko Balioen Filosofia eta Gizarte Antropologia Saileko irakasle eta ikertzaile taldeko kideak.

Helduak nerabeengana gerturatzea hain garrantzitsu egiten duten arrazoietako bat kontrolaren gaian datza, ikertzaileen iritziz. Kontrolarena osotasunean landu beharreko gaia da, eta ez soilik mutil eta nesken arteko harremanetan. Kontrola eremu eta norabide guztietan erabiltzen ari da: gurasoak, lagunak, bikotekideak... Eta talde ezberdinetatik datorren etengabeko kontrol egoera horretan, bikotearen barruan burutzen denak ez du ikusgarritasunik. Horregatik, ez da indarkeria matxistarekin identifikatzen. “Eta ikusgarritasun falta horrek arriskuak dauzka; bikotearen barruan gertatzen den kontrola gurasoek edota lagunek erabil dezaketena baino arriskutsuagoa da, eta indarkeria sexistarekin erlazionatutako jokabideak eragin ditzake”, ohartarazi dute ikertzaileek.

Ikerketak eskaintzen duen beste ondorioetako batek zerikusia du mutilak zein neskak sare sozialetan “dauden” moduarekin eta hauei ematen dizkieten erabilpenekin. Zentzu honetan, ikertzaile taldeak nabarmendu nahi du badirela kolektiboki ezartzen diren arau batzuk eta hauek definitzen dutela nola jokatu behar duen pertsona batek edukiak sortu eta partekatzerakoan; adibidez, nola atera behar den argazki batean, eta nola eta non zabaldu behar den hau. Ildo horretan, munduaren aurrean agertzeko moduak ahul bihurtzen ditu pertsonak, partekatutako edukia erabilia izan daitekeelako ekoiztu duenaren aurka. Neskak dira euren burua gehien erakusten dutenak. Hortaz, ahultasun handieneko taldea dira. Esaterako, gorputzaren inguruko exijentzia eta perfekzio ideien ondorioz, osasungarriak ez diren eta bortitzak izatera irits daitezkeen jokaerak naturalizatzera jotzen dute, bikote harremanaren barruan eta kanpoan. Eta jokabide horiek `natural´ edo `normal´-tzat hartzean, zailagoa bihurtzen da haiek identifikatzea eta detekzio eta prebentziorako estrategiak abian jartzea.

Gipuzkoa mailako ikerketan, hainbat gurasorekin batera, honakoek hartu dute parte: Bergarako Ipintza ikastetxeak, Arrasateko Institutu eta Ikastolak, Txatxilipurdi Aisialdi Elkarteak eta Gipuzkoako hainbat Gaztelekuk, non ikerketan erabilitako informazio guztia jasotzeko beharrezko elkarrizketa sakon eta tailer gehienak egin ziren. Gorka Goiatxe Donostiako Udaleko Gazteria eta Aterpetxe Saileko buruak prentsaurrekoan esan duenez, garrantzitsua da administrazio publikoek parte hartzea gai hauek jorratzen dituzten ekimenetan, batez ere nerabe eta gazteekin lan egiten den kasuetan. Horregatik, Donostiako Udalak ikerketa horretan partaide izatea erabaki zuen, ikertzaile taldeari Gaztelekuetako ateak irekiz. 

Ikerlan hau barne hartzen duen egitasmoa haratago joango da. Aste batzuk barru gida batek osatuko du. Baliabide hau Gipuzkoa eta Peruko hainbat hezkuntza eragileri helaraziko zaie, ikerketan jaso den problematikari aurre egin eta nerabeekin haren inguruan lan egin asmoz.