euskaraespañol

Unai Gómez, Eztabaida Liga Nazionaleko hizlari onena

  • Kronika

Lehenengo argitaratze data: 2018/04/11

Unai Gómez Hernández, Politika Zientziako eta Kudeaketa Publikoko Graduko ikaslea eta UPV/EHUko Eztabaida Taldeko presidentea, Unibertsitate Eztabaidaren Txapelketa Nazionaleko hizlari onena izan da. INJUVE Gazteria Institutuak antolatzen du lehiaketa, eta Gorte Nagusiek ere laguntzen dute: hantxe jokatu da txapelketa, apirilaren 2tik 4ra bitartean.

Unibertsitate Eztabaidaren Txapelketa Nazionalean 64 talde lehiatu dira guztira, eta UPV/EHUko taldea finalerdietara iritsi da. Kazetaritzako ikasle Andrés Bernárdez eta Politika Zientziako eta Kudeaketa Publikoko ikasle Andoni Medina, Daniel de la Rosa eta Unai Gómez izan dira taldekideak, eta azken hori hautatu dute txapelketako hizlari onentzat.

Eztabaida Liga Nazionala bi txandatan jokatu zen. Aldez aurreko txandan, taldeek ‘British Parliament’ deritzon ereduan lehiatu behar zuten; zehazki, lau taldek eztabaida baino hamabost minutu lehenago formulaturiko mozio bati buruz eztabaidatu behar zuten, hala nola oinarrizko errenta unibertsala edota nahitaezko botoa babesteari edo baztertzeari buruz. Zozketaz erabakitzen da zein talde arituko den gaiaren alde edo kontra, eta parte hartzaileen ideologiatik erabat urruntzen diren argudioak prestatu behar dira; horretarako, ezinbestekoa da burua arin erabiltzea eta erretorikaz baliatzea. Era berean, diputatu eta senatari entzutetsuek epaitu zituzten parte hartzaileak, eta finalerdia eta finala Senatuan jokatu ziren.

Bigarren fasea eredu ‘Akademikoa’ izan zen. Hain zuzen ere, galdera hau prestatu behar zen zenbait aste lehenagotik: espetxealdi iraunkor berrikusgarria indargabetu beharko litzateke?

Azkenik, epaileek, hausnartu ondoren, Comillas Unibertsitateko Antonio Fabregatek eta Javier Alberitek osatutako taldea izendatu zuten garaile, eta UPV/EHUko Eztabaida Taldeko presidente Unai Gómez Hernández hautatu zuten hizlari onentzat, zeina finalerdietara iritsi baitzen UPV/EHUko bere ikaskideekin batera.