euskaraespañol

G-9 Unibertsitate Taldearen XIV. Unibertsitate arteko Eztabaida Ligan parte hartu du UPV/EHUk

Lehenengo argitaratze data: 2024/04/18

Irudia
Argazkia: G-9 Unibertsitate Taldea

G-9 Unibertsitate Taldearen Unibertsitate arteko Eztabaida Ligaren hamalaugarren edizioan parte hartu du Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateak. Oraingoan Zaragozako Unibertsitateko (UNIZAR) taldeak irabazi du, eta Kantabriako Unibertsitatea izan da finalista. Bestetik, Gaztela-Mantxako Unibertsitateko Carlos Martínez Martínezek Diskurtso Onenaren saria irabazi du, gai honen gainean egindako defentsarengatik: “Streamingeko pelikula/telesail bat aukeratzearen dilema”.

Joan den ostiralean egin zuten ekitaldia, Kantabriako Parlamentuan. Irabazi zuen taldeko kideek lehen saria jaso zuten, 2.000 eurokoa, Kantabriako Parlamentuko presidentearen eta hainbat agintari akademikoren aurrean. Elkartea osatzen duten bederatzi unibertsitateetako eta Murtziako Unibertsitateko (entitate laguntzailea) 43 ikasle eta 10 talde lehiatu dira Eztabaida Ligan.

G-9 Unibertsitate Taldea

1997an sortutako elkartea da G-9 Unibertsitate Taldea, eta autonomia erkidego bakoitzean bakarrak diren unibertsitate publikoek osatzen dute: Kantabriako Unibertsitatea, Gaztela-Mantxako Unibertsitatea, Extremadurako Unibertsitatea, Balear Uharteetako Unibertsitatea, Errioxako Unibertsitatea, Oviedoko Unibertsitatea, Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitatea, Nafarroako Unibertsitate Publikoa eta Zaragozako Unibertsitatea. Gainera, Murtziako Unibertsitatea eta Burgosko Unibertsitatea entitate laguntzaileak dira.