Unibertsitateen 9 Taldeak akreditazio instituzionalaren aldeko apustua egiten du, unibertsitateko ikastegiak eta titulazioak ebaluatzeko sistema gisa

Urtarrilaren 15ean eta 16an, Unibertsitateen 9 Taldearen Akademia Antolakuntzako Sektore Batzordea bildu zen Gaztela-Mantxako Unibertsitatean (UCLM)

Lehenengo argitaratze data: 2020/01/22

Taldeko unibertsitate guztietako ordezkariak izan ziren bertan.

Urtarrilaren 15ean eta 16an, Unibertsitateen 9 Taldearen (G-9) Akademia Antolakuntzako Sektore Batzordea bildu zen Gaztela-Mantxako Unibertsitatean (UCLM), Taldeko unibertsitate guztientzat interesgarriak diren gaiak lantzeko. Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateko errektore Nekane Balluerka Lasa izan zen batzordeburua.

Unibertsitate anfitrioiak bere Zeharkako Gaitasunen Gela aurkeztu zuen, akademia antolakuntzaren arloko esperientzia berritzaile gisa. Aurkezpen horrek berekin ekarri zuen zeharkako gaitasunen eta enplegagarritasunerako gaitasunen arloko prestakuntzarako programei buruzko askotariko esperientziak trukatzea; izan ere, programa horiek dagoeneko garapen bidean daude Taldeko bederatzi unibertsitateetan.

Bestetik, egokitzat jo zen titulazio bikoitzetako aparteko sarien eta errendimendu adierazleen arloko araudiak eta jardunbide egokiak bateratzea G-9ko unibertsitate guztien artean. Horrez gain, graduko eta graduondoko prestakuntzarako oso interesgarriak diren zenbait gai landu zituzten, hala nola online irakaskuntza, atzerriko hizkuntzetako irakaskuntza eta berezko masterren kalitatea bermatzeko sistema.

Halaber, titulazioen akreditazio sistematik akreditazio instituzionalean edo unibertsitate ikastegien akreditazioan oinarritutako ikuspegi berrirako trantsizioari buruz eztabaidatu zuten.  Titulazioak akreditatzeko sistemarekin alderatuta, akreditazio instituzionala ziurtatze prozesu jasangarri eta eraginkorragoa da; izan ere, orokorrean ebaluatzen du erakunde baten proiektuaren betetze maila, eta kalitatea autoerregulatzeko eta bermatzeko mekanismo eraginkorrak daudela, aplikatzen direla eta emaitzak ematen dituztela aztertzen du. Ikuspegi horrek aukera ematen du titulazioak egiaztatzeko eta akreditatzeko sistema malgutzeko, eta horren jasangarritasuna hobetzeko. Hori dela eta, Taldeko bederatzi unibertsitateek akreditazio instituzionalaren alde egiten dute, kalitatea bermatzeko sistema gisa.

Bileran zehaztu zen, halaber, G-9 Taldeak parte hartuko duela martxoan Madrilen egingo den Graduondokoen eta Etengabeko Prestakuntzaren Azokan, eta onartu zen akademia kudeaketan laguntzeko talde bat sortzea, Akademia Antolakuntzako Sektore Batzordearen erabakiek oinarrian dituzten alderdi teknikoenak eztabaidatzeko.

Bertaratuek azpimarratu zuten unibertsitate komunitateentzat onuragarria dela akademia antolakuntzaren arloko gaiak sarean (talde gisa) lantzea, horrek aukera ematen baitu eguneroko kudeaketan ezarri beharreko ekintzak zehazteko, Taldeko unibertsitate guztien arteko esperientzien eta jardunbide egokien truketik abiatuta.

Bileran izan ziren, Nekane Balluerkaz gain, Kantabriako Unibertsitateko Akademia Antolakuntzaren eta Irakasleen arloko errektoreorde Ernesto Anabitarte Cano, Gaztela-Mantxako Unibertsitateko Irakaskuntzaren arloko errektoreorde María Isabel López Solera, Extremadurako Unibertsitateko Akademia Plangintzaren arloko errektoreorde Pilar Suárez Marcelo, Balear Uharteetako Unibertsitateko Irakaskuntzaren arloko errektoreorde Juan Frau Munar, Errioxako Unibertsitateko Plangintzaren arloko errektoreorde José Luis Ansorena Barasoain, Oviedoko Unibertsitateko Graduondoko Ikasketen eta Berezko Tituluen arloko zuzendari María Mitre Aranda eta Akademia Antolakuntzaren arloko zuzendari Valeriano Álvarez Cabal, Euskal Herriko Unibertsitateko Graduko eta Graduondoko Ikasketen arloko errektoreorde Araceli Garín Martín, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Irakaskuntzaren arloko errektoreorde Inmaculada Farran Blanch eta Zaragozako Unibertsitate Publikoko Akademia Politikaren arloko errektoreorde Gerardo Sanz Sáiz.

Unibertsitateen 9 Taldea

Unibertsitateen 9 Taldea (G-9) beren autonomia erkidegoan bakarrak diren unibertsitate publikoek osatzen dute: Kantabriako Unibertsitatea, Gaztela-Mantxako Unibertsitatea, Extremadurako Unibertsitatea, Balear Uharteetako Unibertsitatea, Errioxako Unibertsitatea, Oviedoko Unibertsitatea, Euskal Herriko Unibertsitatea, Nafarroako Unibertsitate Publikoa eta Zaragozako Unibertsitatea.

G-9ko unibertsitateek guztira 170.000 ikasle, 19.340 irakasle eta ikertzaile eta administrazio eta zerbitzuetako 8.160 langile biltzen dituzte.