euskaraespañol

Gaurko irudia

Unibertsitateen 9 Taldeak “Herritarrak XXI” onlineko Plana aurkeztu du gizarte erakundeen aurrean

Graduko ikasleei zuzentzen zaie plana, eta, aurten, bigarren edizioa izango da, lehen edizioan ‘Kulturartekotasuna eta Ijitoen Komunitatea’ ikastaroak izan zuen arrakastaren ondoren

Lehenengo argitaratze data: 2019/01/30

Unibertsitateen 9 Taldeak (G-9) Herritarrak XXI Planaren jardun ildoak aurkeztu ditu, Madrilen, zenbait gizarte erakunderen aurrean. Plana 2018an abiarazi zen; orduan, Secretariado Gitano fundazioak eta G-9ko koordinazioak ‘Kulturartekotasuna eta Ijitoen Komunitatea’ ikastaroa antolatu zuten. G9ko unibertsitate publikoetako graduko 27 ikaslek parte hartu zuten. 9 Taldeko unibertsitateek ikasleei planean parte hartzearren kredituak aitortzen dizkiete, eta horiek graduko tituluko hautazko kredituen artean zenbatzen dute.

G-9ko Campus Digital Partekatuko proiektua da, eta Jesús Valverde Berrocoso Extremadurako Unibertsitateko irakasleak zuzentzen du. Planaren xedea, onlineko ikastaroen bidez, prestakuntza plan integratua eskaintzea da, ‘Munduko Herritarrentzako Hezkuntza’ren arloan gaitasun orokorrak garatzeko; arlo hori jardun ildo estrategikoa da UNESCOrentzat eta NBErentzat.

ECMk bizitza errealean dauden arazoak kritikoki aztertzera eta arazo horiek izan ditzaketen irtenbideak sormenez eta berrikuntzaz identifikatzera bultzatzen ditu ikasleak. Valverde irakasleak honako hau esan du planaren inguruan: “planak rol aktiboak onartzea proposatzen du, toki mailan eta globalki, munduko erronkei aurre egin eta horiek ebazteko, eta, azken batean, proaktiboki laguntzea mundu bidezkoagoa, baketsuagoa, toleranteagoa, inklusiboagoa, seguruagoa eta jasangarriagoa sortzen”. Zenbait erakundek erakutsi dute Herritarrak XXI jardunaldiaren gaineko interesa, besteak beste: Gurutze Gorria, Vicente Ferrer fundazioa, Oxfam-Intermón, Greenpeace, ACNUR eta Secretariado Gitano fundazioa (lehen edizioan ere parte hartu zuen).

Unibertsitateen 9 Taldea (G-9)  1997an sortu zen, eta hura eratzen duten unibertsitateak beren autonomia erkidegoetako unibertsitate publiko bakarrak dira: Kantabriako Unibertsitatea, Gaztela-Mantxako Unibertsitatea, Extremadurako Unibertsitatea, Universitat de les Illes Balears, Errioxako Unibertsitatea, Oviedoko Unibertsitatea, Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitatea, Nafarroako Unibertsitate Publikoa eta Zaragozako Unibertsitatea.