euskaraespañol

unicitiES 2030, abian

Egitasmoaren helburua da konektatzea jakintza akademikoa eta udal jarduera, neutraltasun klimatikoa lortzeko hirietan

  • Kronika

Lehenengo argitaratze data: 2024/01/19

Gasteizko udal teknikariak eta UPV/EHUko kideak
Gasteizko udal teknikariak eta UPV/EHUko kideak | Argazkia: Nuria González. UPV/EHU.

UPV/EHUk eta Gasteizko Udalak zehaztu egin dituzte Arabako hiriburuak neutraltasun klimatikorako bidean dituen erronkak, ikasleek titulazio amaierako lanetan landu ditzaketenak. Elkarlan hori kokatzen da unicitiES 2030 programaren barruan.

unicitiES 2030 egitasmoaren barruan, Gasteizko udal teknikariak eta UPV/EHUko kideak bildu dira Arabako Campuseko Unibertsitate Pabilioian, jakintza akademikoa eta udal jarduera bateratzeko, hirietan neutraltasun klimatikoa lortze aldera.

Unibertsitate Sistemaren Lege Organiko berriaren helburuetako bat da: "Unibertsitatea herritar guztientzako tresna erabilgarri bihurtzea, gure gizarteko eragileekin konektatuz eta elkarlan egoki bat bilatuz unibertsitateen eta erakunde publikoen, enpresen eta gizarte erakundeen artean".

Elkarlan horretara iristeko, konexio eta elkarrizketa guneak sortu behar dira, eta horixe da hain justu Garapen Jasangarrirako Irtenbideen Sarearen (SDSN) misio nagusia, Nazio Batuen babespean diharduena irtenbide praktikoak bilatzen Garapen Jasangarriko Helburuak (GJH) betetze aldera, elkarlan eta hitzarmen guneak sortuz unibertsitateen eta beste erakunde batzuen (publikoak, pribatuak eta gizarte zibilekoak) artean.

Sarearen Espainiako adarrak, SDSN Spain, REDS-SDSN Spain izenez ere ezaguna (Garapen Jasangarrirako Espainiako Sarea) denak Espainiako Estatuko 100 unibertsitate eta ikergune baino gehiago biltzen ditu, eta horiei gehitu behar zaizkie enpresa sektoreko eta administrazio publikoetako beste hainbat eragile.

REDS-SDSN Spain sarea eta citiES 2030 plataforma dira unicitiES 2030 programaren sustatzaileak, eta azken horren saio pilotua egingo da 2023-2024 ikasturtean Gasteizen eta Valentzian. Helburua izango da bultzada ematea titulazio amaierako lanei unibertsitatearen eta hiriaren artean. Lan horietan batera aritzen dira ikasleak, unibertsitate irakasleak eta udal profesionalak, elkarrekin soluzioak zehazteko eta hiri eraldaketa jasangarria lortzeko, neutraltasun klimatikora heltzeko hiriek dituzten desafio espezifikoak gaindituta.

Elkarlan hori oinarritzen da hiri eredu jasangarri eta ekitatiboa helburu duten politika publikoetan eta udal estrategietan, eta aukera ematen du esperimentatzeko ebidentziak sortuko dituzten ideia, prototipo eta ekintzekin, hiria laborategi bihurtuta.