euskaraespañol

UPV/EHU-ko hiru ikertzailek Leonardo beka lortu dute

UPV/EHUko beste bi graduatuk 1.500 eskatzailek jomugan zituzten 64 laguntzetatik bana lortu dituzte

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2018/07/27

UPV/EHUri lotutako zazpi pertsonak jasoko dute Leonardo beketako bat
UPV/EHUri lotutako zazpi pertsonak jasoko dute Leonardo beketako bat. Argazkia: Mikel Mtz. de Trespuentes. UPV/EHU.

Guztira UPV/EHUri lotutako zazpi pertsonak jasoko dute Leonardo beketako bat: aurrekoez gain, beste bi pertsona ikertzaile gehitu behar dira, unibertsitatea kide den BCAM eta BC3 zentroetan lan egiten dutenak. Laguntza horiek, beren lan ibilbideari prestigioa emateaz gain, funts ekonomiko garrantzitsuak ekarriko ditu, haien ikerketei heltzeko oso baliagarriak.

UPV/EHUko hiru ikertzailek lortu dute Leonardo beka eskuratzea. Beka horiek, beren lan ibilbideari prestigioa emateaz gain, funts ekonomiko garrantzitsuak ekarriko dituzte, beren ikerketei heltzeko oso baliagarriak. Deialdi honetara, 1.521 eskatzaile aurkeztu dira, eta 64 beka esleitu dira 11 ezagutza arlotan banatuta. Horietako bakoitzak 40.000 euroko zuzkidura jasoko du gordinik.

Leonardo Bekak ikertzaile eta kultura sortzaileei beren ibilbide profesionaleko erdiko etapetan (30-45 urte) egitasmo pertsonaletan zuzenean laguntzeko bideratzen dira; ikertzaile eta sortzaile horiek zientzia, teknologia edo kultura arloko ekoizpen oso berritzailea izan behar dute. Bekaren jomuga zehatza oso malgua da, proiektu bakoitzaren beharrizan zehatzekin bat etorriz, eta 6tik 18 hilabete arteko denbora epean garatu daiteke. BBVA Fundazioak ematen dituen beka hauek 11 ezagutza arlotan banatzen dira.

Bekadun hiru pertsonak UPV/EHUn lan egiten dute. Emilio Cocinero Pérez Kimika Fisikoko doktorea da, eta Zientzia eta Teknologia Fakultateko eta Biofisikako Euskal Zentroko irakasle ikertzailea. “Tn antigenoan oinarritutako minbizi biomarkatzaileen karakterizazioa goi-bereizmena duten espektroskopien bitartez” bere ikerlana Kimikako azpiarloan aukeratua izan da.  "Niretzat ohore handia da, ohorea baino areago, pribilegioa, Leonardo Beka hau jasotzea. Ez nik bakarrik, baizik eta nire taldea osatzen duten pertsonek egiten dugun lanaren aintzatespena da, eta pixka bat gogorrago lan egiten jarraitzeko bihotza ematen digu. Ez da erraza horrelako deialdi lehiakorretan arrakasta izatea, gure herriaren zailtasun ekonomiko aldi honetan. Oso pozik nago hura lehenengo ahaleginean eskuratu ahal izan dudalako”, halaxe zoriondu du bere burua Emilio Cocinerok.

Nagore Iriberri Etxebeste Ikerbasqueko ikertzailea da Euskal Herriko Unibertsitateko Ekonomia eta Enpresa Fakultatean. Beka hau “Existitzen da hasierako erantzun modeloen eta ikasketa modeloen arteko erlaziorik? Azterketa esperimental bat” azterlana osatzeko jasoko du, Ekonomia atalean hautatua. Proiektu enpiriko honen metodologia nagusia esperimentala da, non gizabanakoen jokabidea, alegia, erabakiak, aztertuko diren, horretarako Bilbao Labean ekonomia esperimentaleko laborategia erabiliz, Ekonomia eta Enpresa Fakultatean. Bekak esperimentuak egitea finantzatuko du, baita laborategiko ekipoa berritzea ere. “Oso garrantzizkoa da, Bilbao Labean laborategi esperimentalari segida ematen lagunduko baitu; izan ere, ezin besteko tresna da erabakiak hartzeko orduan giza jokabidea ikertzeko. Niretzat albiste handia da, babes handia ematen baitio azken 10 urtean egiten nabil ikerketa motari”, adierazi du Iriberrik.

Manuel Heras Escribano UPV/EHUko Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia Fakultateko Juan de la Cierva doktorego ondoko bekaduna da. “Affordancesen filosofia: kognizioaren ekologia, eboluzio eta gizarte jatorriak [AFFORDEVOCOG]” bere ikerlanak ekarri dio Leonardo beka, Filosofia azpiarloan.

UPV/EHUko bi graduatuk beka jaso

Bestalde, UPV/EHUn hezitako Arte arloko bi ikertzailek ere beka bana lortu dute. Horiek dira David Martínez Suárez, Euskal Herriko Unibertsitateko Arteko Ikerkuntza eta Sormena masterduna, “Adimen basatia” proiektua onduko duena, Arte Plastikoen azpiarloan hautatua, eta Javier Arce Bueno, Euskal Herriko Unibertsitatean Arte Ederretako lizentziatua.  Arte Plastikoen atalean izan da hautatua «A.”» bere proiektua aurrera eramateko.

Gainera, UPV/EHU kidea den bi zentrotako (Basque Centre for Climate Change, BC3, eta Basque Center for Applied Mathematics, BCAMko) pertsona ikertzaileek ere Leonardo beka bana jasoko dute. Bekadun horiek dira Ainhoa Magrach, Basque Centre for Climate Changeko Juan de la Cierva doktorego ondoko bekaduna, “Landare-polinizatzaile elkarrekintza sareetan kolibri migratzaileek latitude (kardinal) gradientean barrena duten rol funtzionala ulertzen” bere ikerlanagatik, eta Santiago Mazuelas Franco, Basque Center for Applied Mathematicseko Ramón y Cajal kontratuduna, “Erabakiak hartzeko datu prozesaketa eta makina ikasketa irekia” bere azterlanagatik.