euskaraespañol

UPV/EHUk nahasmendu autistei buruz ikertzeko europar partzuergo bat koordinatuko du

ERA-NET NEURON europar sareak 800.000 euroko diru laguntza esleitu dio programari, autismoa errazten duen garuneko mekanismoa identifikatzeko

  • Ikerketa

Lehenengo argitaratze data: 2018/11/20

Irudia
Olga Peñagarikano UPV/EHUko ikertzaileak koordinatzen du autismoari buruzko nazioarteko proiektua. (Argazkia: Urko Sánchez. UPV/EHU)

ERA-NET NEURON neurozientzietako ikerketarako europar sareak 800.000 euro esleitu dizkio autismoa aztertzeko proiektu bati, eta Olga Peñagarikano UPV/EHUko Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko ikertzaile buruak gidatzen du. Programa Euskal Herriko Unibertsitatetik koordinatzen da, eta Frantzia, Belgika eta Alemaniako beste hiru talderekin batera landuko dute. Bakoitzak 200.000 euroko diru-laguntza jaso du 2019-2021 urteetan autismoaren kausa neurobiologikoak ikertzeko.

ERA-NET NEURON sarea Europa, Israel, Turkia eta Kanadako erakundeek osatzen dute eta,  Horizonte 2020 programan oinarrituta, goi kalitateko ikerketak finantzatzen ditu. Proiektu horiek elkarrekin lan egiteko modua ematen diete lantaldeei, baita ideiekin zein osasunarekin eta buru nahasteekin erlazionatutako eremuetan esperientziak elkartrukatzekoa ere. Azken deialdian Europako 12 proiektu finantzatu dira, tartean dela Peñagarikanok koordinatutako autismoari buruzko programa.

Nazioz gaindiko proiektu honek garun garapenari eragiten dioten mekanismo neurobiologikoei buruz ikertu eta Espektro Autistaren Nahasmendurekin horiek duten erlazioari erreparatzen dio. Autismoari lotutako geneek bi neurona motaren mugimenduak koordinatzen dituzte (proiekzioko neurona eszitatzaileenak eta interneurona inhibitzaileenak) jaiotzen diren tokitik garun azaleraino, kognizio prozesuetan inplikatutako garunaren kanpoalderaino.

UPV/EHUko ikertzaileak gidatutako lantaldeak identifikatu nahi ditu garun azalaren eraketa prozesuan sortzen diren bi neurona mota horien koordinazio arazoak; eta  gero Espektro Autistaren Nahasmenduari aurre egiteko farmako terapiak garatu. Gaitz horren jatorria batez ere genetikoa da, eta bere ezaugarriak dira jendarteko elkarrekintzan gabeziak edukitzea, jokaera errepikakorrak eta interes gai murritzak. 59 umetik batek dauka.

Erlazionatutako albisteak

Autismoaren tratamendurako bide berriak