euskaraespañol

UPV/EHUko ikertzaile batek Euskaltzaindiaren Mintzola beka jaso du

Mikel Pérezek EAEko gazte elebidunek euskara-gaztelania kode alternantziaren erabilera ikertzen du

  • Kronika

Lehenengo argitaratze data: 2023/06/28

Mikel Pérez Arabako Campuseko Micaela Portilla ikergunean
Mikel Pérez Arabako Campuseko Micaela Portilla ikergunean | Argazkia: Nuria González. UPV/EHU.

Mikel Pérez Gonzálezek, Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateko ELEBILAB ikerketa taldeko ikertzaileak, Euskaltzaindiaren Mintzola beka jaso du ‘Kode-alternantziaren erabilera eta jarrera euskaldunengan’ izeneko ikerketa egiteko.

Mikel Pérezek Arabako Campuseko Micaela Portilla ikerketa zentroan egiten du bere lana, eta 2024ko otsailera arte izango du ikerketa lan monografiko hori egiteko. “Mintzola ikerketa bekarekin, betiere ahozkoari erreferentzia egiten diola kontuan hartuta, gazte elebidunek euskarako eta gaztelaniako zer hizkuntza gaitasuna duten eta hizkuntza horiek zer-nola erabiltzen dituzten jorratu nahi dut. Horrez gain, horien arteko harremanean eta kode alternantziaren erabilera aitortuan sakondu nahi dut”, aipatu du gazte ikertzaileak. Bere doktorego tesirako egiten dituen lanen barruan, kode alternantziaren fenomenoa ikertzen jarraitu nahi du.

Kode alternantzia da diskurtso berean bi hizkuntza edo gehiago konbinatzea (kaleko hizkuntzan, ‘spanglish’ edo ‘euskañol’ esaten dioguna). Gaiari buruzko bere lehen lanen ondoren, 2021ean eta 2022an, Mikel Pérezek egiaztatu zuenez, euskararen ezagutza % 50etik beherakoa den inguruetako hiztunek aitortzen dute gehiago erabiltzen dutela kode alternantzia euskaraz hitz egiten dutenean, gaztelaniaz hitz egiten dutenean baino. Gainera, euskararen ezagutza % 50etik beherakoa den inguruetako hiztunek aitortzen dute gehiago erabiltzen dutela kode alternantzia euskaraz hitz egiten dutenean euskararen ezagutza % 50etik gorakoa den inguruetako hiztunek baino.

Bestalde, gaztelaniadunek eta elebidunek, etxean, gehiago erabiltzen dute kode alternantzia euskaraz hitz egiten dutenean euskaldunek baino, eta gaztelaniaz gaitasun handiagoa dutela aitortzen dutenek gehiago sartzen dute gaztelania euskaraz hitz egiten dutenean. Gainera, euskaraz zailtasun handiz egin dezaketela aitortzen dutenek gehiago erabiltzen dute kode alternantzia euskaraz hitz egiten dutenean euskaraz bakarrik egin dezaketela aitortzen dutenek baino.

Horrez gain, lehen ikerketen ondorioen barruan, egiaztatu du gazteek hobeto onartzen dutela kode alternantziaren erabilera gaztelaniaz hitz egiten dutenean euskaraz hitz egiten dutenean baino (joera hori nabarmenagoa da euskararen ezagutza % 50etik gorakoa duten hiztunen kasuan). Euskaldunek eta elebidunek, etxean, jarrera okerragoa erakusten dute kode alternantzia erabiltzeko garaian euskaraz hitz egiten dutenean gaztelaniadunek baino.

Informazio gehigarria

Mikel Pérez Gonzálezek Hizkuntzalaritzako eta Euskal Filologiako Masterra amaitu zuen 2022an, eta, master amaierako lanean, gazte elebidunen euskara-gaztelania kode alternantziaren erabilerak eta jokaerak aztertu zituen.

2021ean, Henrike Knörr beka jaso zuen (Arabako Foru Aldundiak eta Euskal Herriko Unibertsitateak ematen dute) ‘Jarrerak eta onargarritasuna kode alternantziaren aurrean Gasteizko gazte elebidunen artean’ proiektuagatik. Ikerketaren helburua zen testuinguru oztopatzaile batean (adibidez, Gasteizko euskara-gaztelania) gazte elebidunen profil soziolinguistikoa aztertzea, eta kode alternantziari buruzko haien iritziak eta jarrerak identifikatzea. Euskaltzaindiaren Mintzola beka jaso berri du, bai eta Donostiako Udalaren eta UEUren IKERGAZTE saria ere ‘Giza zientziak eta artea’ kategorian. UPV/EHUko Letren Fakultateko Amaia Munarriz irakaslearen zuzendaritzapean egiten ditu ikerketak –hura ere ELEBILAB taldeko ikertzailea da–.

ELEBILABek EAEko hizkuntzen eta, batik bat, euskararen jabekuntza, irakaskuntza eta erabilera ikertzen ditu. Taldeak bi ikerketa ikuspuntu jorratzen ditu. Ikuspuntu soziodiskurtsibotik, euskararen eta haren inguruko hizkuntzen erabilerak ikertzen ditu, testuinguru jakinetatik abiatuta, bai ahozkoak, bai idatzizkoak. Ikuspuntu psikolinguistikotik, berriz, haurren eta helduen garapen lexiko eta gramatikala ikertzen du.