UPV/EHUko katedradun Agustín Sánchez Lavegak European Geophysical Union-eko David Bates domina jaso du

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2019/10/26

Agustín Sánchez Lavega astrofisikoak, Bilboko Ingeniaritza Eskolako Fisika Aplikatuko katedradunak, David Bates 2020 domina entzutetsua jaso du. European Geophysical Union-eko (EGU) Zientzia Planetarioen eta Eguzki Sistemaren Sailak banatzen du, eta aipatu arlo horietan ekarpen bikaina izan duten zientzialariei ematen zaie. EGUk 1994tik ematen du domina hori, eta Sánchez Lavega da jasotzen duen Espainiako lehen zientzialaria. Domina emateko ekitaldia EGUko Asanbladan, 2020ko maiatzean izango da. Zeremoniaren ostean sarituak hitzaldi bat eskainiko du.

EGUko sarituen zerrenda, arloz arlo, esteka honetan ikus daiteke:

https://www.egu.eu/news/545/egu-announces-2020-awards-and-medals/

Aipamen laburra

Bilbon 1954an jaioa, Agustín Sánchez Lavega Fisika Zientzietan lizentziatu zen, orduko Bilboko Unibertsitateko Zientzia Fakultatean. Ondoren, doktoregoko sari berezia lortu zuen, jadanik Euskal Herriko Unibertsitatean. 1980tik 1987ra arte, Max-Planck Institut für Astronomie-ko (Heidelberg, Alemania) Espainia-Alemaniako Zentro Astronomikoan (Calar Altoko Behategia, Almeria). 1987an Bilboko Ingeniaritza Eskolan hasi zen lanean. Zientzia Planetarioen Taldearen sortzailea da, eta Aula Espazio Gela eta bere Behategi Astronomikoarena ere (bertan Zientzia eta Teknologia Espaziala Masterra ematen da 2010etik, eta Sánchez Lavega hasieratik izan da bere arduraduna).

Bere ikerketa planeten atmosferen dinamikan datza, hala nola Artizar, Marte, Jupiter, Saturno, Titan, Urano eta Neptuno planetetako hodeien eta aerosolen karakterizazioan. Horretarako Lurreko eta espazioko teleskopioak erabiltzen ditu (Hubble teleskopio espaziala), baita planeta horietara egiten diren misioetako tresnak ere. Artikulu ugari argitaratu ditu, baina nabarmentzekoak dira Nature (lau portada izan ditu horretan), Science, Nature Astronomy, Nature Geoscience eta Nature Communication bezalako aldizkari garrantzitsuetan atera dituenak. Espainiako Fisikako Errege Elkartearen bi sari jaso ditu, 2010 eta 2014an, Espainiako Astronomia Elkartekoa eta 2016an eskuratu zuen Euskadi Ikerketa Saria, besteak beste.