UPV/EHUko QUTIS Taldea Teknologia Kuantikoen Europako Flagship-en bi ikerketa proiektutako buru izango da

  • Kronika

Lehenengo argitaratze data: 2018/10/29

QUTIS Taldeak bi ikerketa proiektu eskuratu ditu Teknologia Kuantikoen Flagshipean; bertako buru da Enrique Solano Ikerbasqueko irakaslea. Teknologia Kuantikoen Flagshipen ekimen komunitarioa 2020 Horizon Planean sartzen da, eta datozen hamar urteotan teknologia horietan mila milioi euro inbertitzea aurreikusten du.

Mikel Sanz, Enrique Solano eta Lucas Lamata
Mikel Sanz, Enrique Solano eta Lucas Lamata. Argazkia: UPV/EHU

Lehen deialdi honetan honako bi proiektu hauek hautatu dira: batetik, OpenSuperQ, eta bertako ikertzailekide nagusi da Lucas Lamata doktorea; eta, bestetik, QMiCS, eta bertako  ikertzailekide nagusi da Mikel Sanz.

OpenSuperQ proiektuaren helburua Europan lehen ordenagailu kuantiko eskalagarria eta formatu irekian sortzea da; alegia, ikertzaile eta erakundeek horretarako sarbide publikoa izatea. Ordenagailu kuantikoaren bidez etorkizunean, laster, materialen eta farmakoen diseinuaren arloetan dauden arazo garrantzitsuak konpontzea espero da, bai eta adimen artifiazialeko eta makinen autoikaskuntzako batzuk ere.

Bestalde, QMiCS-en bidez komunikaziorako eta metrologiarako mikrouhin kuantikoen teknologian egin nahi da aurrera. Espero da proiektuak abiadura eta gaitasun handiagoak izateko aukera emango duen internet kuantikorako soluzioak eragitea, bai eta detekzio eta neurri zehatzagoak eskuratu ahal izateko radar kuantikoak ere.

Bi proiektuak eratu dira nazioarteko partzuergoetan, eta teknologia kuantiko supereroaleetan Europan dauden lider handienekin. Zenbait milioi eurotako aurrekontua dute; horietatik, 700.000 euro QUTIS taldeari dagozkio, UPV/EHUn. Bi proiektu prestigiodun horien bidez, UPV/EHU Europan eta munduan teknologia kuantikoen abangoardian dago, bai eta Teknologia Kuantikoen Europako Flagshipean ere. Datozen hiru urteetan, QUTISek puntako ikerketa egingo du diziplinarteko eremu horietan, Europako ikasketa eta enpresa erakunde nagusiekin elkarlanean.

Europako proiektu horiez gainera, QUTIS Taldeak beste batzuk ditu aktibo, nazioarteko finantzaketarekin, Estatu Batuetako eta Txinako laborategi eta erakunde ezagunekin lankidetzan.