euskaraespañol

UPV/EHUren eskaintzak harrera ona izan du Durangoko Azokan

252 ale saldu ditu Unibertsitateak; arrakastatsuenak, ‘Ekonomia zirkularra’, ‘Garapen psikomotorra Haur Hezkuntzan (0-6 urte)’, ‘Pikler-Lóczy hezkuntzaren gakoak’ eta ‘Xabier Lete. Bertsorik sakonena’

  • Kronika

Lehenengo argitaratze data: 2023/12/12

Irudia
UPV/EHUren Argitalpen Zebitzuaren eskaintza Durangoko Azokan | Argazkia: UPV/EHU.

Euskal Herriko Unibertsitateak, aurten ere, harrera ona izan du abenduaren 6tik 10era bitartean Durangoko Azokara hurbildu diren euskaltzaleen artean. Ohiturari jarraituz, Euskara, Kultura eta Nazioartekotzearen arloko Errektoreordetzak azken urtean zehar euskaraz argitaratu dituen liburuak eraman ditu azokara Unibertsitateak eta, guztira, 252 ale saldu ditu.

Junkal Gutiérrez UPV/EHUko Euskara, Kultura eta Nazioartekotzearen arloko errektoreordea pozik agertu da helburua bete delako. “2023an zehar argitaratu ditugun lan asko egon dira erakusgai Durangoko Azokan, stand-a koloretsua eta bizia geratu da, salmentak onak izan dira eta bisitari askok bisitatu gaituzte azokan. Balorazio orokorra oso ona da eta pozik gaude aurten egindako lanarekin”, adierazi du.

Edizio honetan, nabarmentzekoa da, titulu salduena ‘Ekonomia zirkularra. Erabiltzailearentzako gida’ izan dela. Eskuliburu honen egilea Walter Stahel da, ekonomia zirkularraren kontzeptua formulatu zuten pertsona nagusietakotzat hartua, eta, han, abiapuntu ezin hobea eskaintzen du garapen jasangarria ziurtatzeko gai benetan garrantzitsu honi buruzko informazioa eguneratu nahi duen ororentzat.

Arrakasta izan dute, baita ere, ondorengo aleek: ‘Garapen psikomotorra Haur Hezkuntzan (0-6 urte)’, ‘Pikler-Lóczy hezkuntzaren gakoak’, ‘Xabier Lete. Bertsorik sakonena’, ‘Geneak editatzen. Ebaki, itsatsi eta koloreztatu’ eta 'INPAKTA 0'.

Horrez gain, azpimarratzekoak da serie eta bildumetan saldutakoari erreparatuz, Euskal Literatura sailean saldu da libururik gehien. Kontuan izan behar da, serie honetan 2023an bi liburu argitaratu direla: ‘Xabier Lete. Bertsorik sakonena’ eta ‘Harkaitz Cano eta gaur egungo euskal literatura sistema’.

Liburuen gaikako sailkapenari erreparatuz, aurten ere gehien saldu direnak izan dira biologia eta medikuntzakoak, euskarari eta euskal literaturari lotutakoak, eta hezkuntzakoak. Eta aurten, zientziaren dibulgazioko argitalpenek ere arrakasta izan dute.