euskaraespañol

UPV/EHUk adingabekoen osasun mental, fisiko eta sozializazio arazoei aurre egiteko adituak prestatuko ditu

‘Haurtzaro, nerabezaro eta gaztaroko gizarte- eta hezkuntza-proposamenak eta ongizatea’ Educo eta Hezkuntza Saileko Berritzegunearen laguntzarekin egingo da

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2022/06/30

Irudia

Haurren Munduko Egoera 2021 txostenean, UNICEFek uste du 10 eta 19 urte bitarteko gazteen % 13k buru-nahasmendua duela. Kasuen % 50ean, nahasmendu mentalak 14 urte bete aurretik hasten dira. Hainbat ikerketaren arabera, osasun mental, fisiko eta gaitasun akademiko eta sozialen eza dira arazorik komunenak haur, nerabe eta gazteen artean. 

Bestalde, Save the Childrenen arabera, adingabeek jasaten dituzten abusu, jazarpen edo tratu txarren kasuak ere asaldatu egiten dira; haur eta gazteen % 25ek tratu txarren bat jasan du. Gainera, eskolako bizikidetzari eta berdinen arteko tratu txarrei buruzko datuak ere gero eta kezka handiagoa eragin dute gizartean azken urteotan. Gero eta gazteagoak diren adinetan kontsultak eta osasun mentaleko arazoak ugaritzea, pobrezia- edo bazterketa-arriskua, eskola uzteko tasak eta haur-pornografiarekin lotutako delituak dira haurren aurkako tratu txarren estatistikak areagotzen dituzten beste faktore batzuk.  

Arazoei aurre egiten dien graduonkoa, ikuspegi globalarekin 

Beraz, ikuspegi pedagogiko berritzaile eta aktiboetatik, beharrezkoa da gizartearen eta hezkuntzaren aldetik ongizate-eraikuntzako proposamenak eta esku-hartzeak garatzea, komunitatearen eta auto-zaintzaren balioa hazteko.  

UPV/EHUk Unibertsitate Graduondoko hau abian jarri berri du: Haurtzaro, nerabezaro eta gaztaroko gizarte- eta hezkuntza-proposamenak eta ongizatea izenekoa, Educorekin elkarlanean. Graduondoko hori Unibertsitateko aditu titulua da, eta gazteekin lan egiten duten mota guztietako profesionalei zuzenduta dago. Diziplina anitzeko prestakuntza eman nahi die ekitatetik eta berrikuntzatik ingurune seguruak bermatuko dituzten proposamenak, estrategiak eta esku-hartzeak garatzeko gai diren profesionalei, haurren, nerabeen eta gazteen ongizatea sustatzeko. 

30 plaza eskainiko ditu, eta izena emateko epea zabalik dago eta uztailaren amaieran itxiko da. 

Haur, nerabe eta gazteei begirunez begiratzea da helburua, ongizatea bermatuko duten ikaskuntza-espazioak sortuz. Horrela, errespetua, eskubide- eta aukera-berdintasuna bermatzen duten esperientziak eta jardunbide egokiak ezagutuko dira, alderdi emozionala eta ongizatea kontuan hartuta. Pedagogia aktiboak gidatzen dituzten printzipioetan ere sakontzen da, psikodramaren, pedagogia sistemikoaren edo neurozientziaren teknika aktiboak eta bizipenezkoak txertatuz hezkuntzaren eta gizartearen esparruan. 

Emozioari, arteari, mugimenduan dagoen gorputzari eta espazioari balioa emateko proposamenak egingo dira, ikaskuntza-espazioetan mindfulness eta yoga estrategiak txertatuz ikaskuntza adierazgarrirako eta hezkuntza-prozesuen laguntzarako oinarri gisa. 

Hainbat unibertsitatetako profesional entzutetsuek parte hartzen dute, hala nola Bartzelonako Unibertsitateko David Bueno, Pax Dettoni edo Nerea Mendizabal, eta hainbat erakundetako profesional eta teknikarietan, hala nola Educo, Bidegintza, Donostiako Udaleko Osasun Saileko eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saileko Berritzegune Nagusiko profesionaletan eta teknikarietan. 

Graduondokoari buruzko informazio gehiagorako:  

https://www.ehu.eus/eu/web/graduondokoak/gizarte-hezkuntzako-proposamenak-ongizatea-haurtzaroan-nerabezaroan-gaztaroan-unibertsitateko-aditua