euskaraespañol

UPV/EHUko ikasleak CERNera

Astebetez hartuko dute parte Terraforming workshop-ean, ikerketa-guneak Genevan duen egoitzan

  • Kronika

Lehenengo argitaratze data: 2022/11/17

Irudia
CERNera joango diren ikasleak, erakundeetako ordezkariekin batera | Argazkia: Nuria González. UPV/EHU.

Design The Future (Terraforming) lantegiari esker, UPV/EHUko hamabi ikaslek aukera paregabe bat dute Genevan (Suitza) Ikerketa Nuklearrerako Europako Erakundearen (CERN) erronketan parte hartzen duten ikertaldeen eguneroko lanarekin bat egiteko. Hautatutako pertsonak Arabako Campusean matrikulatuta daude edo, Gasteizen helbideratuta egonda, UPV/EHUren beste campus batzuetan matrikulatuta daude.

Zehazki, hautatutako ikasleak izan dira Álvaro Díaz Moreno, Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia Fakultatekoa; Daniel Cuenca, Vitoria-Gasteizko Ingeniaritza Eskolakoa; Marcos Neira, Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultatekoa; Unai Díaz de Guereñu Cabeza, Vitoria-Gasteizko Ingeniaritza Eskolakoa; Udane Uriarte Tellitu, Vitoria-Gasteizko Ingeniaritza Eskolakoa; Aitziber Fernández de Betoño, Zientzia eta Teknologia Fakultatekoa; Sara Jurado, Bilboko Ingeniaritza Eskolakoa; Zuriñe Eraña Pérez, Farmazia Fakultatekoa; Leire Lazcano Zapatera, Letren Fakultatekoa; Oier López de Suso Echevarría, Vitoria-Gasteizko Ingeniaritza Eskolakoa; Andrea Belver Fernandez, Hezkuntza eta Kirol Fakultatekoa; eta Iván Gallego Cuesta, Ekonomia eta Enpresa Fakultatekoa.

Hautatutako ikasleek astebete igaroko dute CERNen, unibertsitate kolektiboaren eta ikerketa zentro horretako komunitate zientifikoaren artean sinergiak ezartzeko. Egonaldian, ikasleentzako prestakuntza jarduerak sustatuko dira, planetaren jasangarritasunean gaur egun eta etorkizunean eragin positiboa izango duten ideiak eta proiektuak sortzeko beharrezko tresnak emango dituztenak.

Lantegiaren beste alderdietako bat da ekintzailetzako ideia eta proiektu berritzaileak lantzea, irtenbide teknologiko jasangarriak eta ekonomia zirkularrarekin eta jasangarritasunarekin lotutakoak emango dituztenak. Horretarako, teknologiak etorkizuneko agertoki batera estrapolatuko dira, beste Lur planeta batean zibilizazio jasangarri bat ezartzeko, eta, ondoren, atzea egin eta gure planetan diegun erronkei aurre egiteko ikaskuntzak eta irtenbide posibleak aplikatzeko.

Bidaia- eta ostatu-gastuak UPV/EHUren kontura izango dira, eta, horrez gain, parte hartzaile bakoitzak 400 euroko laguntza poltsa bat jasoko du, mantenu gastuak eta ostatutik CERNera egunero egingo dituzten bidaiak ordaintzeko.

Jarduera hori INIZIA Araba Campus programaren barruan dago. Programa hori, bada, Arabako Enpresa eta Berrikuntza Gunearekin (BIC Araba) lankidetzan egiten da, eta ekintzaileak sustatzea, aholkatzea eta laguntzea du helburu, baita unibertsitate komunitatearen barruan enpresa berritzaileak eta oinarri teknologikokoak sortzea ere.