euskaraespañol

Anibal M. Astobiza

WorldCoin: loratzear den kriptoburbuila edo teknologia eraldatzailea?

Doktorego osteko ikertzailea, zientzia kognitibo eta etiko aplikatuetan aditua

  • Cathedra

Lehenengo argitaratze data: 2023/09/07

Irudia

Artikulu hau jatorriz The Conversation-en argitaratu da.

John Oliver estatubatuar nazionalizatutako aurkezle eta komiko britainiarrak iradokizun zorrotz bezain argigarria egin zuen kriptomoneten gainean, adieraziz ezen "diruaz ulertzen ez duzun guztia gehi informatikari buruz ulertzen ez duzun guztia" direla. Adierazpide horrek, umorezko burutazio hutsa izatetik urrun, ezin argiago jasotzen du kriptomoneten konplexutasun multifazetikoa eta izaera enigmatikoa.

John Oliverren konparazioak ere islatzen du ekonomiaren eta informatikaren moduko diziplinen bat egite edo konbergentzia, nabarmenduta kontzeptuok publiko orokorraren aurrean berariaz agertzen duten eskuraezintasuna. Ulertze ez hori nahaste huts batetik harago doa: finantza merkatuetan eragin nabarmena izan du, kriptomonetei lotutako zenbait finantza burbuilatan ere agerita.

Bitcoin baten (kriptomoneta bat) prezioa ia 20.000 dolarretaraino iritsi zen 2017ko abenduan, hurrengo urtean balio horren bosten bat baino gutxiagotara erori aurretik. Prezioa 19.395 dolarretan zegoen 2017ko abenduaren 18an, eta 3.220 dolarretan 2018ko abenduaren 16an.

Hori izan zen bitcoinaren prezioak izan duen azken mikroburbuiletako bat, kriptomoneta 2009an oldar sortu zenetik.

WorldCoin nahi handiko esperimentua da, adimen artifiziala barne hartzen duena

2023ko uztailaren amaieran WorldCoin abiarazi zen, Sam Altmanek eta Alex Blaniak sortutako ekosistema kripto bat.

Altman, OpenAIko zuzendari exekutiboa, funtsezko ekintzailea da adimen artifizialaren aurrerabidean (IA), ChatGPT bezalako garapenak barne.

Blaniari dagokionez, Tools For Humanity enpresa teknologikoaren sortzaileetako bat da, sistema ekonomiko bidezkoago baterako tresnak garatzea proposatzen duena.

WorldCoinek hirugarren aldagai bat sartzen dio kriptomoneten ekuazio konplexuari: adimen artifiziala. Osagai hau, jendeak, oro har, are gutxiago ulertzen duena, jauzi kualitatibo oso esanguratsua da, teknologia finantza esparrutik harago aplikatzen baita. Finantzen mundutik mundu digitalera egin dezake salto, eta, ondorioz, gutako askoren bizitzetara.

WorldCoin kriptomoneten, teknologiaren eta IAren arteko bidegurutzean kokatutako esperimentu handinahia dugu, izan ditzakeen bideragarritasuna eta eragina oraindik zehazteke daudelarik.

Tentu handia WorldCoinen etorkizunaren aurrean

Burbuila espekulatiboen eraketari buruzko eredu teorikoei jarraiki, WorldCoinek hasierako etapa klasikoak pasa ditzake: gogo bizikoa talde murriztu batean, publiko zabalago batera hedatu, euforia mediatikoa eta, azkenik, uzkurdura.

Denborak, beste inork ez du esango hori egiazki gertatuko den edo WorldCoinek proiektu jasangarri gisa sendotzea lortzen duen. Alabaina, zuhurki analizatuz gero, iradoki beharra dago zuhurtziaz jokatu behar dela espekulazio potentzialaren aurrean, eta hurbiletik monitorizatu teknologiaren benetako harrerari, kapital fluxuei eta adituen iritziei buruzko metrikak. Eszeptizismo osasuntsuak aukera ematen du era honetako ekimenen potentzial berritzailea orekatzeko, teknologia disruptibo ororen hastapenetako arriskuak arrisku.

Ez dut apusturik egin nahi, baina esan nezake WorldCoinekin ideia zabaltzen eta ezagun egiten deneko fasean gaudela, komunikabideek bere oihartzuna jaso eta publikoak bere egiten duenekoa.

Zer eta nola funtzionatzen da WorldCoin

WorldCoin kripto ekimen handinahi bat da, finantza sistema global inklusibo bat sortu nahi duena, beste kriptomoneda bat izatetik harago. Finantza zerbitzu aurreratuak berdintasunez eskuratu ahal izateko ekosistema oso bat eraikitzea du helburu. WorldCoinek kriptomonetak demokratizatu nahi dituelako, hauen onarpen masiboa erraztuz.

Oztopo eta barrera ohikoak ezabatzea du helburu, hala nola konplexutasun teknologikoa eta finantza jakintza aurreratuaren beharra. Horrela, erdietsi nahi dute edozein pertsonak, bere kokapena edo hezkuntza edozein dela, ekonomia digital globalera hurbildu eta bertan parte hartzeko aukera izatea.

Asmo handiko helburua, baina beharrezkoa kriptomoneten ahalmen inklusiboa gauzatzeko.

Identifikazio pertsonaleko sistema globala

WorldCoin "blockchain" teknologia erabiltzen duen kriptomoneta da. "Blockchain" datu-base partekatu eta deszentralizatua da, txanponaren transakzio guztiak erregistratzen dituena. Horregatik, WorldCoin gardena, segurua eta fidagarria da.

Nortasun digitala eta egiaztapena azpimarratu eta berrestea da WorldCoin gainontzeko kriptomonetetatik bereizten duena. WorldCoinek egiaztapen prozesu bakarra erabiltzen du parte hartzaile bakoitza benetako pertsona bat dela bermatzeko: erabiltzaileen irisa eskaneatzea. Horrela lortzen du, gizakiekin ari delako baieztapen biometrikoa.

Hortaz, WorldCoinek dualtasun interesgarria aurkezten du: alde batetik, kriptomoneta bat da, baina, bestetik, identifikazio digitalerako sistema global bat izan daiteke. Izaera bikoitz hori funtsezkoa da ulertu ahal izateko bere proposamena finantzen mundutik askoz ere harago doala.

WorldCoin ondasunak erosi eta saltzeko moneta bat baino askoz gehiago da. Finantza eta gizarte aplikazio askotarako plataforma gisa funtzionatzea da ikuspegia. Dimentsio sozialetik eta, zehazki, identitate digitalari dagokionean, kontzeptu hori funtsezkoa eta osagarria da kriptomoneten eta inguruan duten konplexutasun teknologikoaren inguruko solasetan.

Azken batean, gero eta beharrezkoagoa da identitate seguru eta egiaztagarriaren beharra, finantza teknologiak eta informatikak, adimen artifiziala (IA) lagun, paradigma konplexuagoetarantz egiten duten heinean.

Identitate digitalaz ari garenean, pertsona, erakunde edo gailu baten lineako irudikapenaz ari gara. Berariaz dakartza ezaugarri eta kredentzial egiaztagarri batzuk, hala nola izena, helbide elektronikoa, jaiotze data eta IP helbidea.

Oinarrizko errenta unibertsalak ezin du banakako eskubiderik urratu

Aurrera egin aurretik, WorldCoinek aztertu behar ditu esperimentu global honen inplikazio etikoak eta abusu potentzialak. Oinarrizko errenta unibertsalaren utopia ezin da lortu eskubide indibidualak eta kolektiboak urratuta, bereziki historian zehar zapalduta egon diren nazioetan. Ikuspegi deskolonizatzaileak derrigor eskatzen du argitzea nork duen benetan ekimen horren onura eta zein baldintzatan hedatzen den handik eta hemendik.

Bestalde, zaila da zer pentsa era honetako ekimenen aurrean. Ekimen ameslaria izan daiteke, online identitate digitalaren arazo serio bat konpondu, oinarrizko errenta unibertsal bat arrakastaz ezarri eta funtzio eta erabilera ugari ahalbidetuko dituen plataforma deszentralizatua osatuko duena. Baina, eskrupulurik gabeko enpresarien ekimena ere izan liteke. Agian, egokiena litzateke bi muturrak gehiegizkoak direla eta errealitatea tarteko puntu batean dagoela pentsatzea.

Edonola ere, WorldCoin kriptomonetak demokratizatzeko asmo handiko apustua da, finantza sistema globala eralda dezakeen ikusmolde inklusibo batekin. Alabaina, lezakeen etorkizun handiak hainbat erronka du aurretik, oraindik soluzio argirik ez dutenak segurtasunaren, erregulazioaren eta etikaren arloan.

Garrantzitsua da ezkutuko arriskuez jabetzea, baina garrantzitsua da, halaber, teknologia horren eraldatzeko ahalmena gogoratu eta aintzat hartzea. Hala eta guztiz ere, erabiltzaileen erabaki informatuak beste ezerk ez du balioko WorldCoinen gaineko epaia osatzeko.