euskaraespañol

Xabi Arbuluk irabazi du UPV/EHUk eta CodeSyntaxek 'Egunean Behin' jokoaren inguruan sortutako lehiaketa

Galdetegi sistematikoak eta automatikoak sortzea zen lehiaketaren helburua

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2020/03/25

Xabi Arbulu informatika ingeniariak aurkeztutako 'Erloju-orduak' proiektuak 'Egunean Behin' jokorako galdera-sistema automatikoak sortzeko lehiaketako lehen saria (500 euro) lortu du. Lehiaketa Euskal Herriko Unibertsitateko Informatika Fakultateak eta Gipuzkoako Campuseko Errektoreordetzak bultzatu dute, CodeSyntax enpresarekin elkarlanean.

Epaimahaiak bere epaian nabarmendu duenez, "Programazio erraza eta eraginkorra izateaz gain, egileak beste 5 galdera-sistema bikain aurkeztu ditu. Gainera, galderen sistema horrek balio berezia izango du euskara ikasten ari direnentzat ".
Halaber, epaimahaiak 5 accesit eman dizkie proiektu hauei, 100 euroko diru-hornidurarekin:

  • EH-eskualde-mapak (Javier Cabau Laporta eta Olga Ibáñez Solé)
  • Labirintoa (Gorka Urbizu)
  • Elhuyar-definizioak (Mari Susperregi)
  • Kubo-kontaketa (Ander Salaberria)
  • Bi-aktore-eta-Japoniera (Cecilia Domingo)

Otsailean hasi zen 'Egunean Behin' euskarazko jokoaren hirugarren denboraldia, CodeSyntax enpresak garatutako galdera eta erantzun joko batean oinarritua. Edizio honetan Euskal Herriko Unibertsitateko Informatika Fakultateak eta Gipuzkoako Campuseko Errektoreordetzak, CodeSyntax enpresarekin elkarlanean, joko horretarako galderen sistema automatikoak sortzeko lehiaketa antolatu zuen. Guztira 20 lan aurkeztu ziren lehiaketa honetara, eta horietatik 9, azken faserako hautatu zituzten; irabazlea Xabi Arbulu izan da.