euskaraespañol

Laura Isabel Arellano García

Zer dira mikrobarazkiak eta zergatik da gomendagarria gure menuan sartzea

Farmazia Fakultateko ikertzailea

  • Cathedra

Lehenengo argitaratze data: 2023/12/05

Irudia

Artikulu hau jatorriz The Conversation argitalpenean aurki daiteke.

Nahiz eta  dieta mediterraneoa izan tradizionalki Espainiako eta inguruetako herrialdeetako elikadura patroi nagusia, azken 50 urteetan okzidentalizazioa jasan dugu eta gure plateretan islatu da. Denok dakizkigu barazkien eta fruten onurak, baina 40 herrialdek baino ez dute (munduko biztanleriaren % 36k) elikagai horiek sarri kontsumitzeko aukera.

Bizi estilo osasuntsuagoak jarraitzeko gero eta interes handiagoa dagoenez, elikagaigintza eta komunitate zientifikoa aukera berriak garatzen ari dira, kontsumoa askotarikoa izateko eta elikagai osasungarriak eskurago izateko. Eta aukera horietako bat ‘microgreens’ edo mikrobarazkiak delakoak dira, gero eta ospetsuagoak. Orain arte denda espezializatuetan eta lineako komertzioetan baino egoten ez ziren arren, gaur egun gero eta gehiagotan aurki daitezke azalera handietan.

Txikiak bezain gozoak (eta oso osasungarriak)

Mikrobarazkiak landatu daitezkeen landareetatik lortzen dira, hala nola ortuari edo zerealetatik. Izen hori ematen zaie, hazia ernetzen denetik 7 eta 21 egun bitartean biltzen direlako. 3 eta 10 cm artean neurtzen dute eta zurtoinaren zati bat, kotiledoiak (enbrio-hostoak) eta landarearen egiazko lehenengo hostoak baino ez dituzte izaten.

Maila agronomikoan, hazkunde-aldi oso laburra izaten dute eta mantentze-lan txikiagoa, ohiko laboreekin alderatuta.  Argiztapen eta hazteko substratu (lurra, koko zuntza, bitarteko hidroponikoa…) beharrak malguak dira, ondorioz, hainbat ingurutan landu daitezke inolako arazorik gabe.

Alderdi gastronomikoari dagokionez, gozoki txiki horiek zapore handia eta ehundura interesgarria izaten dute, aroma eta kolore exotikoak izateaz gain. Eta ezaugarri nutrizionalei dagokienez, landare “funtzionalak” direla esaten da, nutrienteen edukia dela eta, horien kontsumoa osasun egoera hobearekin lotzen baita.

Mikrobarazkiek mikronutrienteak izateaz gain (burdina, zinka, potasioa, kaltzioa, manganesoa edo selenioa, besteak beste), gaitasun bioaktiboa (fitokimikoak) duten molekulak dituzte, hau da, kontsumitzailearen osasunarentzako ondorio onuragarriak dituztenak. Elikagai hauetako fitokimikorik ugarienak azido askorbikoa, filokinonak, α-tokoferol, β-karoteno, tipo fenolikoko antioxidatzaileak, karotenoideak, antozianinak eta glukosinolatoak dira.

Landare helduetan (kontsumitu ohi ditugunetan) ere osagai horiek badauden arren, mikrobarazki estadioan kopuru askoz handietan egoten dira. Adibidez, bertsio ‘mikroko’ aza gorriak 260 aldiz gehiago du betakarotenoa eta 6 aldiz azido askorbiko gehiago, landare helduak baino (kopuruak, elikagaiaren 100 gramoko).

Mikrobarazkien beste alderdi nutrizional interesgarri bat antioxidatzaile fenolikoetan duen edukia da. Bigarren mailako metabolito horiek jarduera metabolitkoaren hobekuntzarekin lotu dira (malnutrizio kasuetan alteratua normalean); izan ere, oxidazio erreakzioak abiatzea prebenitzen dute erradikal libren bidez eta hantura murrizten dute. Alderdi horretatik, brokolia dugu txapeldun, antioxidatzaile fenolikoen kopurua beste barazkietan baino 10 aldiz handiagoa baitu.

Ingurumenaren aliatuak

Gutxi balitz, landare txiki horiek ingurumenaren aliatuak ere badira. Hazkunde-aldi laburra dutenez eta malgutasun handia ere bai, landare helduek baino ur gutxiago behar dute (158 eta 236 aldiz gutxiago, brokoliak esaterako). Gainera, ez dute behar ongarririk, pestizidarik edo banatzeko garraiobide handirik.

Argiztatze baldintzei dagokienez, bigarren mailako metabolito batzuen kopurua (lehen aipatutako konposatu bioaktiboena, esaterako) aldatu egiten dela argi motaren arabera. Are gehiago, azterketa baten arabera, argi urdinaren eraginpean egonez gero aldi laburretan, mikrobrokoliek karotenoide, glukosalinato eta mineral eduki handiagoa dute.

Abantailak besterik ez

Hori guztia jakinda, mikrobarazkiek tresna bat gehiago eskain dezakete malnutrizioa duten pertsonen gabezia nutrizionalei eta alterazio metabolikoei aurre egiteko. Barietate batzuekin egindako azterketen arabera, ondorio onuragarriak dituzte obesitateabihotz-hodietako arazoak edo diabetesa dituztenentzat.

Nazioarteko erakundeek egunean bost fruta eta barazki anoa kontsumitzeko gomendatzen dute, heriotza-tasa txikiagoarekin zerikusia duelako, eta jarraibidea ez da betetzen, zenbait arrazoiren ondorioz. Hamaika abantaila dituenez, landatzeko erraza denez eta nutriente kopuru handia, mikrobarazkiak lagungarriak izan ditzakegu gomendio horiek errazago bete ahal izateko.

Elikagai berri horien onurak zehazteko azterlan gehiago egin behar den arren, gure gastronomian agertu dira eta etorkizun oparoa izango dutela dirudi.